PZKb etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
PZKb etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

Pazkoa: Igokundea

JAUNAREN ZERURATZE DOMEKEA  /B

HITZALDIA

 

Senideok: gaurko Liturgian Jesus Jaunaren Igokundea edo Zeruratzea ospatzen dogu. Igokundea edo Zeruratzea esatean, gorantza begiratzen dogu, zerua goian balego lez, hori lehengo kosmobisinoa edo mundua ulertzeko lehengo erea dala konturatu barik. Baina gaur egun ulertu geikela, uste dot, leku alderdi berbok (goia, behea, eskumaldea, ezkerraldea, iparra, hegoa eta abar) ezer gitxi iragarten dabela ludi edo lurbira honetatik Unibertso zabalera urten ezkero. Han, zeri esango geuskio goia, edo behea, edo aurrekaldea…?

Gaur euki geiken ikuspegi barri honetatik, ba, Jesus Jaunaren zeruratzea txarto ulertu izan dogula esan behar dogu, eta, txarto ulertu izan dogulako, gugan eragin txikia izan dauala, edo eraginik ez dauala izan, autortu behar dogu. Ez gara heldu Lukas ebanjelariak esan gura deuskuna ulertzera, hau esatean: "Gorantz igon eban Jesusek hareen begi aurrean, hodei batek begietatik ezkutatu eutsen arte", eta Jesusen aintza goian, hodei artean-edo balego lez hartu dogu.

Hori alde batera itzi eta Jesusen despedidako hitzak hartuko bagenduz, beste zeozer ulertuko geuke, eta eraginik ere izango leuke gure eguneroko bizitzan, gora begira gelditzeak emon ez deuskuna, eta emongo ere ez.

«Zerura igon aurretik —dinosku Lukasek, Apostoluen Eginak Liburuaren hasieran— Espiritu Santuaren eraginez aginduak emon eutsezan Berak aukeratutako apostoluei… “Ez alde Jerusalemdik. Zagoze han Nik Aitaren partetik egin deutsuedan agintzariaren zain. Joanek urez bateatu eban; baina zuek Espiritu Santuaz izango zaree bateatuak egun gitxi barru”».

Hau da: Jesusegaz egindako denpora guztia gitxi izan da haren barri eukiteko, ha ulertzeko eta harek euren esku izten dauana garatu ahal izateko. Espirituaren beharra dauke. Espirituarekin bateatuak izan daitezanean Jesusen lekuko eta autorle izango dira inguru guztietan.

Senideok: gaur ospatzen dogun jaiaren esangureak gure bizitzan eragina izan daiala gura badogu, Jaunaren Espirituaz bateatuak izan behar dogu, eta haren eraginaz gure eguneroko bizitzan haren autorle garala ikusi behar dogu.

Espiritu hori geure barruan dogu, sakonean, eta han sartzen ikasi ezik, azaletik bizi izango gara, eta azalekoak izango gara. Ez dozue uste Jesusen autorle izatea barik, gure hil ondorengo saria bilatu izan dogula? Sakonetik bizi izatea da hori, ala norbere buruagan baino ez pentsatzea?

Gaur Komunikabideen jardunaldia ere badogu. Konturatzen gara inoiz baino barri-emoile eta komunikabide gehiago doguzala? Baina, zelan darabilguz? Alkar hezteko, alkar aberasteko eta alkarri laguntzeko darabilguz, ala ahalik eta etekinik handiena eta bizkorrena lortzeko?

Senideok: gure sinismena eraginkorra izan dakigula gura badogu, sakoneratzen ikasi behar izango dogu: otoitzari eta ebanjelioari garrantzi handiagoa emon behar izango deutsegu, eta halantxe garala gure inguruan Jesus Jaunaren autorle sumau behar izango dogu. Bestela, zerura begira geldituko gara.

 

(Edo… )

 

Zer sumatzen dogu, senideok, Jesus Aitagana joatean? Umezurtz geratzen garala? Gureak egin dauala? Gure uste guztiak pikutara joan dirala? Hobe izango litzatekela beragana hurreratu ez bagina, edo ezagutu ez bagendu, orain bera barik gelditzen garala-ta? Behar bada, hori guztihori eta gehiago ere bai. Baina zuzena ete da hori sumatzea? Aztertu daigun apur bat.

Umetxo batentzat ama galtzea hori guztihori izan daiteke. Baina gu ez gara umeak, ezta? Ala sinismen mailan bai, beste gauza danetan heldutasunera heldu bagara ere? Behar bada. Eta horretan geuk, abadeok, astindu behar izango geuke gure bularra "mea culpa" autortuz. Sinistunaren eta eleiztarraren ia ardura guztiak geuk eskuratu doguzalako, eleiztarra arduragabekerian itziz. Baina hori ere ez da egia osoa. Aspaldi danik (abadeen urritasuna sumatzen hasi aurretik, Eleizbarrutiko Batzar Nagusiaren ondorio lez) Eleizea guztion artean eta ardurakidetasunean eraikiko gendula esaten gendun. Geure berbea emon gendun eta parrokia gehienak hasi ziran kontseiluak eratzen, liturgiarako eta katekesirako taldeak eratzen eta indartzen, eta eleizako ardura asko jarri ziran laikoen eskuetan, leku batzuetan "abadeari andrek agintzen deutsoe" esateraino. Eta baita abadegoaren urritzeari usain hartuz hainbat lekutan abade bako eleizkizunak egiteari ekin jakon, eleiztar askok, mespresuz, andren mezak deitzen bazituen ere.

Hau da: Jesusek umezurtz ez zitula itziko agindu eutsen ikasleei, eta komeni zala bera joatea, bestela ez ebela-ta Espirituaren barri izango. Zertaz ziharduan, ba? Ba heldu zala unea erakutsi gura izan eutsen: heldu zala euren ordua. Maisuaren inguruan ikasitako guztia gauzatzen hasteko ordua; guzti horren autorle, edo testigu izateko ordua; autorletza edo testigutza hori inguru guztietara zabaltzeko ordua: ardurak hartzeko ordua. Eta bultzatzaile, laguntzaile, eragile Espiritu santua.

Ez eben egingo Maisuak berak egiten eban lez, baina haren antzera egiten ahaleginduko ziran, euren erara egin arren. Eta arazo larriak zelan sortu, halan erantzuten ahaleginduko ziran, Maisuaren esanetara. Ze dinamikatan? Alkartu, otoitz egin, barau eginez Espirituari deituz eta erantzun bateratsu bat bultzatuz.

Gatozan gure gaurko egoerara. Zein litzateke Jesusen gogoko jokabide? Abade barik gelditzen garala-ta, atsekabez, negar egitea? Dana bertan behera laga eta auzora ihes egitea? Ala alkartu eta, otoizgiroan, Jainkoari aukera hau eskertzea?

Bada ordua, senideok, abade urritasunez bada ere. Behartuak gagoz. Aurrera jarraitu gura badogu, sinismena eta eleiztartasuna aintzat hartzen badoguz, lanean jarri behar dogu. Bakotxak dakiguna alkarren zerbitzuan jarten, Jesukristoren testigu gaur eta hemen izaten, eta haren barri gure berbeaz eta bizitza jokabideaz eta sinismena ospatzeaz emoten.

Heldu da geure ordua. Emon daiguzan eskerrak. Zelan? Lehenengo ta behin, alkartuz: otoitzerako, Jainkoa goresteko eta gure arteko hartu-emonak eta alkarren ardurea sendotzeko, Jainkoak guri deuskun maitasunaren testigu izateko. Baita Jesus Jaunaren bizitzaz, hitzaz eta ereduez jabetzeko ere, Jainkoaren hitza entzunez, eta Gurejauna gure artean bananduz; eta gure arteko, auzoko eta herriko behartsuei leguntzeko. Horretarako behar gaitu Jainkoak eta emoten deusku bere Espiritutik eta alkarrenganatzen gaitu bere deiez.

 

OTOITZA 

 

Jesus Jauna: zure zeruratzean
eginkizun bat jarten deuskuzu eskuetan,
eta, bete ahal izateko, Espiritu santua agintzen.
Bai dozula gugan ustea, Jauna!

Eta guk beste gauza batzuetan dogu burua:
gure artean handiena nor dan,
edo zure erreinuan lehenengoa nor ete,
edo beste zenbat mundukeriatan, Jauna!

Gure egunotan Jainko-egarririk ez dagoalako,
edo azaleko gauzetan galdu garalako…
Jantzi gaizuz zeure Espirituaz,
gizaki barri, bake-zale eta solidario izateko.

Errespetatu daigula gure ingurua eta zaindu;
ondasunen banantze zuzena bultzatu daigula;
etorkinen harrera oneko izan gaitezala
eta behartsuaren ondoan egon gaitezala.

 

 

Pazkoa: 6. Domekea /B

PAZKOALDIKO 6. DOMEKEA  /B

HITZALDIA

 

    Senideok: gizaldietan ulertu izan da gaixotasuna Jainkoaren zigor lez. Zelan ulertuko dogu, ba, orain Jainkoaren bedeinkazino lez? Non dago gaixotasunaren alderdi ona —alderdi onik badauka, behintzat—. Ama seme-alabarik makalenaren alde eta haren ondoan dagoan lez esan geike dagoala Jainkoa makalaren, gaixoaren, ondoan eta haren alde. Baina inork ez dau izan gura makala edo gaisoa, Jainkoa bere ondoan egon daiten…

    Hori egia izan arren, ez dogu azaletik baino begiratu. baina sakonago begiratuko bagendu, apur bat aztertuko bagendu… beste hauxe ere aurkituko geuke: Jainkoa makalaren ondoan (edo behartsuaren ondoan) dagoan lez, geu ere makalagoaren ondoan egotera deituak gagozala. Hau da: makaltasuna, gaixotasuna, Jainkoaren dei lez hartuko geuke, eta harek guri deuskun maitasuna gauzatzeko era lez. Ulertuko geuke Joanek dinoskuna: Jainkoa maitatzeko era bakarra dago: senidea maitatzea.

    Ez da, ba, Jaikoa maite dogula uste izatea, benetan maitasun hori senide batengan gauzatzea baino. Eta behartsua da, gehienbat, horretarako lekurik garbiena.

    Bihozbakoa izan behar da behartsuagana on egiten ez hurreratzeko. Behartsuak berez itxartuazoten dau gure errukia, eta errez hurreratu geintekez harengana laguntza eskeintzen. Alde horretatik, ba, ulertzen dakianarentzat eta sinismenetik begiratu ezkero, beharrizana, gaixoaldia… bedeinkazinoa da maitasuna gauzatzeko aukerea emoten daualako.

    Baina horixe!: sinismen begiez begiratu behar, eta sinismenez jasan behar laguntza onartzeraino eta eskertzeraino. Eta, egia esan, bakotxak geure buruaren jabe eta jaun izan gura dogu, inoren laguntza preminarik bakoa.

    Horregaitik dogu ona Gaixoaren Pazkoa: guzti hori hausnartuz, guzti horretaz jabetzeko…, asko heldu diran mailaraino heldu arte!: gaixoaldiari arreba gaixoaldia deitzeraino; gaixoaldia bera Jainkoaren bedeinkazino lez hartzeraino. Bai behar dala sinismena horretarako!

    Senideok: ez dogu uste izan behar danok izan behar dogula gauza gaixotasuna bedeinkazino lez onartzeko; edo danok izan behar dogula gauza gaixoaren ondoan egonik haren aieneak gozatzeko… Baina bai izan geintekezala danok gauza gaixotasuna eroaten dakiana txalotzeko, edo gaixoen laguntza euren bizia emoten dabenak aintzat hartzeko eta euren lana eskertzeko… 

    Ez dau norberak dana egin behar: danon artean eraiki behar dogu Jainkoaren erreinua, bakotxak bere garaua ezarriz.

    Irakatsi deigula, ba, Gaixoaren Pazko honek, eta hausnartuazo, zein maiteak gaitun Jainkoak. Ez gaizala ezerk aldendu maitasun horretatik, ez gaixoaldiak ez beharrizanak; eta holangorik somatzen dogunean, hartu daigula gaixoaldia edo beharrizana Jainkoak deuskun maitasuna gauzatzeko aukera lez. Jainkoa maitatzeko era bakarra dagoalako: senidea maitatzea. Hauxe da Jesusek lez maitatzea.

 

 

(Edo… )

 

Senideok: Pazkoaldiko irakurgaiei erreparatzen badeutsegu, gure siniskerea argituta eta aberastuta aurkituko dogu, batez ere lehenengo irakurgaian Jesusen lehenengo ikasle eta jarraitzaileek euren jarraipena zelan garatu eben, zelango eragozpenak aurkitu ebezan, eta zelango erantzunak emoten eutsoezan aurkitu geikelako. Sinismenak erronken aurrean jarten gaitula ikusi geike, ebatzi beharraren aurrean jarten gaitula, eta erne bizi izatera behartzen gaitula. Jesusen jarraitzaile izatea edonorentzat ez dala esan eta autortu behar izango geuke, ba.

Gaurko leghenengo irakurgaian pagano munduko baten (Kornelio izenekoaren) erantzuna, eta honi aurrez-aurre jarten jakon erantzuna (hau Pedrok emona) aurkitzen doguz. Korneliok, Pedrori honen oinetara ahozpeztuz egiten deutso harrerea; eta honek azalpenak emoten deutsoz Korneliori haren etxean sartzeko orduan, zutunduazoz eta biak gizaki dirala (bardinak) argi jarriz.

Judeguek galazota euken paganoen etxean sartzea, eta debekatuta eukezan jakiak ahoratzea… Eta Pedro paganoaren etxean sartzen da, eta debekatutako janariak jaten dauz… Jainkoaren legeko ezarpenak barik geure, gizakion, ezarpenak, ohiturak eta debekuak diralako. Ze ondorio ataraten dau Pedrok? Jainkoak bere gogoa egiten dauana maite eta onesten dauala; eta hau, beste edonorengana, senide lez hurreratzean eta bestea senide mailan hartzean agertzen da. Ez da, ba, Pedro bestea baino ahaltsuagoa, santuagoa, edo harek jaten dauana bestearena baino sakratuagoa… Zenbat daukagun ikasteko, senideok!

Lehenengo ta behin: Berbiztuagan sinisteak ez gaitu beste inor baino hobeak edo sakratuagoak egiten; bai behartzen gaitula Jainkoaren nahia bilatzera eta betetera. Eta, bigarrenez, ez daiguzala lege, arau, ohitura eta debekuak Jainkoaren gurari lez hartu, harek gura dauana gure arteko senidetasuna da-eta; hau da: alkar aintzat hartu daigula, alkarri zerbitzu egin deiogula, eta alkar maitatzea bideratu daigula.

Hau autortzeak, gure jokabidea —bakarrekoa eta alkartekoa— aztertzera garoaz, Pedro bera eroan eta bere jokabidea zuzentzera eroan eban lez. Zelan egin geike hau?

Gure jakintza-iturria Ebanjelioan bilatu eta aurkitu behar dogu, senideok. Gu esanekotasunean irakatsiak izan gara, eta, gehienbat, esaneko izaten ahalegindu gara. Baina gaur egun gatx egiten jaku esaneko izatea bera ere, era askotako erantzunak ikusten doguzalako, eta, sarritan, guk emongo geuken erantzuna ez dalako eskatzen edo agintzen jakuna…

Hau dala-ta, askok Eleizatik ihes egin badau, gure eleiz alkarteak urritu eta zaharkitu badira, gure umeak gure artetik laster baten aldentzen badira, eta gure arteko nagusi askok edozein atxaki badau nahikoa, mezea telebistaz entzuten dauala-ta, etxean gelditzeko, ez ete dogu, horren aurrean, gure jokabidea eta erantzunak aztertu behar, eta ez beste ezer, Ebanjelioaganako zintzotasuna baino bilatu behar?

Gure Eleizbarrutiak galbaheketa (edo diszernementu) aldia izentatuz, hainbat talde jarri dauz lanean, gure Eleizearen gaurkotzea bultzatzeko asmotan; egoera larri honi zelan erantzun behar deutsagun bilatzeko, eta behartsuen ondoan zelan egon ikasteko…

Eta ez uste izan eragozpenik aurkitzen ez dauanik; eta hau eliztar asko eta askorengan, eta abade ez gitxirengan! Zergaitik? Asko eta asko bildur diralako; danok ere komodoak garalako; eta gatx egiten jakulako orain arte euki doguna galdu beharra daukagula autortzea.

Bai, senideok: horrenbeste eleizkizun hotz eta gogaikarri barik Ebanjelio gehiago behar dogu. Honen inguruan alkartu behar dogu otoitzean hausnartzeko, Jainkoak zer eskatzen deuskun eta eskakizun horri zelan erantzun geikeon alkarregaz ebazteko. Eta hauxe litzateke abadeok bultzatu gura izango geukena. Aurkituko ete dogu harrerarik eta erantzunik eleiztarrongan? Otoitz egin behar izango dogu, eta ez gitxi!

 

OTOITZA 

 

Zein gauza ederra, Jauna, Pedrok Korneliori,
zutunduazoz, dinotsozan berbak: biok gara gizaki,
ahuspeztea Jainkoaren aurrean baino ez
egiteko gauzea balitz lez agertuz.

Ikasi daigula keinu horretan
norbere burua bestea baino handiagoa ez ikusten,
estea aintzat hartzen eta errespetatzen,
eta, beragaz batera, berea dan guztia ere.

Ikasi daigula bardintasun horretan
edozein gizaki, emakumea ere, hartzen,
eta heldu gaitezela, Jauna, alkarregaz lan egiteraino
eta, daukagunetik, alkarregaz partekatzeraino.

—Amen.

 

 

Pazkoa: 5. Domekea /B

PAZKOALDIKO 5. DOMEKEA  /B

HITZALDIA

 

Senideok: joan dan domekan artzainaren irudiagaz etorri jakun ebanjelioa (Joan), domeka honetan beste irudi bategaz jatorku: mahatsondoarena. Bietan ere, gogoan hartu beharrekoa hauxe da: bizia bera da jokoan dagoana. Hau da: Jesusek bere bizia emoten dau ardiak bizi izan daitezan; eta aihenak ez dira bizi, mahatsondoari lotuak ez badagoz. Hauxe dogu, ba, lehenengo autorkuntza: bizi bagara, Jesusi lotuak gagozalako bizi gara.

Baina oraingoan, mahatsondoaren irudiaz, gauza gehiago dinosku, benetako mahatsondoa eta frutua aitatzen dauzalako. Badagoz, ba, benetakoak ez diranak, sasi-mahatsondoak; edo fruturik emoten ez daben aihenak. Jesusen guraria guk frutu ugari emon daigula da; eta, horretarako, berari lotuak egon behar dogu.

Zer esan gura da? Jesusi lotuak egon ezkero, gure zanetan Jainkoaren bizia dabilela, eta berak emonazoten dauala frutua. Ez da, ba, gauza onak egitea eta horreik hartzea frutu lez; geure ahaleginez eta ahalmenez egin bageike lez. Jesusek dinoskuna beste hauxe da: mahatsondoari lotuak gagozan aihenak bagara, Jainkoaren biziak dihardu gugan, eta berak emoten dauz frutuak (maitasunezko, errukizko, parkamenezko, buru-eskeintzako…) frutuak.

Penagarria benetan holan ez ulertzea! Oraindino beste hauxe uste dogu: kalterik inori ez egitea eta egintza onak garatzea dala gure eginbeharra edo kristau izatea. Horrek egiten gaitu duin, ala Jainkoak geure bidez frutu ugari emoteak egiten gaitu duinago? Ez dogu ulertu Joan ebanjelariak Jesusi esanazoten deutsona: neu naz benetako mahatsondoa…

Aihenak, berez, ezin dau fruturik emon, mahatsondoari lotuta baino. Baina, kontuz! Ez dalako nahikoa lotuta egoteaz. Frutua emoteko Aitak garbitu, eta mehaztu… egingo dauz aihenak. Etenbako lana eskatzen dau, mahatsondoaren orri hutsak baino ez badoguz hartu gura. Ez da nahikoa, ba, Bateoa hartu dogula-eta, edo umetan onak izan garala-eta, edo noizbehinka besteen alde otoitz egiten-eta emoten dogula frutu uste izatea. Gu garan aihenak garbiketa, mehazketa, inausketa… beharrean dago. Sinismena landu egin behar da, garatu, alkarbanatu, ospatu.

Jokoan dagoana, ba, geure bizitza da. Zelan gura dogu bizi izan: pertsona on lez baino ez, ala Jesus mahatsondoan txertatutako frutu ugari emon daiken aihen lez?

Ondorioak izugarriak dira, eta aldea dago aukera bien artean. Benetako mahatsondoan txertatutako aihenak Jainkoaren bizia erabiliko dau zanetan, beste aihenei ere lotua egongo da, hareen ona bilatuko dau… Beste era batera esanda: gure zanetan, Jesusi lotuak gagozalako, Jainkoaren bizitzak dihardu, senidea aintzat hartuko dogu, ingurua errespetatuko, akatsak parkatuko, behartsuei lagunduko, bizitza bere sakonean bizi izango…, baina ez geure ahaleginez, saria lortzearren, berez-berez Jainkoaren bizitzak gugan eragiten dauan gauza lez baino. Badago sari handiagorik? Eta hori Jesusi esker: bera da Mahatsondoa eta gu haren aihenak izan geintekez.

 

(Edo… )

 

Senideok: aniztasuna aintzat hartu gura dauan inguruan bizi gara; izan daigun gogoan.

Gure artean, kristauok nagusiengo bat izan arren, badagoz beste siniskera batzuetakoak ere. Eta bakotxak berea agertzeko eta elikatzeko eskubidea ere badaukala autortzen dogu. Badagoz, horraitino, bardin dala edozein siniskeratakoa izatea uste dabenak, Jainkoa bat baino ez dalako; edo baita sinismenari garrantzirik emoten ez deutsoenak ere. Baina, egia esan, izakera batetik edo bestetik ataraten diran ondorioak ez dira bardinak izaten. Guk Kristo berbiztuagan sinisten dogula dinogu, eta, Pazkoaldian batez ere, geure pozean eta argitasunean igarten jaku.

Baina badogu ziurtasunik gure sinismenean? Ondo hezita gagozela uste dogu, ikasiak garala? Behar dan bestean elikatzen dogu gure sinismena? Bagara gauza beste siniskera batekoekaz hartu-emonetan jarri eta guk zer eta zergaitik sinisten dogun azaltzeko, eta euren arrazoiak entzuteko, eta alkar aberasteko? Ala bekozkoz begiratzen deutsegu, alkarrentzako susmagarri izateraino, edo bestearen heriotzara heltzeraino?

Zelan begiratzen deutsogu edo begiratuko geuskio beste erlijino batera bihurtu danari? Ez ete leuke zalantzarik jarriko gure pentsamoldeetan? Izango ginateke gauza horrek sortuazo daikezan zalantzak alde batera izteko eta aukerea errespetatzeko eta norberea sendotzen ahalegintzeko?

Begira: lehenengo irakurgaiak San Pauloren irudia dakarsku gogora. Hasiera baten, farisear eskolakoa izanik, Jesusen izena gorrotatu egiten eban, eta haren aldekoak aurrean erabilzan. Gero zeozerk bultzatu eban Jesusen izena aintzat hartzera, eta haren aldekoen taldeko izatera… Baina anaiek susmoz begiratzen eutsoen. Bernabek zabaltzen deutsoz ateak, eta apostoluen taldeko izateraino heltzen da, eta Berbiztuagango sinismena atzerrietara zabalduko ebana izango da.

Batzuen bizitzan, ba, senideok, badau sinismenak eraginik, emoten dau lanik, eta balio dau bizikereari bere nortasuna eta sakontasuna emoteko. Ez ete geuke pentsatu behar izango zelango eragina dauan gure bizitzan, bizitzan zehar egiten doguzan aukeraketetan eta besteekazko hartu-emonetan ze eragin dauan gugan?

Jesus Jaunak beragan txertatuak gura gaitu, halantxe baino ez dogulako frutu emongo. Frutu emotea bera iragartea da, besteak errespetatzen eta hareekaz alkarrizketan sartzen jakitea da; alkarregaz gizarte zintzoagoa, bakezaleagoa eta alkartuagoa eraikitzea da; alkarri deutsaguzan bildurrak, amorruak eta gorrotoak baztertazea da…

Jesusen izenean ezin geike inor baztertu, beste siniskera batekoa dala-ta, edo sinisgabea dala-ta, edo ezkontzea apurtu dauala-ta, edo eleizatik agertzen ez dala-ta… Holango gauzek gure jarrerak aztertzera eroan behar gaitue: bagara, bai bakarrean eta bai eleiz alkartean ere, eredu eta erakargarri besteentzako?

Gure Eleizbarrutiak galbaheketa (edo diszernimentu) aldian sartu gaitu eliztar guztiok. Hauxe berau galdetzen deutso bere buruari. Eta Ebanjeliora jo gura dau Jesus berbiztuari entzuteko, haren izenean indar hartzeko, haren testigu izateko, egokitu jakozan aldi eta lekuan.

Senideok, ba: ezin geintekez konformatu mezea entzuteaz edo inori kalterik ez egiteaz. Berbiztuaren esaneko izan gura badogu, beragana jo behar dogu, ebanjeliora, hezkuntzara, eleiz alkartera. Hantxe hartu behar dogu bere Espiritua eta izan behar dogu argi, gurea, Jesusen jarraitzaile lez, haren testigu izatea dala, harengan txertatuta egonez frutu ugari emotea dala.

 

 

OTOITZA 

 

Sorkari guztietan zeure aztarnak
jarri dozuz, Jauna, zeure jakiturian,
eta gizakiongan zeure arnasea isuri dozu
zeure biziaz bizi izan gaitezan.

Zer dala-ta zu aldeztearren, edo
erlijioaren izenean, edo,
beste edozein sasi-jainko zalekeriaz
kentzen deutsagu inori bizia edo izen ona?

Heriotzeak ez dauala zure Semeagan bizitzea garaitu
ezagutzera eta sinistera erakarri gaituzunoi
emoiguzu, baita, bizitzearen zaintzaile eta aldezle izatea
eta ha eragozten dauan edozer baztartzea ere.

Edan daigula Ebanjelioaren ur gardenetan,
ibili gaitezala Espiritu santuaren haizetan;
berotu gaizala berak bere su-garretan,
bizitza eragile izan gaitezan gure inguruetan.

—Amen.