PZKc etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
PZKc etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

Pazkoaldia: Igokundea

PAZKOALDIKO VII. DOMEKEA /C

«Jaunaren zeruratzea»

 ApEg 1, 1-11
Sal 46
Ef 1, 17-23
Lk 24, 46-53

HOMILIA

Senideok: Jesus Jaunaren zeruratzea ospatzean umezurtz geratzen diranen atsekabea azaldu geike, edo, alderantziz, gurasoen ardurea eskuratu eta garatu gura daben seme-alaben poza.

Ezer baino lehenago, senideok, izan daigun hauxe gogoan: Jesusek bere autorle gura gaitula gure inguruetan, eta horretarako «Aitaren agintzaria bialduko» deusku, Espiritua, beti geure ondoan, edo geugaz lanean jardungo dauana.

Espiritu horixe da, ba, ezagutu beharrekoa. Espiritu horrengana erakarri gura izan gaitu Paulok bigarren irakurgaian, zera esan deuskunean: «Jesukristo gure Jaunaren Jaungoikoak, aintzaren Aitak, emon deizuela jakituriazko eta goi-argizko espiritua».

Senideok: Jesusengana hurreratzen ez bagara, bere inguruan bere talde, alkarte, eleiza, egiten ez badogu, ezin izango dogu haren Espiritutik hartu, Jaungoikoa ezagutu, edo haren autorle (testigu) izan gure inguruetan; geure burutapenezko jaungoikoagaz ibiliko gara, geuri atsegin jakuna esanazo eta gura izanazoko deutsogu; baina olgetako jaungoikoa izango da, eta ez bere Espirituaz janzten gaituana bere Semearen autorle (testigu) izateko gure bizitzako une guztietan.

Behar bada, hementxe dago gakoa, senideok: gure sinismena zelan ulertzen dogu? Jesusen autorle izate lez? Ala Jainkoagandik laguntza edo mesede batzuk lortzeko bide lez, eta besteen txarkerien galga lez? Holantxe erabili izan dogu Jainkoa gure txikien aurrean sarri baino sarriago.

Baina zer izan da, edo da izan edo izan daiteke Jainkoa gure bizitzarako, eta eguneroko bizitzarako, eta ez larrialdi hutsetarako? Lehenengo irakurgaian azaldu jaku zertan ziharduen oraindino ikasleek: «Jauna, orain eregiko dozu barriro Israelgo erreinua?» Zelango aginte-gosea eta handigurea galdera horretan azaltzen dana! Eremu bardinean egon geintekez geu ere...

Ez dozue uste holangoxe galdera edo kezkekaz hurreratzen garala geu ere? Eleiz ospakizunak-eta, ez da egia Jainkoaren esanetara jarteko baino erabiliagoak dagozala geure ameskerietarako?

Entzun deiogun Jesusi: «Espiritu Santua etorri dakizuenean indarra hartuko dozue nire autorle izateko, Jerusalenen, Judea guztian, Samarian eta lurraren azken-mugaraino». Hauxe da Jesusek gugandik itxaroten dauana. Eta hauxe litzateke sinismenez erantzutea.

Senideok: horretarako, Jesusen gogoari, gugan jarrita daukan uste onari, erantzun ahal izan deiogun, behar-beharrezko dogu katekesia, Nagusien Katekesia, hezkuntza, Jainkoaren Berbara kezkati, galdezka, argi-bila hurreratzea... Nagusien katekesi taldeak eratu behar izango geukez parrokian, gogoz otoitz egingo daben taldeak, Espirituaren dohaia eskatuko dabenak...

Zain naukazue... Holangoek laguntzea merezi dabe, eta prest naukazue, neure laguntza eskeintzen deutsuet. Horretarako gogorik dozuenok, erantzun eizue datorren zapatuan Pentekoste Bijilia Otoitzera etorriz: arratsaldeko meza ostean izango da, 8rak aldera.

 

 

 

 

 

Pazkoaldia: 6. Domekea

PAZKOALDIKO VI. DOMEKA /C

 GAIXOEN PAZKOA

Hch 15,1-2. 22-29
Sal 66, 2-3. 5. 6 y 8
Ap 21,10-14. 22-23
Jn 14,23-29

HOMILIA

Senideok: Gaixoen Pazkoa ospatzen dau gure Eleizeak Pazkoaldiko VI. domeka honetan. Apartekotasunez hurreratu gura dau Eleizeak gaixoengana, apartekotasuna eukelako gaixoek Jesusentzako. Gaixoengan Jainkoaren gaitzespena (edo madarikapena) ikusten eben askok, eta eleizkizunetatik-eta baztertu egiten ebezan; ez eben, antza, Jainkoaren pozbiderik behar. Baina Jesus hurreratu egiten jaken; eta ikutu egiten ebazan, osatu ere bai, eta parkamena eskeini ere bai, jendearen harridurarako.

Gaur egun ere, senideok, zenbat gaixo daukaguzan edo erietxeetan, edo etxeetan ere bai, sakramentuen poztasun barik. Bildur edo lotsa gara abadeari deitzen; ez dakigu zelan jokatu. Abadea aitatzen badeutsagu gaixoa izutu egingo dala uste izaten dogu. Eta gaixoak berak ere, gura izan arren ere, ez dau eskatzen sakramentuen poza etxekoak ez izutzearren, edo abadea ez molestatzearren..., gero atxakiak jarriz, edo mormoxetak zabalduz. Dei bat, ba, senideok, etxean zaharrik edo etxeraturik edo gaixorik daukazuenoi: aprobetxatu egun hau gaixoari honetaz berba egiteko eta sakramentuen poza eskeintzeko. Gero, deitu abadeari.

Horixe da Jesusek ebanjelioan esan deuskuna: maite dauanak gorde egingo dauala bere esana, bere agindua. Eta badakigu Jesusen agindua zein dan: berak gu maite gaitun lez geuk ere bestea maitatzea. Ez jaku hau errez egiten, senideok, bera maite dauanagan ostatua egingo dauala agintzen dauan arren Jesusek. Antza, beste ostalari batzuk doguz gurago, gitxiago konprometitzen gaituenak-edo.

Argitu daigun egoera hau eta gure hainbat jokabide, lehenengo irakurgaian agertu jakun eztabaida eta erabagietatik. Ulertuko ete dogu, senideok, Jainkoaren aurrean ezin aurkeztu geikela meriturik, irabazirik, baina ez dogula behar ere? Jainkoaren ondasunak ez dira nire irabazi edo merituen ordain, Jainkoak nire irabazien begira egon barik bere maitasunetik emoten (eskeintzen) deustazan dohaiak baino. Ez dago, ba, legeko arauak eta ohiturak eta geuk ezarritako beste hainbat traba bete beharrik Jainkoagandiko ondasunak eskuratzeko; egiten badeutsegu harrerea, eurek bihurtuko dabe eta zuzenduko gure bizikera bihurria. Behar bada, hauxe gura ez dogulako, ez deutsegu harrerarik egiten, eta legekeriekaz-eta beste gauza batzuk, ez Jainkoak berak emon gura deuskuzanak, gura doguz lortu.

Eta zelango eztabaidak-eta sortu daitekezan! Argi dauke Ikasleek Jainkoak bere maitasunetik emoten deuskuna dana bere Semeagan; horregaitik ez gaitue legekerietara eroango Jesusengana baino, eta bizikera garbi eta zintzora. Eta, begira zelan egingo daben: otoitz giroan, alkarri entzunez, eta alkarrizketa bidez bideak urratuz, ez goitik-behera legea ezarriz. Gogoan hartzekoa!

Jainkoak ostatu egin gura dau gutariko bakotxagan, eta honek Jesusen esanak-eta bizitzaratzera eroango gaitu. Baina bildur gara. Jainkoa ez da gure inguruak eta gure aldiek aintzaltzen daben gure sortzaile eta Jauna; madarikatzen dauan arerio baino; gure inguruetan Jainkoak enbarazu egiten dau, eta harenganako zaletasuna isilean euki behar da, azalean haren izen ederra kakaztu egin behar da-ta. Edo bizitzako une batzuetarako baino ez da; eta uneotan eleizara joten dogu, baina urduri. Lekuak eta han entzuten eta egiten dogunak salatu egiten gaitu.

Bai, senideok: salatu egiten gaitu gaixoenganako, zaharrenganako, gure nagusienganako daukagun jokabideak; salatu egiten gaitu noiz­behinka eleizara joten dogunean han entzuten edo egiten dogunak. Baina salakuntza horrek ez dau gure hondamena bilatzen, gure bihozbarritzea baino, Jainkoagana bihurtzea.

Senideok: Jainkoagana bihurtzea ez da betekizun batzuk egitea, edo arau-legeak betetea, edo geuk geure buruari esatea zer eta noiz egin behar dogun Jainkoari —geure ustez— atsegin jakona. Jesusengan aurkitzen dogu barritasuna, Jainkoaren nahia eta lotura guztietatiko askatasuna, maitasunaren lokarrietan bizi izateko. Eskatu daigun, ba, Jesusen entzule zintzo izatea, haren esana beteten ahalegintzea, eta beti ere Jainkoaren izena goraltzea, inguru maitaleagoa egin ahal izan daigun.

Eskatu daigun baita Aparecidara hurreratu dan gure Aita Santuaren alde ere: behartsuen, baztertuen, gaixoen ondoan dagoan Elizea iragarri daian, eta bere esanak aintzat hartuak izan daitezan.

 

 

Pazkoaldia: 4. Domekea

PAZKOALDIKO IV. DOMEKEA /C 

ApEg 13, 14.43-52
Sal 99
Agr 7, 9.14b-17
Jo 10, 27-30

HOMILIA

Senideok: Pazkoaldiko IV. domekako ebanjelioak Jesus artzain lez aurkezten deusku. Horrexegaitik deitzen jako Artzain Onaren domekea. Eta, era berean, bokazinoaren domekea, eta bokazinoen alde otoitz egiteko eguna dogu. Gure bihotzean apur bat arakatuko bagendu, senideok, kristaua bokazinoduna dala aurkituko geuke. Hau da: Jainkoak dei egiten deutso gizakiari beragazko hartu-emonetara, eta hartu-emon horreen barri emotera, berbaz eta bizikeraz, bere Seme Jesusengan erakusten deuskun lez. Eta Jesusengan sinisten dauanak baiezko erantzuna emoten deutso Jainkoaren deiari; eta bokazinodun lez bizi izango da.

Zu eta ni, senideok, biok gara bokazinodunak. Bateoan iragarri gendun baiezko erantzuna emon gura geutsala Jainkoaren deiari: uko egin geutsan pekatu bizikereari, pekatu bide guztiei, eta sinismen bizitzari baietza emonez besarkatu gendun eleiz-bizitza eta Jainkoaren hitzaren arauz bizi izatea.

Gaurko lehenengo irakurgaian agertzen jaku hau ondo baino hobeto. Apostoluek (gaurkoan Paulo eta Bernabe agertzen jakuz) adoretsu emoten eben Jesukristoren barri; jarraitzaile asko batzen jakezan; honek bekaitza (edo inbidia) sortuazoten dau orduko judegu eleiztarren artean, apostoluen aurka erasoa eratzeraino bekaitza. Apostoluek ez deutse gogor egingo, iragarri baino, Jainkoaren deia eurek ukatzen ebela-ta, agindutakoari jarraituz, jentilengana bihurtzen dirala, harei ere Jainkoaren salbamena iragarteko. Eta jentilek pozik hartzen dabe barri hori. Ohartu, senideok!

Zer dago jokoan hemen, senideok? Ez da azken salbamena jokoan dagoana, bigarren irakurgaian argi agertu jaku-ta inork zenbatu ezin-halako enda eta leinu, herri eta hizkuntza guztietatik dagozala aulkiaren eta Bildotsaren aurrean zutunik (hau da: bizirik). Bildotsaren odolak pekatu guztiak garbitu dauz, ba, eta bizidun guztiak aurkezten dira Jainkoaren aurrera, zeruetako kantu ederrean esku hartzeko betiraun guztian.

Jokoan dagoana, ba, senideok, beste hauxe da: Jainkoaren guganako maitasuna, errukia, eta geroko saria Jesukristori esker ezagutzen dogunok, zelan emon geike geure bizitzan honen barri, beste guztiek ere honen pozean bizi izan daitezan?

Hementxe aurkitzen dogu bokazinoa. Baina askok eta askok ez dakielako, beste hainbatek beste ardura batzuk daukezalako ez dabe holan ulertu gura euren bizitza.

Argibide dogu judeguek agertzen daben apostoluen aurkako haserrea, eta eratzen daben erasoa. Eurak sinistunak dira, Moisesen Legeari jarraitzen deutsoe, aginduak betetetik jatorke salbamena..., eta Paulok eta Bernabek desbideratu egin gura dabez euren salbamen bidetik, bide bakarra Jesukristo dala iragarriz; eta hau danentzat gainera: judeguentzat eta atzerritarrentzat, Jainkoak danak dauzalako seme-alaba. Eta judeguok euren burua sinistuntzat eta jainkozaletzat, eta salbamen bidean dagozalakotzat dauken judeguok, uko egingo deutsoe Jainkoaren deiari.

Guk, senideok, apaltasunik handienaz begiratu behar izango geuskio, ba, gure sinistun izateari. Ez gara judeguon antzeko, txarrik ez dogula egiten, eta mezatxoa entzuten dogula, eta sinismeneko arauetatik geuk uste doguzanak geure erara betez lortzen dogula betiko bizia uste badogu? Holan bada, ez dogu Jainkoagandik deirik itxarongo, ez beste ezer, dana daukagulako geure ohituretan.

Baina Jesukristorengan jarten badogu gure uste on osoa, egunero entzungo dogu Jainkoaren deia: alkartzera, Jainkoagazko hartu-emonetara, zerbitzura, parkatzera, Bakea eraikitera, baztertuen eta pobreen ardura hartzera..., Jesusen bizitzan agertzen dana geurean gauzatzera. Horretarako, Idazti Deunetara hurreratu, alkarregazko otoitz gartsua egin eta Eukaristia ospatu, senideekaz, Jesusengan, batasuna lortzeko.

Senideok: benetan litxakigu pozgarria Jesusen jarraitzaile izate hau bokazino lez bizi izatea eta egunero barriztatzea eta alkarregaz ospatzea. Honek bere frutua emoten dau: bokazinodun berriak sortuazoten dauz eta Jainkoaren nahia gure artean gauzatuazoten dau.

Baina, ikusi dogu: Jainkoak dei egiten deusku baina ez gaitu behartuko; geure erantzunaren zain egongo da. Gogoan izan: erantzun hori geure ondoan dagoenak ere behar dau, horrela alkar berotzen eta adoretzen dogulako.

Ze erantzun emon gura deutsozu dei egiten deutsun Jainkoari? Bokazinodunak behar doguz: eskatu deioguzan Jainkoari.