GARIZUMAKO V.
DOMEKEA /A
HOMILIA
(I)
Senideok:
gaurko liturgia honegaz urrats handi bat emoten dogu Pazkoara bidean; ia-ia
bertan Pazkoan gagozAla esan geike, Jesus hildako bat bizitzaratzen ikusten
dogunean. Zer da hau? Galdetu geike. Edo hobeto: zer aurkitzen dabe Jesusengan
beragana hurreratzen diranek? Ahalegindu gaitezan apurtxo bat gure hausnarketa
honetan Jesusengana hurreratzen; itxi deiogun berari gure bizia argitzen...
Aurreko
domeketan Jesus bizitz-iturri lez autortu genduan, samariar emakumeari esandako
hitzetan: “Bazenki ‘emoidazu ura’ nork dinotsun, zeuk eskatuko zeuskio berari,
eta harek ur bizia emongo leuskizu”; eta baita bizitzako argi ere, itsuari
ikusmena emotean. Gaurko domeka honetako liturgian beste hauxe autortuko dogu:
Jesus ezagutzen dauanak ez dau heriotzarik ikusiko. Zer ete da heriotzea? Edo
zer ulertzen ete dogu heriotzaz? Guzti hori argitu nahi deusku Jesusek.
Antxinatik
eukan Ezekiel profeteak adierazita Jainkoa bizien eta hilen Jainkoa zala; edo
hobeto esanda, Jainkoak hila bizira erakarten dauala; Jainkoarentzat ez dagoala
hilik ez heriotzarik, bizitzea baino. Jainkoa, ba, bizien Jainkoa da. Haren
aurrean ez dauka indarrik hilobiak, edo indarge gelditzen da, heriotzearen
indar-ezaugarri dan hilobia. Jaungoikoak hilobiak zabaldu, eta hilak
bizitzaratu, beraganatu egiten ditu. Beragan hartzen dau gizakiak bizitzearen
osotasuna; horretarako heriotzatik igaro behar dauan arren. Ebanjelioak, ba, ez
gaitezAla heriotzan gelditu aginduko deusku; jaso daiguzala begi-bihotzak, eta
sinistu daigula Jesusengan, berau dalako Jainkoaren egintzak gauzatzen dituana.
Begira zelan.
Betaniako
hiru anai-arrebak, Jesusen lagunak dira. Baina oraindino judeguen legepean eta
ohituretan jarraitzen dabe. Ez da, ba, hain erraza Jesusi jarraitzea. Edo
bildur dira; edo uste hobea dabe ohituretan eta legekerietan. Jesusek inguru
horretatik askatu nahi ditu (askatu egin nahi gaitu); baina ezin da ulertu
Jesusek egin nahi dauana: hain dagoz, eta hain gagoz geuretxoan zarratuta!
Jesus ez da sartzen ulerkerotan; kanpora urten behar dabe, banan-banan, ahizta
biak; eta judeguen bildurrez gainera. Eta Jesusek negar egin behar dau bere
lagunak hain loturik ikustean. Bera Jainkoari loturik bizi da; eta ez dauka
ezer eskatu beharrik, dana bere esku itxita daukalako Aitak; horregaitik
eskerrak emoten ditu. Eta, minduta, aurpegira botaten deutse Jesusek euren
bihotz-gogorkeria: “ez deutsut esan, sinisten badozu, Jainkoaren aintza
ikusiko dozula”? Eta Jesusek, heriotzatik bizira egiten deutso dei hilobian
dagoan Lazarori, Jaungoikoaren lanak eginez. Baina begira zer dinon gertakizun
harrigarri honetan.
Lazarok,
esku-oinak loturik urteten dau hilobitik: harrigarria! Judeguen ohiturek eta
jokabideek oraindino lotuta daukela adierazten dau. Eta eurek askatu behar
dabela, gainera: “askatu eizue, eta itxi ibilten” dinotse-ta. Eta Lazaro
ba doa, aske, baina ez bere arrebengana eta lagunengana, biziaren Egileagana,
Jainkoagana baino. Horixe adierazten deusku gertakari honek. Eta euren arteko
askok sinistu egiten dabe Jesusengan; baina beste asko agintariengana bihurtuko
dira, bildurrez, holangorik ezin onartu daitekela-ta.
Zenbat
kostatzen jakun, senideok, gure ohiturak eta pentsamoldeak-eta aldatzea.
Jesusengana hurreratu garala uste izaten dogu, eta geure ohituretan zarratuta
egoten gara. Ezin onartu geike Jesus bizitzaren jabe dala, eta gorpuak ezin
zainduta ibilten gara. Geuri ere ez ete deusku aurpegiratuko Jesusek Martari
esandakoa: “ez deutsut esan, sinisten badozu, Jainkoaren aintza ikusiko
dozula”?
Eskatu
deiogun Jesusi beragan sinistu daigula, eta lagundu deigula gure ohikerien
loturetatik alkar askatzen.
OTOITZA
Jauna: ez zaitut
larregirik ulertzen.
Ez nazala bizi dinostazu?
Nirea ez dala
bizia, zeurea baino?
Nik, bizi nazala
uste dot, ba, Jesus!
Badaukat jatekorik
eta janztekorik;
badaukat osasunik
eta dirurik…
Zer gehiago behar
da bizi izateko?
Edo… ze
bizitzatara deitzen nozu?
Geure
giza-usteetan, batzutan,
edo
erlijino-usteetan beste batzutan,
hilda egon
geintekezala dinoskuzu, Jesus:
behar ez diran
loturei lotuta, katibu.
Emoidazu, Jesus,
zeurea dan bizia;
usteei eta
ohiturei, edo beharrizanei,
edo erlijio-egiei
loturik ez dagoana;
behartsuari lotua,
Aita gurtzen dauana.
GARIZUMAKO V.
DOMEKEA /A
HOMILIA
(II)
Senideok:
Garizumako 5. domeka honek bizitzaz hitz egiten deusku, bizitzearen barri
dakarsku, bizia zelan ulertu geiken eskeintzen deusku, eta, aldabatera,
bizitzeaz zein erratuak gagozan ere aurpegiratzen deusku. Izango ete dogu
bihozbarritzerako bide? Jainkoak geure erantzuna eskatzen deusku. Ausartuko ete
gara erantzun hori emoten? Eskatu deiogun horretarako behar dogun adorea eta
ebazpena.
Irakurgaiek
bizitzeari eta heriotzeari buruzko uste ezbardinak mahairatu deuskuez: Ezekiel
profeteak, hondatuta dagoan herria, hilobietan balego lez ikusten dau; eta
Jainkoak bizitza emongo deutsola agintzen deutso. Ze heriotza eta ze bizitza da
Ezekielek mahairatzen dauana?
Paulo
apostoluak, hildako lez ikusten dauz euren grinenpean bizi diran (edo dirauen)
gizakiak, jentil izan edo, sinistun izan arren, jentil ohituretan bizi izan.
Eta Kristogandik sortzen dan bizikerara deitzen deutse bere ikasleei… Ez
dinogu, ba, gauza bera, bizitza aitatzen dogunean; gauza ezbardinak adierazoten
doguz berba bardinaz.
Gaurko
Ebanjelio pasartea bizitzearen aldeko kantu eder bat dogu: Jesusek negar egiten
dau Lazaro bere lagunaren hilobi ondoan. Ondo aztertzeko, begiratzeko,
hausnartzeko eta norberetzeko egoerea dogu hau, senideok: Jesusengan Jainkoa
bera agertzen jakula sinisten dogunok, Jesusen negar egitean Jainkoa bera
ikusten dogu negarrez.
Eta
galdetu geikeo geure buruari egoera honen aurrean… «Zeri negarrez dihardu
Jainkoak Jesusengan?»
Bere
lagunaren gaisoaldiaren barri izan dau Jesusek; baina ha hil arte itxaron dau
harenganatzea. Zer esan gura ete deusku ebanjelariak honegaz?
Jesusek
heriotza horri loaldia deitzen deutso: lotan bada, itxartuko da
—dinotsoe ikasleek. Gure heriotzea, Jesusentzat, loaldia da… Zertan dihardugu?
Aurreko
domekan Jesusek ikusmena emon leigula esaten gendun, gizaki barri egin
geinkezala. Baina oraingoan, oraindino, Jesusen begiramena eta gurea ez
datozela bat esan eta autortu behar dogu; ez garala bizi gizaki barri lez. Gure
heriotzan Jesusek loaldia ikusten dau. Orduan? Zeri negarrez dihardu?
Jarraitu
daigun… Sinisten dozu hau? Jesusek bere burua eskeintzen dau berbizkunde eta
bizitza lez. Bizitza biztuereagaz alkartzen dau Jesusek. Ze bizitzaz dihardu?
Sinismenaz
hurreratu behar dogu hildakoaren lekura, hilobira; eta haren gure artean, bata
besteagandik banantzeko, ezarri dogun harlosa kentzeko gauza izango gara,
ustel-hatsaren bildur barik… Eta herio-lokarriez gainetiko askatasunez ibiliko
da. Baina gertaera hori norberetzeko, norberak askatu behar izango deutsoz
lokarriak ustezko hildakoari, eta itzi behar deutso bizi izaten. Ze bizitzatan?
Berbiztuen bizitzan! Jainkoak baino beste inork emon ezin dauan bizitzan.
Bizitza barrian. Jainkoaren altzoan, betiraunekoan… Heriotzeari beste era
batera begiratzea eskatzen dau honek.
Senideok:
gure grinak asetzea baino ez ete dogu bizitzaldia? Asko eta asko hilda dagoz,
oporretan joan-ezinak hilda; edo, asteburu baten, kontsumo edo ikuskizun
tokietara joan-ezinak hilda; edo zanetan droga zaztada bat sartu ezinak hilda…
Era askotako heriotzak ikusi geikez gure inguruan. Geu, sinistunok ere,
Pauloren ustetan —eta horixe gogoratzen deusku Frantzisko, aita santuak— hilda
egon geintekez bizitzan, geure ohitura eta betekizunetan, Marta eta Mariaren
antzera, eta hareen inguruko judeguen antzera…
Jesusengana
hurreratzen bagara, bere esanetara, herio-lokarriak askatzen badoguz beragan
uste on osoa jarriz… bizi izango gara!, berbiztuen bizitzan, bizitzeari Jesusen
begiradaz begiratzen deutsoenen bizitzan; Jainkoari zintzotasunez erantzuten
deutsoenen bizitzan…
Bizitza
honetan, senideok, Jesusi jarraituz, behartsuaren ondoan egotea, haren lagun
eta salbatzaile izatea bilatzen da. Bizikera honetan, kontsumokeriatik eta
Natura zigortzetik aldentzea bilatzen da, neurritsu bizi izatea bilatzen da.
Hau egun batetik besterako lana ez dalako, eta ez eta norbere indarren
araberakoa ere, beste batzuekaz otoitz eta hausnarketa giroan alkartzea
bilatzen da…
Jesus
handia dala autortzea, norbere arimaren salbamena bilatzea baino gehiago da:
Jesusengan sinistea, eta harek emoten deuskun bizitza barrian bizi izatea.
Eskatu deiogun grazia hori.
GARIZUMAKO V.
DOMEKEA /A
Biziaren katekesia
Senideok: hirugarren katekesia nagusia
dakarsku 5. domeka honek: biziarena. Aurreko biak Urarena eta Argiarena (Bateoa
eta Sinismena) izan ziran. Hirugarren katekesia nagusia honegaz goi mailara
heltzen gara. Hori dala-eta, Jesusek galdera bat egiten deusku: Sinisten
dozu HAU?
Behar bada, senideok, gure burua
sinistuntzat daukagu, eta ez gara konturatzen zer galdetzen deuskun Jesusek: sinisten
dozu HAU? Aztertu behar izango geukena, ba, senideok, ea Jesusek eskatzen
deuskuna sinisten dogun ala ez, izango da.
Sinisten eban Mariak: baina ZER, ZELAN?
Sinisten eban Martak: baina zer, zelan? … zu
hemen izan bazina…
Sinisten eban judeguek, eta galdetzen eben:
Itsuari begiak igiri deutsozan honek, ez ete eikean galazo Lazaro, bere laguna,
hiltea?
Barriro ere esan beharra daukagu, ba,
senideok, Jesusek sakontasunean bizi dauala bere bizitza, guztiz Aitaren
esanetara, eta senideei emona, besteak bizi izan daitezan bere bizia emoteraino
(Lazarogaz eginak heriotzara eroango dau, jarraitzaile barik gelditzeko, bildur
ziralako farisearrak asko eta asko ziralako Jesusi jarraitzen eutsoenak). Eta
hareek ere sinisten eben: baina zer?
Jesusek sinisten dauana Jainkoagaz bizi
izan geintekezala da; eta heriotzea, Jainkoagandik urrun izatea dala, itxuraz
eta aldi honetan, bizi garala ere.
Jainkoagaz bizi izateak ondokoei garrantzia
emotea esan gura dau; hareen alde bizitza emoterainoko garrantzia. Sinismena ez
da, ba, Jainkoa norbere esanetara jartea, norbera jartea baino Jainkoaren
esanetara.
Horren barri geure bizikereak berak emoten dau:
Jesusek etorkizunera, Jainkoagango bizitza betera begira jarten gaitu; baina guk
hementxe eta oraintxe gura izaten dogu, eta itxaropenari ateak
itxita bizi gara, ziztu bizian, dana bat-batean lortzeko asmoz.
Horregaitik ez dogu errukirik kalterik egin
deuskunagaz. Horregaitik emoten deutsegu lepo ahaleginik eskatzen deuskuen, edo
luzarorako diran ekintzei…
Bai: eskuzabalak izan gara Caritasek deitu
eta aurrean jarri deuskuzan ekintzetan. Unean-uneko ekintzetan bai, agertzen gara;
baina luzarorakoetan…
Eleizeak Ebanjelizatze Egitasmoan esku
hartzera egiten deusku dei; edo domekero eukaristian esku hartzera; edo Izadiak
jasaten dauzan erasoak saihestera gonbidatzen gaitue; edo gure ohituretatik
urtetea eskatzen deuskuen ekintzetara… Erantzunik ere ez!
Senideok: jarrerok, gure sinismenak Jainkoa
geure esanetara jartea bilatzen dauala erakusten deuskue. Heriotzara garoaz.
Askatu eta itzi joaten agintzen
deutse Jesusek: ez gaitezala egon orain artekoari begira eta lotuta; bilatu
daigula Jesusek dakarskun barritasuna, biztuera-bizia, Jainkoagan dana.
Sinismen honek lotura guztietatik askatuko
gaitu, askatasunean bizi izatera eta, besteak bizi izan daitezan, norbere bizia
emoteraino maitatzera eroango gaitu.