ABa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
ABa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

Abendualdiko 1. Domekea /A

ABENDUALDIKO I. DOMEKEA  /A

 (Arrate Irratian_26)

HITZALDIA

 Senideok: Liturgia aldi barria hasten dogu domeka honetan: Abendualdiko lehenengo domekea dogu. Aldi honetan sarri entzungo dogun berbea itxaropena da, eta ereduzko irudiak Profetea, Maria eta Joan Bateatzailea izango doguz. Eurek jarriko gaitue gure ingurura eta bizi doguzan aldietara begira: itxaropenaz, ustea Jainkoagan jarrita, egin behar dogula lan esango deuskue.

 Zer daukagu Abendualdiko lehenengo domeka honetarako? Herriaren adorea jaso guran datorren profetearen berbea; edo aldiei ondo begiratzeko agintzen deuskun apostoluarena; edo zemai lez ere ulertu daiteken Jesusen mezua…

 Murgildu gaitezan, ba, entzundako irakurgaiotan hausnarketatxo bat egiteko, eta gure itxaropena zelan biztu, eta Jainkoari zelan erantzun, bilatzeko.

 Hartu daigun gogoan, lehenengo ta behin, edozein aldi, giro edo une txar, txarragotu leitekela. Hau azkena da uste izan arren, azkenagoa etorri daitekela.

 Hori dala-ta, askok unea baino ez dabe bizi izan gura, lehenari eta geroari uko eginda, eskura daukena une hauxe baino ez dala-ta. Eta une hori ahalik eta erosoen bizi izatea bilatuko dabe.

 Beste batzuk, aurrera begiratzean, euren txikitasuna eta ezina autortuz, txarkerien errua besteei (agintariei, edo ahaltsu diranei) leporatuko deutse, eta hareik aldatzen ez diran artean ezer ezin daitekela uste izango dabe; eta etsipenak jota bizi izango dira.

 Profetearen berba adore-emoileak entzun dauzanak, eta hondamen egoeran egon gura ez dauanak aurrera itxaropenez begiratu baino, Paulori jaramon eginda, aldiak, egoerak eta uneak aztertuko ditu, eta euretan zelango zintzotasuna eta ahalegina eskatzen jakozan bilatuko dau.

 Jesusi jaramon eginez, bata hartua eta bestea bertan itzia izango dala onartuz, lanean jarriko da; besteak ustelkerian bizi dirala ikusi arren, bere eredua emon gura izango dau; merezi dauala uste izango dau; bere esku dagoana emon behar dauala uste izango dau…

 Hainbeste arazo daukaguz, senideok, gizarte mailan, Eleiza mailan, eta baita bakotxak bere familian ere… inori leporatuko deutsogu errua, eta ezer egiterik ez dagoala uste izango dogu? Ala, egoerea hobetzeko, bakotxaren lana eta zintzotasuna behar dirala-ta, ustea Jainkoagan jarri, hari argia eta adorea eskatu, eta norberenetik emoten ahaleginduko gara?

 Aldi barri honek aukera barri bat emoten deusku: zaharra alde batera bota, aurrera begiratu, eta itxaropenaz lan egiteko aukerea. Ez daiguzan bilatu errudunak, eta bai, alderantziz, lanerako eta zintzotasunerako ereduak. Abendualdiko Liturgiak aurrean jarriko deuskuz. Adi!

 

OTOITZA

Aldi barria hasten dogu, Jauna,
itxaropenera deitzen deuskun aldia.
Baina ikusten eta sufritzen doguzan arazoak
(ustelkeriak eta gabeziak)
hortxe dira, eta etsipenera garoez.

Eta zeu ere hortxe zagoz, Jauna,
guri hauspo emon guran, itxaropena,
eta onak garaile urtengo dauala
eta merezi dauala zintzo jokatzeak esaten.

Hain beharrezko zaitut burruka honetan…
Izan daitela nire garrasia: Zatoz, Jesus Jauna!

 

 

 

12/08_Mariaren Sortze Garbia

12/08 MARIAREN SORTZE GARBIA  /B

 HITZALDIA

 

Senideok: Abenduaren atarian Mariari begira jarten gara bera proposatzen deuskulako gure sinismen tradizinoak eredu Jainkoagazko hartu-emonetarako eta harenganako zintzotasun eta konfiantzarako.

Egia da eleiztarrok etsipenean egon geintekezala zaharkituta eta indargetuta lez, eta eleiz-gizonen eta eleiz-agintarien eredu txarren lotsakizunean; baina horrek ez gaitu eroan behar urtenbiderik ez dagola onartzera, eta Jainkoak luzatzen deuskun eskuari uko egitera. Non zara? —galdetzen deusku Jainkoak. Ausardiaz autortu daigun geure pekatuen ilunpetan gagozala ostonduta, eta handik urteteko bere laguntza behar dogula. Ez deiogun inori leporatu gure errua, Adanek Ebari leporatu eutson lez, gertatzen jakunaren errua eleizgizonena edo, besteena, baina ez nirea, dala argudiatuz. Horrelaxe baino ez deutsoguz zabalduko ateak Jainkoak eskeintzen deuskun erregaluari, eta erantzungo berak proposatzen deuskunari.

Begiratu deiogun Mariari: Jainko-herria lur jota egoan aldietako emakumea dogu Maria, baina Jainkoagandiko erantzuna itxaroten ebana, eta haren esanetara buru-belarri jarria. Bere zalantzak eukazan, baina galdetzera ausartu zan eta bialduagazko hartu-emonetan sartu zan eta, goitik behera, Jainkoarena eta Jainkoarentzat zala autortu eutson: «Hona hemen ni, Jaunaren mirabea».

Eta bai zoriona jatorkola bere prestutasunetik! Bedeinkatua da eta emakume guztien artean aukeratua; eta beragandikoagan, Jesusengan, geu guztiok ere bedeinkatuak, Jainkoagandiko bedeinkapen guztiez.

Izan daigun bedeinkapenotan murgiltzeko ausardia, Jainkoari bere lankide izateko aukeratu gaitula eskertuz. Bai, senideok: orduan Mariari lez, gaur geuri egiten deusku dei (horixe da bokazinoa) itxaropenaren aldarri izan gaitezan, geure esparruan lehenengo, eta mundu zabalean gero.

Frantzisko Erromakoa dogu eredu. Min emoten deutsoe bere inguruan aurkitu dauzan dotrinakeriak eta hainbat eleizgizon eta eleiz-agintariren azpikeriazko bizikereak, eta apalengana heltzea bilatzen dau, ateak eta leihoak zabaltzea, ebanjelioa argitara ataratea, sekuestratuta dagoan lekutik bazter guztietaraino eroatea. Eta lan horretarako dei egiten deusku guztioi ebanjelioaren poza bizi izatera eta haren argipean eta bideetan gure makaltasunak gainditzera. Horren adierazgarri izan dogu gure Eleizbarrutiaren “diszernimentu” urtea.

Senideok, ba: Mariari begiratuz eta Erromako Frantziskori entzunez, erantzun deiogun “BAI” handi batez Jainkoari: salatu daiguzan berbaz eta bizikera duinez eta neurritsuz gure inguruko gehiegikeriak, emakumearen sufrimentu guztiak, gure eleiz alkarteen pobrezia eta nagikeria, eta urten daigun gure komodidade eta lasaikeriatik. Jainkoak, pekatari garan arren, bere mezulari behar gaitu. Jar gaitezan bere esku eta bere esanetara, eta jokatu daigun bokazinodun lez.

 

 

 

OTOITZA

Baietzaren Maria, itxaropenaren atea,

Salbatzailea erditu deuskuzuna:

begitu gure atsekabea, indarge gagozala.

Emoiguzu apalek daben ausardia,

Jainkoari “bai” esanez

beharrizan guztietara zabaltzen dauana.

 

Zu, Eba barria, betiko emakumea,

esanekoa, ez menpekoa, bai askea,

benetan zaralako Jainkoaren mirabea,

izan zakiguz eredu eta laguntzaile,

Jainkoagandiko deiak entzun-ikusteko

gauza izan gaitezan gure egunerokoan.

 

Izan zakiguz gidari, non-nahi eta beti

baietz erantzun ahal izan deiogun Jainkoari

eta laguntza eta poza eroan senideari.

Izan zaitez galduta gagozanon Ama, beti.