PAZKOALDIKO 5. DOMEKEA /B
HITZALDIA
Senideok: joan dan domekan artzainaren irudiagaz etorri jakun ebanjelioa (Joan), domeka honetan beste irudi bategaz jatorku: mahatsondoarena. Bietan ere, gogoan hartu beharrekoa hauxe da: bizia bera da jokoan dagoana. Hau da: Jesusek bere bizia emoten dau ardiak bizi izan daitezan; eta aihenak ez dira bizi, mahatsondoari lotuak ez badagoz. Hauxe dogu, ba, lehenengo autorkuntza: bizi bagara, Jesusi lotuak gagozalako bizi gara.
Baina oraingoan, mahatsondoaren irudiaz, gauza gehiago dinosku, benetako mahatsondoa eta frutua aitatzen dauzalako. Badagoz, ba, benetakoak ez diranak, sasi-mahatsondoak; edo fruturik emoten ez daben aihenak. Jesusen guraria guk frutu ugari emon daigula da; eta, horretarako, berari lotuak egon behar dogu.
Zer esan gura da? Jesusi lotuak egon ezkero, gure zanetan Jainkoaren bizia dabilela, eta berak emonazoten dauala frutua. Ez da, ba, gauza onak egitea eta horreik hartzea frutu lez; geure ahaleginez eta ahalmenez egin bageike lez. Jesusek dinoskuna beste hauxe da: mahatsondoari lotuak gagozan aihenak bagara, Jainkoaren biziak dihardu gugan, eta berak emoten dauz frutuak (maitasunezko, errukizko, parkamenezko, buru-eskeintzako…) frutuak.
Penagarria benetan holan ez ulertzea! Oraindino beste hauxe uste dogu: kalterik inori ez egitea eta egintza onak garatzea dala gure eginbeharra edo kristau izatea. Horrek egiten gaitu duin, ala Jainkoak geure bidez frutu ugari emoteak egiten gaitu duinago? Ez dogu ulertu Joan ebanjelariak Jesusi esanazoten deutsona: neu naz benetako mahatsondoa…
Aihenak, berez, ezin dau fruturik emon, mahatsondoari lotuta baino. Baina, kontuz! Ez dalako nahikoa lotuta egoteaz. Frutua emoteko Aitak garbitu, eta mehaztu… egingo dauz aihenak. Etenbako lana eskatzen dau, mahatsondoaren orri hutsak baino ez badoguz hartu gura. Ez da nahikoa, ba, Bateoa hartu dogula-eta, edo umetan onak izan garala-eta, edo noizbehinka besteen alde otoitz egiten-eta emoten dogula frutu uste izatea. Gu garan aihenak garbiketa, mehazketa, inausketa… beharrean dago. Sinismena landu egin behar da, garatu, alkarbanatu, ospatu.
Jokoan dagoana, ba, geure bizitza da. Zelan gura dogu bizi izan: pertsona on lez baino ez, ala Jesus mahatsondoan txertatutako frutu ugari emon daiken aihen lez?
Ondorioak izugarriak dira, eta aldea dago aukera bien artean. Benetako mahatsondoan txertatutako aihenak Jainkoaren bizia erabiliko dau zanetan, beste aihenei ere lotua egongo da, hareen ona bilatuko dau… Beste era batera esanda: gure zanetan, Jesusi lotuak gagozalako, Jainkoaren bizitzak dihardu, senidea aintzat hartuko dogu, ingurua errespetatuko, akatsak parkatuko, behartsuei lagunduko, bizitza bere sakonean bizi izango…, baina ez geure ahaleginez, saria lortzearren, berez-berez Jainkoaren bizitzak gugan eragiten dauan gauza lez baino. Badago sari handiagorik? Eta hori Jesusi esker: bera da Mahatsondoa eta gu haren aihenak izan geintekez.
(Edo… )
Senideok: aniztasuna aintzat hartu gura dauan inguruan bizi gara; izan daigun gogoan.
Gure artean, kristauok nagusiengo bat izan arren, badagoz beste siniskera batzuetakoak ere. Eta bakotxak berea agertzeko eta elikatzeko eskubidea ere badaukala autortzen dogu. Badagoz, horraitino, bardin dala edozein siniskeratakoa izatea uste dabenak, Jainkoa bat baino ez dalako; edo baita sinismenari garrantzirik emoten ez deutsoenak ere. Baina, egia esan, izakera batetik edo bestetik ataraten diran ondorioak ez dira bardinak izaten. Guk Kristo berbiztuagan sinisten dogula dinogu, eta, Pazkoaldian batez ere, geure pozean eta argitasunean igarten jaku.
Baina badogu ziurtasunik gure sinismenean? Ondo hezita gagozela uste dogu, ikasiak garala? Behar dan bestean elikatzen dogu gure sinismena? Bagara gauza beste siniskera batekoekaz hartu-emonetan jarri eta guk zer eta zergaitik sinisten dogun azaltzeko, eta euren arrazoiak entzuteko, eta alkar aberasteko? Ala bekozkoz begiratzen deutsegu, alkarrentzako susmagarri izateraino, edo bestearen heriotzara heltzeraino?
Zelan begiratzen deutsogu edo begiratuko geuskio beste erlijino batera bihurtu danari? Ez ete leuke zalantzarik jarriko gure pentsamoldeetan? Izango ginateke gauza horrek sortuazo daikezan zalantzak alde batera izteko eta aukerea errespetatzeko eta norberea sendotzen ahalegintzeko?
Begira: lehenengo irakurgaiak San Pauloren irudia dakarsku gogora. Hasiera baten, farisear eskolakoa izanik, Jesusen izena gorrotatu egiten eban, eta haren aldekoak aurrean erabilzan. Gero zeozerk bultzatu eban Jesusen izena aintzat hartzera, eta haren aldekoen taldeko izatera… Baina anaiek susmoz begiratzen eutsoen. Bernabek zabaltzen deutsoz ateak, eta apostoluen taldeko izateraino heltzen da, eta Berbiztuagango sinismena atzerrietara zabalduko ebana izango da.
Batzuen bizitzan, ba, senideok, badau sinismenak eraginik, emoten dau lanik, eta balio dau bizikereari bere nortasuna eta sakontasuna emoteko. Ez ete geuke pentsatu behar izango zelango eragina dauan gure bizitzan, bizitzan zehar egiten doguzan aukeraketetan eta besteekazko hartu-emonetan ze eragin dauan gugan?
Jesus Jaunak beragan txertatuak gura gaitu, halantxe baino ez dogulako frutu emongo. Frutu emotea bera iragartea da, besteak errespetatzen eta hareekaz alkarrizketan sartzen jakitea da; alkarregaz gizarte zintzoagoa, bakezaleagoa eta alkartuagoa eraikitzea da; alkarri deutsaguzan bildurrak, amorruak eta gorrotoak baztertazea da…
Jesusen izenean ezin geike inor baztertu, beste siniskera batekoa dala-ta, edo sinisgabea dala-ta, edo ezkontzea apurtu dauala-ta, edo eleizatik agertzen ez dala-ta… Holango gauzek gure jarrerak aztertzera eroan behar gaitue: bagara, bai bakarrean eta bai eleiz alkartean ere, eredu eta erakargarri besteentzako?
Gure Eleizbarrutiak galbaheketa (edo diszernimentu) aldian sartu gaitu eliztar guztiok. Hauxe berau galdetzen deutso bere buruari. Eta Ebanjeliora jo gura dau Jesus berbiztuari entzuteko, haren izenean indar hartzeko, haren testigu izateko, egokitu jakozan aldi eta lekuan.
Senideok, ba: ezin geintekez konformatu mezea entzuteaz edo inori kalterik ez egiteaz. Berbiztuaren esaneko izan gura badogu, beragana jo behar dogu, ebanjeliora, hezkuntzara, eleiz alkartera. Hantxe hartu behar dogu bere Espiritua eta izan behar dogu argi, gurea, Jesusen jarraitzaile lez, haren testigu izatea dala, harengan txertatuta egonez frutu ugari emotea dala.
OTOITZA
Sorkari guztietan zeure
aztarnak
jarri dozuz, Jauna, zeure
jakiturian,
eta gizakiongan zeure
arnasea isuri dozu
zeure biziaz bizi izan
gaitezan.
Zer dala-ta zu
aldeztearren, edo
erlijioaren izenean, edo,
beste edozein sasi-jainko
zalekeriaz
kentzen deutsagu inori
bizia edo izen ona?
Heriotzeak ez dauala zure
Semeagan bizitzea garaitu
ezagutzera eta sinistera
erakarri gaituzunoi
emoiguzu, baita,
bizitzearen zaintzaile eta aldezle izatea
eta ha eragozten dauan
edozer baztartzea ere.
Edan daigula Ebanjelioaren
ur gardenetan,
ibili gaitezala Espiritu
santuaren haizetan;
berotu gaizala berak bere
su-garretan,
bizitza eragile izan
gaitezan gure inguruetan.
—Amen.