GRZc etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
GRZc etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

Garizumaldia: 4. Domekea

GARIZUMAKO IV. DOMEKEA

Jos 5, 9a.10-12

2Ko 5, 17-21

Lk 15, 1-3.11-32

HOMILIA

Senideok: Garizumako IV. domeka hau San Jose bezperetan jatorku; egun honetan gure Misinoak izaten doguz gogoan, beste elizbarruti batzuetan Seminarioaren eguna ospatzen dabela. Misinoak eta Seminarioa aitatu doguz: zer dinoskue gaur egun batak eta besteak? Ezer bai? Zelan moteldu jakun misino-egarria, eta abadetzarako bokazinoa! Uste dogu izan geintekezala kristinau, Jesukristoren jarraitzaile, abade barik, edo gure sinismena iragarri barik? Jainkoaren bizipena ezin daiteke, senideok, zabaldu barik barruan gorde: usteldu egingo litzateke; lehertu egingo gindukez... Ikusiko dogu ebanjelioan...

Garizuman bihozbarritzeko deia entzuten dogunean, senideok, Jainkoari lepo emonda bizi izatetik, Jainkoari begira bizi izatera aldatu behar dogula ulertu behar dogu. Gaurko Liturgiako irakurgaiek argitu leikigue egoera hau.

Poztasun egun garrantzitsua iragarten deutsola Jaunak Josueren bidez bere herriari, esan deusku lehenengoak: amaitu da Egiptoko morrontza; amaitu da 40 urteko eremua eta hango hotz-beroak, gose-egarriak eta piztien erasoak jasatea... Baina badakigu zer jazoko jaken israeldarrei: lehenengotan Jainkoari eskerrak emon arren, haren ontasuna goralduz (salmoan iragarri dogu hori), hurrengo belaunaldietan Jainkoagaz ahaztu eta senidea astintzen hasiko dira, alkar zapuzten, jainko arrotzak gurtzen... Zer behar dogu hori jazo ez dakigun? Hona salmoan esana: begitu eiozue Jaunari alaitu zaitezen, / zuen aurpegiak lotsatu ez daitezan.

San Paulok, bigarren irakurgaian kristaua sorkari barri dala esan deusku. Kristoren bidez Jainkoagaz adiskidetuta gagozala (gure ezelango irabazi barik), eta adiskidetzeko zerbitzua ezarri deuskula. Bai, senideok? Eskuratu dogu Jainkoak ezarri deuskun zerbitzu hori? Entzun daigun barru-barruan apostoluaren agindua: Jainkoaren izenean eskatzen deutsuegu: adiskidetu zaiteze Jainkoagaz.

Behar bada, ez daukagula adiskidetu beharrik uste izango dogu; hori beste batzuentzako deia dala; eta beste aukera bat gehiago galduko dogu horrela. Hori gertatu ez daiten, senideok, hausnartu daigun apurtxo bat ebanjelioko parabolea. Parabola honen helburua Farisearren eta Idazlarien (orduko eleiztarren, esango geuke) jarrerea salatzea da, bihozbarritu eitezan. Baina hareik euren hondamendian jarraitu gura dabe, antza, Jesusi jaramonik egin barik.

Begira sarreran esandakoa: zergalariak eta pekatariak piloka hurreratu oi jakozan Jesusi entzuten; eta farisearrak eta idazlariak alkarregaz marmarrean hasi ziran. Euren burua ontzat euken farisearrek eta idazlariek Legea ezagutzen eta beteten ebelako. Eta zergalariak-eta eukezan pekataritzat Legea ez ezagutzen ez beteten ez ebelako. Euren ustez, ba, Jainkoak pozik egon behar eban eurekaitik, eta haserre besteekaitik... Baina Jesusek zera dinotse: Jainkoa aita errukiorra dala, eta ez dauala gure meriturik itxaroten gure gainera bere maitasuna isurteko; bere bihotz zabalari harrera eginez erantzun deiogula baino.

Seme txikiak, triskantzak egin ondoren, aitarenetik asago egotearen ilunpearen eta gosearen, beharraren, eztenkadak somatzean, aitarenean baino hobeto inon ere ez dagoela autortzen dau. Eta damutasunez etxeratzean, berari itxaroten aurkitzen dau aita, beso zabal. Eta ez deutso itziko ondo gertatuta daukan hitzaldia amaitzen. Aitak berak dihardu negar baten semea berreskuratzearen pozez.

Seme nagusia, ostera, Farisearren, Idazlarien eredu dana (eleiztarrona esango geuke) ezertan ez da aldendu izan aitaren esanetatik; haren morroi bizi izan da. Baina bihotza gogortu egin jako aitari gogorkeriaz erantzutera heltzeraino, anaiarentzako barrurik ez izateraino. Betekizuna barruan lehertu egin jako.

Gure elizkizunek-eta, otoitzak eta oneraspen ekintza guztiak jarten dauz zalantzan koadro honek. Senideok: kunplimentuak bihotza gogortu egin daike. Danok ezagutzen doguz, geure artean ere, holango egoeratan dagozanak: eleiztarrak izan arren, erruki bakoak diranak.

Jainkoak, ba, ez deuskuz hartuko kontuan gure ustezko merituak, gure damutasuna baino, errukia, bere Semeagan adiskidetze bide izan gaitezala. Begiratu deiegun, ba, gure Misinoei eta gure Seminarioari... sumatu daigun geure barruan eurek ozentzen deuskuen orroa; eta aurtortu daigun bai hitzez eta baita egitez ere ondo bizi izatea baino adiskidetzan bizi izatea dala Jainkoaren gogokoago; eta emon daiguzan horretarako pausoak, bai otoitz eginez, bai ebanjelioaren irakurketara hurreratuz eta baita gure ondasunak bananduz ere, hankapetuta dagozan gure senideen beharrizanak geure beharrizan bihurtuz, zati on baten behintzat.

 

 

Garizumaldia: 5. Domekea

GARIZUMAKO V. DOMEKEA /C

HOMILIA
 

Senideok: Jainkoagan sinisteak gure bizitzeari barrikuntzea emoten deutso, Jainkoak gauza guztiak barri egiten dauzalako. Garizumako V. domeka honek Jainkoaren barrikuntza-agintzarien aurrean jarten gaitu. Ez gakiozan lotu gure lehenari, iraganari, zahartzaroari, lehengoa ahanzten badogu barriro erratu bardinetan jausiko garala uste izanik. Hori ez da Jainkoagan ustea izatea, geure makaltasunen bildurpean bizi izatea baino, euren morroi izatea.

Atara gaitula morrontzatik iragarri deusku lehenengo irakurgaiak: Egiptoko morrontza gogoan hartuz, Jainkoak bere herriagaz egindakoaren arabera, aurrera begiratzeko esan deusku, dana barri egiten dauala-ta.

Hau ulertzeko edo norbere bizitzara eroateko, badakizue zer behar dogun, senideok? Bigarren irakurgaian san Paulori entzun deutsaguna geure jarrera eta aukera bihurtzea.

San Paulok bere ustea Jesu Kristogan jarri dauanetik, beste ondasun guztiak simaurtzat daukaz, satsa balira lez. Zelango irakatsia emoten deuskun, senideok. Ez dozue uste hauxe sendotasun hau falta jakula guri? Guk bada-ezpada asko daukaguz; guk ez dogu dana bertan-behera itzi eta Jesu Kristo besarkatu; horrexek galtzen gaitu gu. Holan, geure lehena, iragana daroagu tatarrez, eta bere morrontzan egiten dogu bizimodua.

Bide horretatik zelango egoeratan murgiltzen garan esan deusku ebanjelioak: gure makaltasunak besteengan gaitzestera heltzen gara. Errukarriak! «Zuetarik pekatu barik dagoanak bota beio lehenengo harria!» Baina nor egoan pekatu barik? Danak aldendu ziran... adi!: zaharrenetatik hasita. Eta, ez ete dogu ikasiko? Legea beteteak edo eskeintzariak egiteak salbatzen gaitula uste izango ete dogu oraindino?

Senideok: gure artean asko sufritu dauan asko dago. Eta lehengo zauriak eta sufrimenduak ahaztu ez diralako, beste egoera honetan lehengo jasapen ha (sufrimen ha) besteei jasanazo gura jake, lehen besteak aurrean erabili dabezenei.

Holan bizi izan behar ete dogu, alkar salatzen eta alkarri sufriduazoten, lehen eurek egin deuskuela-ta, gaur batzuk eta bihar besteek? Hartu daigun aintzat Jainkoaren barrikuntza gogoa. Jar daigun beragan uste on osoa; sinistu daigun eta, lehena ahaztuz, gertatu gaitezan gizaki barri lez bizi izateko, besteak zor deustanari begiratu barik, besteari zer on egin daikeodan aztertuz.

Jainkoak gizaki barri egiten bagaitu, alkarren pekatuak eta makaltasunak epaituz, alkar hondatzeko barik, alkarri makaltasunak gainditzen laguntzeko da. Honek, senideok, alkar aintzat hartzera garoaz, alkarri harrera on egitera, lehena parkatu eta ahanztera, eta aurrean daukagun geroa errespetuz eta alkarrizketa bidean eraikitzera.

Ez dala zuzena uste izango ete dogu? Zorrak ordaindu egin behar dirala uste ete dogu? Eta, ordaindu ezinak badira? Ez ete da hobe «neuk ere ez zaitut epaitzen; zoaz, eta ez gehiago pekaturik egin» esatea?

Baina hau, ebanjelioa bizitzarako arau lez hartzea litzateke. Honek, San Pauloren erabakiortasuna eskatzen dau: epaia Jainkoaren esku iztea, gizaki barri lez bizi izatea...

Badaukagu zer eskatu gaurko Eukaristian, eta zer emon eguneroko bizitzan. Izan daigula Jainkoa lagun!

 

 

Garizumaldia: 3. Domekea

GARIZUMAKO 3. DOMEKEA /C

 Ex 3, 1-8a.13-15
1Ko 10, 1-6.10-12
Lk 13, 1-9

HOMILIA

«¡Bihozbarritzen ez bazaree danok hondatuko zaree! —entzun dogu, senideok, Jesusen ahotik ebanjelioan.

Garizuman zehar behin eta barriro entzungo dogu dei hau. Era honetaraxe emon geutsan hasierea Garizumeari: «bihozbarritu zaiteze, eta sinistu Barri Ona». Zer da, orduan bihozbarritzea? Bihozbarritzea Barri Onagaz lotzen dogu: Barri Ona Jesus dogu. Jesusek Jainkoa iragarten deusku. Jainkoaz dogun ustea edo irudia aldatu egin behar dogu, ba, bihozbarritu gura badogu.

Senideok: bihozbarritzea ez da hobeagoa izateko ahaleginak egitea, edo gehiago errezatzea edo mezaren bat edo beste entzutea edo barikuetan okelarik ez jatea... Bihozbarritzea Jainkoak emoten deuskun grazia da; beste inork edo ezerk eragin ezin daikena. Jainkoak nigan egin daiken lana da, bihozbarritzea. Jarri gaitezan, ba, bere esanetara.

Begira zer esan deuskun Paulok: «Gure gurasoak danak egon ziran hodeipean, danek igaro eben itsasoa; eta hodeian eta itsasoan, danek hartu eben Moisesegaz lotzen ebazan bateo bat... Euretariko asko, ostera, ez jakozan atsegin izan Jaungoikoari, eta hilda gelditu ziran basamortuan».

Gu danok egon geintekez sakramentuez inguraturik (bateoa, ezkontza, eukaristia...); baina Jainkoari atsegin gaiakoz? Ezagutu daigun Jainkoa, maitatu ahal izan daigun eta gure bizitza haren atsegineko izan daiten.

Gure arteko askok bertan behera itzi dabe Jainkoagazko hartu-emona. Gizakion txarkeriagaitik edo berezko kalteekaitik sortutako sufrimena ez dauala arintzen Jainkoagazko hartu-emonak edo sakramentuetara hurreratzeak, eta arlo hori denbora galtzea baino ez dala uste dabe. Jainkoak ez gaitu kalteetatik babesten; zertarako dogu kateetatik babesten ez gaituan Jainkoa?

Egia ete da hori? Geure ustea ez ete da guzurra? Begira zelango Jainkoa agertzen deuskuen gaurko irakurgaiek. Lehenengoak, bere herriaren jasapena iruntzi ezin dauan Jainkoa aurkeztu deusku; eta bere egoeratik atarateko buruzagiren baten bila dabilana. Badinotso Jainkoak Moisesi bere herriaren oihua, negarra eta garrasia heldu jakozala eta morrontzatik askatzera jatsi behar dauala... Eta Moisesi emon gura deutso ardura edo eginkizun hori harrigarri jakon dei haretara hurreratu dalako.

Jainkoak alkarren ardurea hartu daigula gura dau, ba; alkarren sufrimendura hurreratu gaitezala, eta ez bakotxa bere kabuz bizi izan daitela, besteen ezelango ardura barik. Behar bada, geuri ez jaku atsegin holango Jainkorik... Baina, hurreratu gaitezan garretan dagoan sasira; sartu gaitezan, oinutsik eta buru-makur Jainkoagazko hartu-emonetara; jar gaitezan bere esanetara... Onartu daigun Jainkoak geu behar gaitula alkarren negarra xukatzeko, hondamenditik alkar atarateko... Jainkoak ez dau hondatzen salbatu baino; baina ¡bere seme-alaben bitartez! Zelan aldatuko eta barrituko ginateken hau ulertuz!

San Paulok aitatu deuskuzan Hodeiak eta Atxak dinoskue zein apala dan Jainkoaren presentzia: babes emoten, gose-egarriak asetzen eta beti bere herriaren esku-eskura, paraje, agertzen dana. Halatan ere, zerk ete daroa herria marmarretara eta heriotz-emoilearen esku jartera? Geure burugogorkeria adierazten dau honek, txarkeriarako jokerea, bihozbarritu beharra.

Pazientzia bakoak gara, eta asago dogu Jainkoa, gure ondoan egoteak bildurtu egiten gaitulako. Eta holango Jainkoari eskatzen deutsagu, barru barik, erruki barik, gure arerioak-eta akabatu daizala, geuk uste dogun txarkeria garbitu daiala, geure justizia egin daiala...

Begira zelango Jainkoa eta gure zelango jokabidea adierazoten deuskuzan ebanjelioko ikondoak. Gure jokabidea Jesusek iragarri deuskuna da: moztu eizu! Zergaitik euki behar dau lurra alperrik? Eta moztu egin doguz Jainkoagazko alperreko deritzegun hartu-emonak, bakarreko otoitza, eukaristia senideekaz ospatzea, eta Jainkoaren zuzenbidean jardutea... Ez dau jokabide honek bihozbarritu beharrik? Marmarra, eta besteak usteltzat jotea ete da jokabide zuzena?

Hortxe daukagu, ostera, itxaroten Mahastizaina, Jesus, ingurua atxurtzeko eta ongarritzeko prest dagoana, beste aukera eta epe luzeagoa emoten deuskuna... Hauxe Jainkoaren jokabidea! Izango ete dau eraginik gugan? Esango ete deutsagu irakatsi deigula senideen sufrimendua entzun-ikusten, eta, Moisesen antzera, bialdu gaizala esango ete deutsagu, gertu gagozala-ta berak uste dauanerako? Ala geuk gura izango dogu bera bialdu, gure usteko kaltegileak akabatu daizan gu eroso bizi izateko?

Soinetik astindu beharra daukagu, senideok, mormoxetak, alperkeriak, uste tentelak... eta hurreratu beharra daukagu; hurreratu harrigarrietara; Jainkoaren deia entzutera; senideak euren morrontzatik eta negar inguruetatik askatzera bialduko gaituan Jainkoaren deia entzutera; merituak eta bikainak izan gaitezela barik (holangoak geuk uste doguz!), pazientzia eskatuko deuskun Jainkoagana; bere Espirituaz landuko gaituanagana.

Merezi ete dau, senideok? Ala Jainkoagazko geure irudi kaxkarretan jarraitu gura dogu, onak saritzen eta gaiztoak zigortzen dauzela uste izaten? Jainkoak ez dau onartzen bere seme-alabak morrontzan egon daitezan; askatu egin gura dauz; baina ez gu barik, geugaz baino; batzuk besteen zerbitzari jarriz. Esan deiogun prest gagozala; bihozbarritu gaizala!