03/19 San Jose


03/19 San Jose

HITZALDIA

 

Zelango aldea dagoan ebanjelioari "estanpetatik" begiratzetik eta bere barruan buru-belarri sartuz hango esangureaz jabetzera. Handia, benetan. "Estanpetako" ikuspegietan Jose "heriotza on baterako" zaindaria izango dogu, oneraspen mailan geratuko da. Ebanjelioan buru-belarri sartzeak arazoak (ala argitasunak?) ekarriko dauz.

Badago arazo horreen artean Jesus senar bako emakumeagandik jaio dala esango dauanik, eta hau dala-eta bere inguruan "alboratua" izan dala, eta ihes egin behar izan dauala, eta Bateatzailearen inguruan "argitu jakola zerua".

Baina, Jesusen bizitzako lehen egun eta urteetaz gauza handirik jakingo ez badogu ere, hortxe jarten deuskue Mateok eta Lukasek Joseren irudia, Mariagaz ezkontzeko berbea emonda egoana, Jesusen aitatasuna bere gain hartuko dauana.

Mateok «gizon zintzo» lez aurkezten deusku, Jainkoaren esanetara dagoan gizon lez, haren nahia beteten ahalegintzen dan gizon lez, Jesusen aitatasuna bere gain hartzen dauan gizon lez, Jesusi Dabiden jatorria emongo deutson gizon lez: berak emongo deutso "izena" Mariaren semeari.

Zenbat ikasi geiken Joseren irudi honetatik! Ez gaitezan oneraspen hutsean gelditu, estanpetako irudiagaz. Sartu gaitezan buru-belarri ebanjelioetan, ulertzera heltzen ez garan gauzek kinkan jarriko bagaitue ere; eta, uste on osoa Jainkoagan jarrita, egin gaitezan bere entzule, bere nahiaren bilatzaile eta betetzaile, eta halango esker onez bizi izan gaitezan.