11 Urtean Zehar /A

 URTEAN ZEHARREKO XI. DOMEKEA /A

(Homilia)

 

Nahiko erratuta gagozala, uste dot, Legea, arauak eta betebeharrak Jainkoak zuzen-zuzenean emonak lez ulertzen badoguz, harek markatzen deuskun ubidetik urten barik ibili behar dogula-ta.

Israelgo herriak bizitz-esperientzia bat garatzen dau, eta bertako zuhurrek batzen dabez ohiturak eta zer jaken ongarri edo kaltegarri, eta hori guztihori zerrendatu eta lege eta arau lez, jarraibide jarten dabe, herri izateko eta herritarren hartu-emonak arautzeko balioko dabenak.

Eta horri indar emoteko, Jainkoaren aurrean jarten dabe, inguru liturgiko baten, otoi-giroan, eta herri osoak hartzen dau bizitz-arau lez, Jainkoak eurekaz batera jardungo dauala hitz emoten dauala bere aldetik.

Guk beste era batera ulertzen dogunez, ezin onartu geikez ebanjelioan Jesusek dinozkuzan gauza asko eta asko, ondo ulertuak daukaguzala uste dogun arren.

Legea eta ibilbidean nork lagundu daukan jentea dauka aurrean Jesusek. Eta, zelan ikusten dau? Deslai! Nora-ezean dabilz. Badaukez, ba, Tenplua, Ohikuneak, zuzendariak, legelariak… Baina hutsik dagoz!

Geuretu daigun hau. Eleizkizunak daukaguz, sakramentuak, eleiz alkartea, arauak… eta, barruan gagozala uste dogunok, ezin doguz erakarri seme-alabak, eta gitxiago lobak; ez gara ausartzen guzti honen barri emoten, bakotxak ahal dauan lez bizi izanik bere ustea edo sinisten dauana.

Ondo gabilz, ala deslai gabiltzala esango  leuskigu Jesusek?

Jesusek bizikera barri batera deitzen gaitu. Uste horretatik, siniskeria horretatik, urten beharra daukagu, hari jaramon gura badeutsagu egin.

Alde batetik, Jainkoaren ikuspegia hartu behar dogula dinosku: deslai dagozanakaz arduratu, eta hutsean hartu doguna eurekaz hutsean partekatu.

Hau ez da aukeratu batzuen eginbeharra; hau Jesusen jarraitzaile izan gura dogun guztion eginkizun  da: horrexetan agertzen dogu esker ona, aintzat hartzen dogula Jesus ezagutu izana, haren bideetan ibiltea, eta haxe eskeintzen deutsegula gure etxekoei.

Horrexetan laguntzen deusku eleiz-alkarte bat izateak, Jainkoagandiko hutsean hartutako dohaiak sakramentuetan gauzatuta ikusteak, bizitza bera ospatzeak, eta alkartzen garan bakotxean Jesus bera geure artean somatzeak.

Gure eginkizunak, ba, ez leuke izan behar Legea betez salbazinoa lortu gura izatea. Bestetara baino, Jesusen irakatsietan murgilduz geure barruan arakatu, hantxe aurkitu Jainkogandik hutsean hartutako dohaiak eta hareik geure inguruan deslai dagozanakaz partekatu, eurak ere euren barruan arakatu ahal izan daien adoretuz.