0202 Jaunaren Aurkezpena

Jesus Umearen aurkezpena

02/02 (Kandelario)

HITZALDIA

 

Senideok: gauza asko desitxuratu doguz, zoritxarrez, gure historian zehar, eta gehienetan inori leporatu deutsagu errua, erruduna aurkitzeak ezertatik askatuko baginduz lez.

Baina abadeak errudundu arren, edo gotzainak edo aita santua, edo lehengo aldiak eta euki doguzan edo daukaguzan agintariak edo gurasoak… errudundu arren, ez geuke geure burua zuritzea baino besterik lortuko. Eta? Berreskuratu dogu jainkozaletasuna? Gainditu dogu krisia? Lortu dogu Bakea? Parkatu deutsagu alkarri? Aldendu dira gure arteko behartsu guztiak? Errespetatzen eta maitatzen dogu alkar…? Ala orain beste errudun batzuk bilatzen hasi behar dogu, gure artean oraindino agertzen diran txarkeriok, zuzengabekeriok eta gehiegikeriok inoren erru izan daitezan? Hori ete da gure bizikerea egiteko eta garatzeko erea: gure inguruan agertzen diran ilunpeak inori leporatzen jardutea? Gaurko liturgiak besterik irakatsi nahi deusku horraitino…

Ez da egia Jainkoak bertan behera lagata gaukazana. Geure ondo-ondoan dogu, eta bere indar Espirituaz bultzatzen gaitu; bere argitasunaz argitu gura dauz gure ilunpe guztiak… Baina, senideok: ze jaramon egiten deutsagu Jainkoari? Geure atseginkerien menpe, ez ete deutsegu beste jauntxo batzuri jaramon egiten?

Lehenengo irakurgaian, liturgiak Jainkoaren jokabidea eta gugandiko hurtasuna erakusten izan badeusku, ebanjelioan aurkitzen dogun mezua izugarria izan daiteke… edo itxaropengarria eta pozgarria… nagusiontzat!

Bai, senideok! Gure gizarte eta kultura honek nagusi, behartsu eta gaisoak-eta, ezertarako ez dirala uste izan arren, gaurko liturgiak eurengan jarten dau itxaropen-iturria. Bai, senideok: kontsumo kultura hondatzaile honek baztertzen gaituan zahar eta sinistunok argitasuna emon geikeo gure inguruari, Espirituaren sua biztu geike bere altzoan, Jainko poz-emoile eta salbatzailearen barri emon geikeo…

Horren ezaugarri dira Lukasek bere ebanjelioan jarten deuskuzan Simeon eta Ana atso-agureak; eta semea izan dauan birjinea eta bere ezkon-laguna, umea, legearen arabera jauretxean aurkezterakoan… Euren itxaropena Jainkoa da! Ez dabe ezer itxaroten beste erakundeetatik; Jainkoagandik itxaroten dabe euren zoriona eta salbamena. Eta itxarote horrek tente (zutunik) iraunazoko deutse, nekatu barik, aspertu barik, itxaropena euren inguruan zabaltze ahaleginetan… Eta ikusi egingo dabe! Zahartzarora bada ere, ikusi egingo dabe Jainkoaren erantzuna, hainbeste gizalditan zehar itxarondakoa… Eta ume batengan ikusiko dabe!

Ez da erreza izango salbamen ibilbidea; ez da larrosaz jositako ohea izango… "Ezpata batek alderik alde zulatuko deutsu arimea"…; "eztabaidea sortzen dauan ezaugarri izango da umea…"; baina beragan emoten deusku Jainkoak salbamena, krisi guztien gainetik, gure arteko gorroto eta zuzengabekeria guztien gainetik, eta heriotzearen beraren gainetik dagoan salbamena.

Aukeratzea dagokigu, senideok: krisiak jota dagoan gizarte kontsumitzaile eta hondatzaile honen haritik errudunak bilatzen jarraitu geike, eta horren ondorioak jasaten; edo Jainkoagan jarri geike gure itxaropena, eta Jesusek dakarskun argia, eta emoten deuskun Espirituaren sua zabaldu geikez gure inguruan, badagoala itxaropenik aldarrikatuz eta bide horretan eginez lan, Jainkoak bere errukian, bere Semeagaz batera, bere altzoan hartu gaizan artean. Hauxe da ikustea!