Pazkoaldia: Igokundea

PAZKOALDIKO VII. DOMEKEA /C

«Jaunaren zeruratzea»

 ApEg 1, 1-11
Sal 46
Ef 1, 17-23
Lk 24, 46-53

HOMILIA

Senideok: Jesus Jaunaren zeruratzea ospatzean umezurtz geratzen diranen atsekabea azaldu geike, edo, alderantziz, gurasoen ardurea eskuratu eta garatu gura daben seme-alaben poza.

Ezer baino lehenago, senideok, izan daigun hauxe gogoan: Jesusek bere autorle gura gaitula gure inguruetan, eta horretarako «Aitaren agintzaria bialduko» deusku, Espiritua, beti geure ondoan, edo geugaz lanean jardungo dauana.

Espiritu horixe da, ba, ezagutu beharrekoa. Espiritu horrengana erakarri gura izan gaitu Paulok bigarren irakurgaian, zera esan deuskunean: «Jesukristo gure Jaunaren Jaungoikoak, aintzaren Aitak, emon deizuela jakituriazko eta goi-argizko espiritua».

Senideok: Jesusengana hurreratzen ez bagara, bere inguruan bere talde, alkarte, eleiza, egiten ez badogu, ezin izango dogu haren Espiritutik hartu, Jaungoikoa ezagutu, edo haren autorle (testigu) izan gure inguruetan; geure burutapenezko jaungoikoagaz ibiliko gara, geuri atsegin jakuna esanazo eta gura izanazoko deutsogu; baina olgetako jaungoikoa izango da, eta ez bere Espirituaz janzten gaituana bere Semearen autorle (testigu) izateko gure bizitzako une guztietan.

Behar bada, hementxe dago gakoa, senideok: gure sinismena zelan ulertzen dogu? Jesusen autorle izate lez? Ala Jainkoagandik laguntza edo mesede batzuk lortzeko bide lez, eta besteen txarkerien galga lez? Holantxe erabili izan dogu Jainkoa gure txikien aurrean sarri baino sarriago.

Baina zer izan da, edo da izan edo izan daiteke Jainkoa gure bizitzarako, eta eguneroko bizitzarako, eta ez larrialdi hutsetarako? Lehenengo irakurgaian azaldu jaku zertan ziharduen oraindino ikasleek: «Jauna, orain eregiko dozu barriro Israelgo erreinua?» Zelango aginte-gosea eta handigurea galdera horretan azaltzen dana! Eremu bardinean egon geintekez geu ere...

Ez dozue uste holangoxe galdera edo kezkekaz hurreratzen garala geu ere? Eleiz ospakizunak-eta, ez da egia Jainkoaren esanetara jarteko baino erabiliagoak dagozala geure ameskerietarako?

Entzun deiogun Jesusi: «Espiritu Santua etorri dakizuenean indarra hartuko dozue nire autorle izateko, Jerusalenen, Judea guztian, Samarian eta lurraren azken-mugaraino». Hauxe da Jesusek gugandik itxaroten dauana. Eta hauxe litzateke sinismenez erantzutea.

Senideok: horretarako, Jesusen gogoari, gugan jarrita daukan uste onari, erantzun ahal izan deiogun, behar-beharrezko dogu katekesia, Nagusien Katekesia, hezkuntza, Jainkoaren Berbara kezkati, galdezka, argi-bila hurreratzea... Nagusien katekesi taldeak eratu behar izango geukez parrokian, gogoz otoitz egingo daben taldeak, Espirituaren dohaia eskatuko dabenak...

Zain naukazue... Holangoek laguntzea merezi dabe, eta prest naukazue, neure laguntza eskeintzen deutsuet. Horretarako gogorik dozuenok, erantzun eizue datorren zapatuan Pentekoste Bijilia Otoitzera etorriz: arratsaldeko meza ostean izango da, 8rak aldera.