Pazkoaldia: 4. Domekea

PAZKOALDIKO IV. DOMEKEA /C 

ApEg 13, 14.43-52
Sal 99
Agr 7, 9.14b-17
Jo 10, 27-30

HOMILIA

Senideok: Pazkoaldiko IV. domekako ebanjelioak Jesus artzain lez aurkezten deusku. Horrexegaitik deitzen jako Artzain Onaren domekea. Eta, era berean, bokazinoaren domekea, eta bokazinoen alde otoitz egiteko eguna dogu. Gure bihotzean apur bat arakatuko bagendu, senideok, kristaua bokazinoduna dala aurkituko geuke. Hau da: Jainkoak dei egiten deutso gizakiari beragazko hartu-emonetara, eta hartu-emon horreen barri emotera, berbaz eta bizikeraz, bere Seme Jesusengan erakusten deuskun lez. Eta Jesusengan sinisten dauanak baiezko erantzuna emoten deutso Jainkoaren deiari; eta bokazinodun lez bizi izango da.

Zu eta ni, senideok, biok gara bokazinodunak. Bateoan iragarri gendun baiezko erantzuna emon gura geutsala Jainkoaren deiari: uko egin geutsan pekatu bizikereari, pekatu bide guztiei, eta sinismen bizitzari baietza emonez besarkatu gendun eleiz-bizitza eta Jainkoaren hitzaren arauz bizi izatea.

Gaurko lehenengo irakurgaian agertzen jaku hau ondo baino hobeto. Apostoluek (gaurkoan Paulo eta Bernabe agertzen jakuz) adoretsu emoten eben Jesukristoren barri; jarraitzaile asko batzen jakezan; honek bekaitza (edo inbidia) sortuazoten dau orduko judegu eleiztarren artean, apostoluen aurka erasoa eratzeraino bekaitza. Apostoluek ez deutse gogor egingo, iragarri baino, Jainkoaren deia eurek ukatzen ebela-ta, agindutakoari jarraituz, jentilengana bihurtzen dirala, harei ere Jainkoaren salbamena iragarteko. Eta jentilek pozik hartzen dabe barri hori. Ohartu, senideok!

Zer dago jokoan hemen, senideok? Ez da azken salbamena jokoan dagoana, bigarren irakurgaian argi agertu jaku-ta inork zenbatu ezin-halako enda eta leinu, herri eta hizkuntza guztietatik dagozala aulkiaren eta Bildotsaren aurrean zutunik (hau da: bizirik). Bildotsaren odolak pekatu guztiak garbitu dauz, ba, eta bizidun guztiak aurkezten dira Jainkoaren aurrera, zeruetako kantu ederrean esku hartzeko betiraun guztian.

Jokoan dagoana, ba, senideok, beste hauxe da: Jainkoaren guganako maitasuna, errukia, eta geroko saria Jesukristori esker ezagutzen dogunok, zelan emon geike geure bizitzan honen barri, beste guztiek ere honen pozean bizi izan daitezan?

Hementxe aurkitzen dogu bokazinoa. Baina askok eta askok ez dakielako, beste hainbatek beste ardura batzuk daukezalako ez dabe holan ulertu gura euren bizitza.

Argibide dogu judeguek agertzen daben apostoluen aurkako haserrea, eta eratzen daben erasoa. Eurak sinistunak dira, Moisesen Legeari jarraitzen deutsoe, aginduak betetetik jatorke salbamena..., eta Paulok eta Bernabek desbideratu egin gura dabez euren salbamen bidetik, bide bakarra Jesukristo dala iragarriz; eta hau danentzat gainera: judeguentzat eta atzerritarrentzat, Jainkoak danak dauzalako seme-alaba. Eta judeguok euren burua sinistuntzat eta jainkozaletzat, eta salbamen bidean dagozalakotzat dauken judeguok, uko egingo deutsoe Jainkoaren deiari.

Guk, senideok, apaltasunik handienaz begiratu behar izango geuskio, ba, gure sinistun izateari. Ez gara judeguon antzeko, txarrik ez dogula egiten, eta mezatxoa entzuten dogula, eta sinismeneko arauetatik geuk uste doguzanak geure erara betez lortzen dogula betiko bizia uste badogu? Holan bada, ez dogu Jainkoagandik deirik itxarongo, ez beste ezer, dana daukagulako geure ohituretan.

Baina Jesukristorengan jarten badogu gure uste on osoa, egunero entzungo dogu Jainkoaren deia: alkartzera, Jainkoagazko hartu-emonetara, zerbitzura, parkatzera, Bakea eraikitera, baztertuen eta pobreen ardura hartzera..., Jesusen bizitzan agertzen dana geurean gauzatzera. Horretarako, Idazti Deunetara hurreratu, alkarregazko otoitz gartsua egin eta Eukaristia ospatu, senideekaz, Jesusengan, batasuna lortzeko.

Senideok: benetan litxakigu pozgarria Jesusen jarraitzaile izate hau bokazino lez bizi izatea eta egunero barriztatzea eta alkarregaz ospatzea. Honek bere frutua emoten dau: bokazinodun berriak sortuazoten dauz eta Jainkoaren nahia gure artean gauzatuazoten dau.

Baina, ikusi dogu: Jainkoak dei egiten deusku baina ez gaitu behartuko; geure erantzunaren zain egongo da. Gogoan izan: erantzun hori geure ondoan dagoenak ere behar dau, horrela alkar berotzen eta adoretzen dogulako.

Ze erantzun emon gura deutsozu dei egiten deutsun Jainkoari? Bokazinodunak behar doguz: eskatu deioguzan Jainkoari.