Garizumaldia: 3. Domekea

GARIZUMAKO 3. DOMEKEA /C

 Ex 3, 1-8a.13-15
1Ko 10, 1-6.10-12
Lk 13, 1-9

HOMILIA

«¡Bihozbarritzen ez bazaree danok hondatuko zaree! —entzun dogu, senideok, Jesusen ahotik ebanjelioan.

Garizuman zehar behin eta barriro entzungo dogu dei hau. Era honetaraxe emon geutsan hasierea Garizumeari: «bihozbarritu zaiteze, eta sinistu Barri Ona». Zer da, orduan bihozbarritzea? Bihozbarritzea Barri Onagaz lotzen dogu: Barri Ona Jesus dogu. Jesusek Jainkoa iragarten deusku. Jainkoaz dogun ustea edo irudia aldatu egin behar dogu, ba, bihozbarritu gura badogu.

Senideok: bihozbarritzea ez da hobeagoa izateko ahaleginak egitea, edo gehiago errezatzea edo mezaren bat edo beste entzutea edo barikuetan okelarik ez jatea... Bihozbarritzea Jainkoak emoten deuskun grazia da; beste inork edo ezerk eragin ezin daikena. Jainkoak nigan egin daiken lana da, bihozbarritzea. Jarri gaitezan, ba, bere esanetara.

Begira zer esan deuskun Paulok: «Gure gurasoak danak egon ziran hodeipean, danek igaro eben itsasoa; eta hodeian eta itsasoan, danek hartu eben Moisesegaz lotzen ebazan bateo bat... Euretariko asko, ostera, ez jakozan atsegin izan Jaungoikoari, eta hilda gelditu ziran basamortuan».

Gu danok egon geintekez sakramentuez inguraturik (bateoa, ezkontza, eukaristia...); baina Jainkoari atsegin gaiakoz? Ezagutu daigun Jainkoa, maitatu ahal izan daigun eta gure bizitza haren atsegineko izan daiten.

Gure arteko askok bertan behera itzi dabe Jainkoagazko hartu-emona. Gizakion txarkeriagaitik edo berezko kalteekaitik sortutako sufrimena ez dauala arintzen Jainkoagazko hartu-emonak edo sakramentuetara hurreratzeak, eta arlo hori denbora galtzea baino ez dala uste dabe. Jainkoak ez gaitu kalteetatik babesten; zertarako dogu kateetatik babesten ez gaituan Jainkoa?

Egia ete da hori? Geure ustea ez ete da guzurra? Begira zelango Jainkoa agertzen deuskuen gaurko irakurgaiek. Lehenengoak, bere herriaren jasapena iruntzi ezin dauan Jainkoa aurkeztu deusku; eta bere egoeratik atarateko buruzagiren baten bila dabilana. Badinotso Jainkoak Moisesi bere herriaren oihua, negarra eta garrasia heldu jakozala eta morrontzatik askatzera jatsi behar dauala... Eta Moisesi emon gura deutso ardura edo eginkizun hori harrigarri jakon dei haretara hurreratu dalako.

Jainkoak alkarren ardurea hartu daigula gura dau, ba; alkarren sufrimendura hurreratu gaitezala, eta ez bakotxa bere kabuz bizi izan daitela, besteen ezelango ardura barik. Behar bada, geuri ez jaku atsegin holango Jainkorik... Baina, hurreratu gaitezan garretan dagoan sasira; sartu gaitezan, oinutsik eta buru-makur Jainkoagazko hartu-emonetara; jar gaitezan bere esanetara... Onartu daigun Jainkoak geu behar gaitula alkarren negarra xukatzeko, hondamenditik alkar atarateko... Jainkoak ez dau hondatzen salbatu baino; baina ¡bere seme-alaben bitartez! Zelan aldatuko eta barrituko ginateken hau ulertuz!

San Paulok aitatu deuskuzan Hodeiak eta Atxak dinoskue zein apala dan Jainkoaren presentzia: babes emoten, gose-egarriak asetzen eta beti bere herriaren esku-eskura, paraje, agertzen dana. Halatan ere, zerk ete daroa herria marmarretara eta heriotz-emoilearen esku jartera? Geure burugogorkeria adierazten dau honek, txarkeriarako jokerea, bihozbarritu beharra.

Pazientzia bakoak gara, eta asago dogu Jainkoa, gure ondoan egoteak bildurtu egiten gaitulako. Eta holango Jainkoari eskatzen deutsagu, barru barik, erruki barik, gure arerioak-eta akabatu daizala, geuk uste dogun txarkeria garbitu daiala, geure justizia egin daiala...

Begira zelango Jainkoa eta gure zelango jokabidea adierazoten deuskuzan ebanjelioko ikondoak. Gure jokabidea Jesusek iragarri deuskuna da: moztu eizu! Zergaitik euki behar dau lurra alperrik? Eta moztu egin doguz Jainkoagazko alperreko deritzegun hartu-emonak, bakarreko otoitza, eukaristia senideekaz ospatzea, eta Jainkoaren zuzenbidean jardutea... Ez dau jokabide honek bihozbarritu beharrik? Marmarra, eta besteak usteltzat jotea ete da jokabide zuzena?

Hortxe daukagu, ostera, itxaroten Mahastizaina, Jesus, ingurua atxurtzeko eta ongarritzeko prest dagoana, beste aukera eta epe luzeagoa emoten deuskuna... Hauxe Jainkoaren jokabidea! Izango ete dau eraginik gugan? Esango ete deutsagu irakatsi deigula senideen sufrimendua entzun-ikusten, eta, Moisesen antzera, bialdu gaizala esango ete deutsagu, gertu gagozala-ta berak uste dauanerako? Ala geuk gura izango dogu bera bialdu, gure usteko kaltegileak akabatu daizan gu eroso bizi izateko?

Soinetik astindu beharra daukagu, senideok, mormoxetak, alperkeriak, uste tentelak... eta hurreratu beharra daukagu; hurreratu harrigarrietara; Jainkoaren deia entzutera; senideak euren morrontzatik eta negar inguruetatik askatzera bialduko gaituan Jainkoaren deia entzutera; merituak eta bikainak izan gaitezela barik (holangoak geuk uste doguz!), pazientzia eskatuko deuskun Jainkoagana; bere Espirituaz landuko gaituanagana.

Merezi ete dau, senideok? Ala Jainkoagazko geure irudi kaxkarretan jarraitu gura dogu, onak saritzen eta gaiztoak zigortzen dauzela uste izaten? Jainkoak ez dau onartzen bere seme-alabak morrontzan egon daitezan; askatu egin gura dauz; baina ez gu barik, geugaz baino; batzuk besteen zerbitzari jarriz. Esan deiogun prest gagozala; bihozbarritu gaizala!