Garizumaldia: 4. Domekea

GARIZUMAKO IV. DOMEKEA

Jos 5, 9a.10-12

2Ko 5, 17-21

Lk 15, 1-3.11-32

HOMILIA

Senideok: Garizumako IV. domeka hau San Jose bezperetan jatorku; egun honetan gure Misinoak izaten doguz gogoan, beste elizbarruti batzuetan Seminarioaren eguna ospatzen dabela. Misinoak eta Seminarioa aitatu doguz: zer dinoskue gaur egun batak eta besteak? Ezer bai? Zelan moteldu jakun misino-egarria, eta abadetzarako bokazinoa! Uste dogu izan geintekezala kristinau, Jesukristoren jarraitzaile, abade barik, edo gure sinismena iragarri barik? Jainkoaren bizipena ezin daiteke, senideok, zabaldu barik barruan gorde: usteldu egingo litzateke; lehertu egingo gindukez... Ikusiko dogu ebanjelioan...

Garizuman bihozbarritzeko deia entzuten dogunean, senideok, Jainkoari lepo emonda bizi izatetik, Jainkoari begira bizi izatera aldatu behar dogula ulertu behar dogu. Gaurko Liturgiako irakurgaiek argitu leikigue egoera hau.

Poztasun egun garrantzitsua iragarten deutsola Jaunak Josueren bidez bere herriari, esan deusku lehenengoak: amaitu da Egiptoko morrontza; amaitu da 40 urteko eremua eta hango hotz-beroak, gose-egarriak eta piztien erasoak jasatea... Baina badakigu zer jazoko jaken israeldarrei: lehenengotan Jainkoari eskerrak emon arren, haren ontasuna goralduz (salmoan iragarri dogu hori), hurrengo belaunaldietan Jainkoagaz ahaztu eta senidea astintzen hasiko dira, alkar zapuzten, jainko arrotzak gurtzen... Zer behar dogu hori jazo ez dakigun? Hona salmoan esana: begitu eiozue Jaunari alaitu zaitezen, / zuen aurpegiak lotsatu ez daitezan.

San Paulok, bigarren irakurgaian kristaua sorkari barri dala esan deusku. Kristoren bidez Jainkoagaz adiskidetuta gagozala (gure ezelango irabazi barik), eta adiskidetzeko zerbitzua ezarri deuskula. Bai, senideok? Eskuratu dogu Jainkoak ezarri deuskun zerbitzu hori? Entzun daigun barru-barruan apostoluaren agindua: Jainkoaren izenean eskatzen deutsuegu: adiskidetu zaiteze Jainkoagaz.

Behar bada, ez daukagula adiskidetu beharrik uste izango dogu; hori beste batzuentzako deia dala; eta beste aukera bat gehiago galduko dogu horrela. Hori gertatu ez daiten, senideok, hausnartu daigun apurtxo bat ebanjelioko parabolea. Parabola honen helburua Farisearren eta Idazlarien (orduko eleiztarren, esango geuke) jarrerea salatzea da, bihozbarritu eitezan. Baina hareik euren hondamendian jarraitu gura dabe, antza, Jesusi jaramonik egin barik.

Begira sarreran esandakoa: zergalariak eta pekatariak piloka hurreratu oi jakozan Jesusi entzuten; eta farisearrak eta idazlariak alkarregaz marmarrean hasi ziran. Euren burua ontzat euken farisearrek eta idazlariek Legea ezagutzen eta beteten ebelako. Eta zergalariak-eta eukezan pekataritzat Legea ez ezagutzen ez beteten ez ebelako. Euren ustez, ba, Jainkoak pozik egon behar eban eurekaitik, eta haserre besteekaitik... Baina Jesusek zera dinotse: Jainkoa aita errukiorra dala, eta ez dauala gure meriturik itxaroten gure gainera bere maitasuna isurteko; bere bihotz zabalari harrera eginez erantzun deiogula baino.

Seme txikiak, triskantzak egin ondoren, aitarenetik asago egotearen ilunpearen eta gosearen, beharraren, eztenkadak somatzean, aitarenean baino hobeto inon ere ez dagoela autortzen dau. Eta damutasunez etxeratzean, berari itxaroten aurkitzen dau aita, beso zabal. Eta ez deutso itziko ondo gertatuta daukan hitzaldia amaitzen. Aitak berak dihardu negar baten semea berreskuratzearen pozez.

Seme nagusia, ostera, Farisearren, Idazlarien eredu dana (eleiztarrona esango geuke) ezertan ez da aldendu izan aitaren esanetatik; haren morroi bizi izan da. Baina bihotza gogortu egin jako aitari gogorkeriaz erantzutera heltzeraino, anaiarentzako barrurik ez izateraino. Betekizuna barruan lehertu egin jako.

Gure elizkizunek-eta, otoitzak eta oneraspen ekintza guztiak jarten dauz zalantzan koadro honek. Senideok: kunplimentuak bihotza gogortu egin daike. Danok ezagutzen doguz, geure artean ere, holango egoeratan dagozanak: eleiztarrak izan arren, erruki bakoak diranak.

Jainkoak, ba, ez deuskuz hartuko kontuan gure ustezko merituak, gure damutasuna baino, errukia, bere Semeagan adiskidetze bide izan gaitezala. Begiratu deiegun, ba, gure Misinoei eta gure Seminarioari... sumatu daigun geure barruan eurek ozentzen deuskuen orroa; eta aurtortu daigun bai hitzez eta baita egitez ere ondo bizi izatea baino adiskidetzan bizi izatea dala Jainkoaren gogokoago; eta emon daiguzan horretarako pausoak, bai otoitz eginez, bai ebanjelioaren irakurketara hurreratuz eta baita gure ondasunak bananduz ere, hankapetuta dagozan gure senideen beharrizanak geure beharrizan bihurtuz, zati on baten behintzat.