Erramu Domekea (A-B-C)

ERRAMU DOMEKEA /A-B-C

Senideok: zer jatorku burura Juanaren Nekaldia entzun ondoren, eta aurretik Isaiasen Liburuko Jaunaren morroiaren pasarte hunkigarria, eta salmoko garrasiagaz bat egin ondoren? Eroan gaitu guzti horrek Paulok Filipostarrei egindako epistolan aurkeztu deuskun Jesu Kristorekin bat egitera? Ala bertan, lehengotan, jarraitzen ete dau gure siniskereak? Hemen iragarritakoari entzun-gor eginez, geurean ez ete dogu jarraitzen, ez dogula entzuten edo ulertzen eta beste atxakia batzuk jarriz?

Senideok: gure sinismeneko misterioetan sartzeko atea zabaltzen deusku Erramu Domeka honek. Misteriook alkarregaz ospatu gura doguz, Arratiako Eleizan somatuz geure burua, bakotxaren parrokiatik harago: lasaitasunean, prisa barik, sakontasunean… gugan eragina izan daien.

Eta ez dabe izango, geurean jarraitzen badogu, zuzen gabizala uste izanik; aldatu egin da Jainkoa, ala?, eta holango galderak egiten badoguz.

Izango dabe eraginik, ostera, isiltasunean murgiltzen bagara; Jainkoagazko zintzotasuna bilatzen badogu; Jesusen eskeintza onartzen badogu.

Judeguek ez eben onartu: Jainkoaren gogoko izatea Legea betetea zala uste eben-eta; ezin eben onartu Jesusen salbazinoa, ez zan-eta eurek itxaroten ebena: eurek Jainkoaren unean uneko laguntza bilatzen eben; Jesusek erabateko salbazinoa eskeintzen eutsen.

Jesusek eskeintzen deuskun salbazinoa geure izakereaz bat egitea da: Aitagan uste on osoa jarriz, bizitza besteen aldeko janari emoteraino; harexengan, eta ez guk egin geikezan Lege betetze, gauza on ez beste ezertan uste osoa izateraino.

Ez da erraza, geu ere gauzak egitera eta ez Jainkoaren seme-alaba izatera gagoz-eta ohituak. Asko sakondu behar dogu horraino heltzeko. Aprobetxatu daiguzan egunok.

 


HOMILIA

Senideok: Jerusalenen Jaunaren sartzea ospatu dogu ospe handiz eta alaitasunez. Eta ondorioa heriotza zigorra, nekaldia eta kurutzean josia izatea izan dira, mundu honetako ahaltsuen indarpean.

Zein argi ikusi geiken liturgia honetan munduan daukagun gizakion arteko zatiketea, eta ahaltsuek apalen eta pobreen gain erabilten daben (dogun?) gogorkeria, zigorra eta zuzengabekeria!

Jainko Aitari zintzotasunez erantzutearren, erlijio-agin­tariek, agintari politikoen aurrean salatzen dabe Jesus, eta heriotzara zigortuazoten.

Gure inguruan, bai erlijioaren eta baita beste eretako ahaltsuen bidebakokeria asko eta asko salatzen daben guztien irudi dogu Jesus. Eta atara geike irakatsirik haren jokabidetik.

Senideok: Jainkoari zintzotasunez erantzun gura deutsagunok, Jesusi jarraituz, gure inguruan dagozan bidebakokeriak ikusteko zabaldu behar doguz begiak; hareik salatzeko jaso behar dogu ahotsa, eta alkartu behar dogu bidebakokeriak salatzeko alkartzen diran guztiekaz, ez ideologia batek edo bestek bultzatuta, Jesus Jaunaren irakatsiak eta bere Espirituak bultzatuta baino.

Izan daigun gogoan: Jesusek bere bizia emon egingo dau. Hauxe da Jainkoaren Espirituak egiten dauana: bizia emon, ez kendu…, ezeren izenean.

Horretarako… parkatzen ikasi beharra dago: «Aita, parkatu eiezu, ez dakie-ta zer egiten daben».

Eta zein gatx egiten jakun kalterik jasan badogu kaltegileari parkamena luzatzea! Geure burua gitxiagotzea litzatekela uste dogu; kalte eginari kalte egiteaz erantzun behar jakola uste dogu.

Jesusen bihotzean ez dago gorrotorik; ez dago inor gaitzesteko gogorik, maitasuna baino; gaizkilea bera ere salbatzeko gogoa baino; Jainkoari zintzo erantzuteko erabagi sendoa baino… Eta parkatu egin daike. Eta inork ez dau esango ahula edo mekoa danik Jesus keinu zoragarri honetan: «Aita, parkatu eiezu, ez dakie-ta zer egiten daben»…

Zer daukagu bihotzean, senideok, batez ere inogandik kalterik hartu dogunok? Jesus geugaitik hil dala onartzen badogu eta sinisten, zerau eskatuko deutsogu: askatu gaizala gorroto era guztietatik; sartu gaizala maitasun bideetan, eta, parkatzeko gauza izanez, eraiki ahal izan daigula alkar onartzen dakian gizarte baketsu bat. Aprobetxatu daiguzan egunok hausnartzeko eta otoitz egiteko.