Garizumaldia: 5. Domekea /A

GARIZUMAKO V. DOMEKEA /A

HOMILIA (I)

 

Senideok: gaurko liturgia honegaz urrats handi bat emoten dogu Pazkoara bidean; ia-ia bertan Pazkoan gagozAla esan geike, Jesus hildako bat bizitzaratzen ikusten dogunean. Zer da hau? Galdetu geike. Edo hobeto: zer aurkitzen dabe Jesusengan beragana hurreratzen diranek? Ahalegindu gaitezan apurtxo bat gure hausnarketa honetan Jesusengana hurreratzen; itxi deiogun berari gure bizia argitzen...

Aurreko domeketan Jesus bizitz-iturri lez autortu genduan, samariar emakumeari esandako hitzetan: “Bazenki ‘emoidazu ura’ nork dinotsun, zeuk eskatuko zeuskio berari, eta harek ur bizia emongo leuskizu”; eta baita bizitzako argi ere, itsuari ikusmena emotean. Gaurko domeka honetako liturgian beste hauxe autortuko dogu: Jesus ezagutzen dauanak ez dau heriotzarik ikusiko. Zer ete da heriotzea? Edo zer ulertzen ete dogu heriotzaz? Guzti hori argitu nahi deusku Jesusek.

Antxinatik eukan Ezekiel profeteak adierazita Jainkoa bizien eta hilen Jainkoa zala; edo hobeto esanda, Jainkoak hila bizira erakarten dauala; Jainkoarentzat ez dagoala hilik ez heriotzarik, bizitzea baino. Jainkoa, ba, bizien Jainkoa da. Haren aurrean ez dauka indarrik hilobiak, edo indarge gelditzen da, heriotzearen indar-ezaugarri dan hilobia. Jaungoikoak hilobiak zabaldu, eta hilak bizitzaratu, beraganatu egiten ditu. Beragan hartzen dau gizakiak bizitzearen osotasuna; horretarako heriotzatik igaro behar dauan arren. Ebanjelioak, ba, ez gaitezAla heriotzan gelditu aginduko deusku; jaso daiguzala begi-bihotzak, eta sinistu daigula Jesusengan, berau dalako Jainkoaren egintzak gauzatzen dituana. Begira zelan.

Betaniako hiru anai-arrebak, Jesusen lagunak dira. Baina oraindino judeguen legepean eta ohituretan jarraitzen dabe. Ez da, ba, hain erraza Jesusi jarraitzea. Edo bildur dira; edo uste hobea dabe ohituretan eta legekerietan. Jesusek inguru horretatik askatu nahi ditu (askatu egin nahi gaitu); baina ezin da ulertu Jesusek egin nahi dauana: hain dagoz, eta hain gagoz geuretxoan zarratuta! Jesus ez da sartzen ulerkerotan; kanpora urten behar dabe, banan-banan, ahizta biak; eta judeguen bildurrez gainera. Eta Jesusek negar egin behar dau bere lagunak hain loturik ikustean. Bera Jainkoari loturik bizi da; eta ez dauka ezer eskatu beharrik, dana bere esku itxita daukalako Aitak; horregaitik eskerrak emoten ditu. Eta, minduta, aurpegira botaten deutse Jesusek euren bihotz-gogorkeria: “ez deutsut esan, sinisten badozu, Jainkoaren aintza ikusiko dozula”? Eta Jesusek, heriotzatik bizira egiten deutso dei hilobian dagoan Lazarori, Jaungoikoaren lanak eginez. Baina begira zer dinon gertakizun harrigarri honetan.

Lazarok, esku-oinak loturik urteten dau hilobitik: harrigarria! Judeguen ohiturek eta jokabideek oraindino lotuta daukela adierazten dau. Eta eurek askatu behar dabela, gainera: “askatu eizue, eta itxi ibilten” dinotse-ta. Eta Lazaro ba doa, aske, baina ez bere arrebengana eta lagunengana, biziaren Egileagana, Jainkoagana baino. Horixe adierazten deusku gertakari honek. Eta euren arteko askok sinistu egiten dabe Jesusengan; baina beste asko agintariengana bihurtuko dira, bildurrez, holangorik ezin onartu daitekela-ta.

Zenbat kostatzen jakun, senideok, gure ohiturak eta pentsamoldeak-eta aldatzea. Jesusengana hurreratu garala uste izaten dogu, eta geure ohituretan zarratuta egoten gara. Ezin onartu geike Jesus bizitzaren jabe dala, eta gorpuak ezin zainduta ibilten gara. Geuri ere ez ete deusku aurpegiratuko Jesusek Martari esandakoa: “ez deutsut esan, sinisten badozu, Jainkoaren aintza ikusiko dozula”?

Eskatu deiogun Jesusi beragan sinistu daigula, eta lagundu deigula gure ohikerien loturetatik alkar askatzen.

 

OTOITZA

Jauna: ez zaitut larregirik ulertzen.
Ez nazala bizi dinostazu?
Nirea ez dala bizia, zeurea baino?
Nik, bizi nazala uste dot, ba, Jesus!

Badaukat jatekorik eta janztekorik;
badaukat osasunik eta dirurik…
Zer gehiago behar da bizi izateko?
Edo… ze bizitzatara deitzen nozu?

Geure giza-usteetan, batzutan,
edo erlijino-usteetan beste batzutan,
hilda egon geintekezala dinoskuzu, Jesus:
behar ez diran loturei lotuta, katibu.

Emoidazu, Jesus, zeurea dan bizia;
usteei eta ohiturei, edo beharrizanei,
edo erlijio-egiei loturik ez dagoana;
behartsuari lotua, Aita gurtzen dauana.

 

 

GARIZUMAKO V. DOMEKEA /A

HOMILIA (II)

 

Senideok: Garizumako 5. domeka honek bizitzaz hitz egiten deusku, bizitzearen barri dakarsku, bizia zelan ulertu geiken eskeintzen deusku, eta, aldabatera, bizitzeaz zein erratuak gagozan ere aurpegiratzen deusku. Izango ete dogu bihozbarritzerako bide? Jainkoak geure erantzuna eskatzen deusku. Ausartuko ete gara erantzun hori emoten? Eskatu deiogun horretarako behar dogun adorea eta ebazpena.

Irakurgaiek bizitzeari eta heriotzeari buruzko uste ezbardinak mahairatu deuskuez: Ezekiel profeteak, hondatuta dagoan herria, hilobietan balego lez ikusten dau; eta Jainkoak bizitza emongo deutsola agintzen deutso. Ze heriotza eta ze bizitza da Ezekielek mahairatzen dauana?

Paulo apostoluak, hildako lez ikusten dauz euren grinenpean bizi diran (edo dirauen) gizakiak, jentil izan edo, sinistun izan arren, jentil ohituretan bizi izan. Eta Kristogandik sortzen dan bizikerara deitzen deutse bere ikasleei… Ez dinogu, ba, gauza bera, bizitza aitatzen dogunean; gauza ezbardinak adierazoten doguz berba bardinaz.

Gaurko Ebanjelio pasartea bizitzearen aldeko kantu eder bat dogu: Jesusek negar egiten dau Lazaro bere lagunaren hilobi ondoan. Ondo aztertzeko, begiratzeko, hausnartzeko eta norberetzeko egoerea dogu hau, senideok: Jesusengan Jainkoa bera agertzen jakula sinisten dogunok, Jesusen negar egitean Jainkoa bera ikusten dogu negarrez.

Eta galdetu geikeo geure buruari egoera honen aurrean… «Zeri negarrez dihardu Jainkoak Jesusengan?»

Bere lagunaren gaisoaldiaren barri izan dau Jesusek; baina ha hil arte itxaron dau harenganatzea. Zer esan gura ete deusku ebanjelariak honegaz?

Jesusek heriotza horri loaldia deitzen deutso: lotan bada, itxartuko da —dinotsoe ikasleek. Gure heriotzea, Jesusentzat, loaldia da… Zertan dihardugu?

Aurreko domekan Jesusek ikusmena emon leigula esaten gendun, gizaki barri egin geinkezala. Baina oraingoan, oraindino, Jesusen begiramena eta gurea ez datozela bat esan eta autortu behar dogu; ez garala bizi gizaki barri lez. Gure heriotzan Jesusek loaldia ikusten dau. Orduan? Zeri negarrez dihardu?

Jarraitu daigun… Sinisten dozu hau? Jesusek bere burua eskeintzen dau berbizkunde eta bizitza lez. Bizitza biztuereagaz alkartzen dau Jesusek. Ze bizitzaz dihardu?

Sinismenaz hurreratu behar dogu hildakoaren lekura, hilobira; eta haren gure artean, bata besteagandik banantzeko, ezarri dogun harlosa kentzeko gauza izango gara, ustel-hatsaren bildur barik… Eta herio-lokarriez gainetiko askatasunez ibiliko da. Baina gertaera hori norberetzeko, norberak askatu behar izango deutsoz lokarriak ustezko hildakoari, eta itzi behar deutso bizi izaten. Ze bizitzatan? Berbiztuen bizitzan! Jainkoak baino beste inork emon ezin dauan bizitzan. Bizitza barrian. Jainkoaren altzoan, betiraunekoan… Heriotzeari beste era batera begiratzea eskatzen dau honek.

Senideok: gure grinak asetzea baino ez ete dogu bizitzaldia? Asko eta asko hilda dagoz, oporretan joan-ezinak hilda; edo, asteburu baten, kontsumo edo ikuskizun tokietara joan-ezinak hilda; edo zanetan droga zaztada bat sartu ezinak hilda… Era askotako heriotzak ikusi geikez gure inguruan. Geu, sinistunok ere, Pauloren ustetan —eta horixe gogoratzen deusku Frantzisko, aita santuak— hilda egon geintekez bizitzan, geure ohitura eta betekizunetan, Marta eta Mariaren antzera, eta hareen inguruko judeguen antzera…

Jesusengana hurreratzen bagara, bere esanetara, herio-lokarriak askatzen badoguz beragan uste on osoa jarriz… bizi izango gara!, berbiztuen bizitzan, bizitzeari Jesusen begiradaz begiratzen deutsoenen bizitzan; Jainkoari zintzotasunez erantzuten deutsoenen bizitzan…

Bizitza honetan, senideok, Jesusi jarraituz, behartsuaren ondoan egotea, haren lagun eta salbatzaile izatea bilatzen da. Bizikera honetan, kontsumokeriatik eta Natura zigortzetik aldentzea bilatzen da, neurritsu bizi izatea bilatzen da. Hau egun batetik besterako lana ez dalako, eta ez eta norbere indarren araberakoa ere, beste batzuekaz otoitz eta hausnarketa giroan alkartzea bilatzen da…

Jesus handia dala autortzea, norbere arimaren salbamena bilatzea baino gehiago da: Jesusengan sinistea, eta harek emoten deuskun bizitza barrian bizi izatea. Eskatu deiogun grazia hori.

 

 

GARIZUMAKO V. DOMEKEA  /A

Biziaren katekesia

     Senideok: hirugarren katekesia nagusia dakarsku 5. domeka honek: biziarena. Aurreko biak Urarena eta Argiarena (Bateoa eta Sinismena) izan ziran. Hirugarren katekesia nagusia honegaz goi mailara heltzen gara. Hori dala-eta, Jesusek galdera bat egiten deusku: Sinisten dozu HAU?

     Behar bada, senideok, gure burua sinistuntzat daukagu, eta ez gara konturatzen zer galdetzen deuskun Jesusek: sinisten dozu HAU? Aztertu behar izango geukena, ba, senideok, ea Jesusek eskatzen deuskuna sinisten dogun ala ez, izango da.

     Sinisten eban Mariak: baina ZER, ZELAN?

     Sinisten eban Martak: baina zer, zelan? … zu hemen izan bazina…

     Sinisten eban judeguek, eta galdetzen eben: Itsuari begiak igiri deutsozan honek, ez ete eikean galazo Lazaro, bere laguna, hiltea?

     Barriro ere esan beharra daukagu, ba, senideok, Jesusek sakontasunean bizi dauala bere bizitza, guztiz Aitaren esanetara, eta senideei emona, besteak bizi izan daitezan bere bizia emoteraino (Lazarogaz eginak heriotzara eroango dau, jarraitzaile barik gelditzeko, bildur ziralako farisearrak asko eta asko ziralako Jesusi jarraitzen eutsoenak). Eta hareek ere sinisten eben: baina zer?

     Jesusek sinisten dauana Jainkoagaz bizi izan geintekezala da; eta heriotzea, Jainkoagandik urrun izatea dala, itxuraz eta aldi honetan, bizi garala ere.

     Jainkoagaz bizi izateak ondokoei garrantzia emotea esan gura dau; hareen alde bizitza emoterainoko garrantzia. Sinismena ez da, ba, Jainkoa norbere esanetara jartea, norbera jartea baino Jainkoaren esanetara.

     Horren barri geure bizikereak berak emoten dau: Jesusek etorkizunera, Jainkoagango bizitza betera begira jarten gaitu; baina guk hementxe eta oraintxe gura izaten dogu, eta itxaropenari ateak itxita bizi gara, ziztu bizian, dana bat-batean lortzeko asmoz.

     Horregaitik ez dogu errukirik kalterik egin deuskunagaz. Horregaitik emoten deutsegu lepo ahaleginik eskatzen deuskuen, edo luzarorako diran ekintzei…

     Bai: eskuzabalak izan gara Caritasek deitu eta aurrean jarri deuskuzan ekintzetan. Unean-uneko ekintzetan bai, agertzen gara; baina luzarorakoetan…

     Eleizeak Ebanjelizatze Egitasmoan esku hartzera egiten deusku dei; edo domekero eukaristian esku hartzera; edo Izadiak jasaten dauzan erasoak saihestera gonbidatzen gaitue; edo gure ohituretatik urtetea eskatzen deuskuen ekintzetara… Erantzunik ere ez!

     Senideok: jarrerok, gure sinismenak Jainkoa geure esanetara jartea bilatzen dauala erakusten deuskue. Heriotzara garoaz.

     Askatu eta itzi joaten agintzen deutse Jesusek: ez gaitezala egon orain artekoari begira eta lotuta; bilatu daigula Jesusek dakarskun barritasuna, biztuera-bizia, Jainkoagan dana.

     Sinismen honek lotura guztietatik askatuko gaitu, askatasunean bizi izatera eta, besteak bizi izan daitezan, norbere bizia emoteraino maitatzera eroango gaitu.