HOMILIA
Udako eta Neguko Solstizioak (Ekinokzioak baino gehiago) parrandarako eta gehiegikerietarako egunak ziran antxinatik. Eleizeak ahalegin handiak egin izan ditu gehiegikeriak baretzeko eta baztertzeko. Baina, ikusten dogunez, gaur egun lehengora garoaz inguruak: gehiegikerietara eta jainkozaletasuna baztertzera.
Hortxe kokatu behar dogu Bateatzailearen irudia. Bere aldietan profetatzat hartua izan zanez, zelan iragarri izen handiko gizona zala? Holango egiak, ordukoek, kontakizun bidez azaltzen ebezan, eta ez definizino bidez.
Jainkoagandiko gizona zala esan gura deusku, ba, haren izena Jainkoak agindua zala (Joan ezarriko deutsazu izena) dinoskunean, auzoko guztiak harriturik geldituazoz. Eta izen handiko gizona zala esan gura deusku guraso nagusi eta antzuengandik sortua zala esaterakoan.
Hori baino gehiago ere agertzen jaku ebanjelio zati honetan: Joanek, bere tradizinoari uko eginez, basamortura egingo dauala ihes esan deusku.
Basamortua Jainkoa bilatzeko lekua da, inguru kutxatu guztietatik urrun. Joanek, ba, berari egokion abade izateari (Zakarias bere aitaren tradizinoari jarraiki) itzi, eta, Israelen itxaropenari hauspo emotearren, basamortura, Jainko bila, egiten dau ihes.
Herriko ohiturak, eta baita orduko erlijio agintari eta giroetan ere ez dau jainkozaletasunik aurkitzen, edo Jainkoaren agintzariak itxaroten ebanink ezagutzen. Eta han doa, Jainko egarriz, basamortura.
Bizikera barri bat, beretua, hartuko dau; eta ozenki iragarten Jainkoak eskatzen ebana bihozbarritzea zala, ez itxurazko gurtza. Eta iragarpen hau zemaipean egiten eban.
Nazareteko Jesusek ere entzungo deutso; eta haren berbek eta zemaiek esnatuazo egingo dabe. Eta Jesus ere, basamortutik igaro, eta erreinuaren barri emoten agertuko da. Baina ez zemaipean hartzen gaituan Jainkoa iragarriz, errukitsua eta maitalea dan Jainkoa baino. Aldea makala! Baina badirudi Joanek iragarten eban Jainkoa dogula nahiago…
Bitartean, gure ingurua gero eta paganoagoa dala esan geike: ez ete leuke onartuko, zigorraz barik errukiaz eta maitasunez agertzen jakun Jainkoa, Jesusek iragarten deuskuna?