URTEAN ZEHARREKO 34. DOMEKEA /B
Jesu Kristo gure Jauna, diran guztien Errege
HITZALDIA
Kristo ERREGE dinogu, senideok: esan behar dalako, ala zer adierazten dauan badakigulako eta halantxe sumatzen dogulako? Gaurko ebanjelioan, Jesusek Pilatori egiten deutson galderea bera izango litzateke: zeure buruz itauntzen deustazu hori ala nitaz besteren batek esan deutsulako?
Jesukristoren Erregetzea ospatzean, ba, erregetza horren esangureaz jabetu behar izango geuke: ze onura dakarsku Jesukristoren erregetzea dala-ta "Kristo gure errege" abesteak; edo bere omenez mezea entzuteak/ospatzeak, edo goralpenetan urtzeak? Hori ete da Jesusek eskatzen deuskuna? Jesusek, ordea, burutsu eta arduratsu gura gaitu. Goazen bere galdera horri erantzutera, Pilatoren jarrerea aztertuz eta gure ElEizearen egoereaz ere kezkaturik.
Pilato, judeguen orroen bildurrez, barrura sartzen da; hantxe, bere jauretxearen barrukaldean somatzen dau Jesusi galderak egin ahal izateko ziurtasuna. Baina argi geratuko da jauretxeak ere ez deutsola ziurtasun osoa emoten, Jesusi "Zer egin dozu" galdetzen deutso-eta. Jesusen nortasunak baino honen egitadek emoten deutsoe bildur handiagoa: honek egin daikenaren bildur da. Baina Jesusen erregetzea mundu honetakz ez dala jakitean, lasaitu egingo da eta aurrerantzean ha ez balego lez jokatuko dau.
Hauxe dala, esan geike, mundu honetako agintearen jokabidea: bost ardura deutsagu kinka larrian jarten ez dogun artean. Arduratuko da gutaz, bere aginpedea berari kendu eta geuk eskuratu gura badogu.
Holango zeozer ez ete dogu ikusi edo ikusten gure Eleizan ere, batez ere azken aldi honetako albisteetan zabalduaren arabera? Urteak joan urteak etorri, giza handikeriak eta agintaritza goseak Eleizan bertan ere habiea eginda eukala ikusi ahal izan dogu: geure izakereak —oraindino Ebanjelioratu bako izakereak— garoaz ahaltsuak, agintariak eta giza-izendunak goralpenez eta ohorez txalotzera eta euren menpe jartera. Eta eleiz-nagusiek ere handikeriaz, ohorez eta apainduriaz jantzi doguz eta jantzi dira; eta ez dira gitxi halantxe izan behar dala sinistu dabenak ere.
Hori ete da Kristo Erregeak erakutsi dauana bere bizitzaldian? Ahaltsu eta nagusiekaz batzen zan, ala txikiak, baztertuak, gaixoak, pekatariak eta ezertarako ez ziranak —emakumeak barru— bilatzen ebazan lagun lez, eta bere mahaikide egiteko? Jesusek erakusten dauan erregetzea mundu honetan ikusten ez dana da. Eta gu mundu honetara eginegiak gagozanez, jauntxokeriak eta aberaskeriak eta beste hainbat "keriak" inguratzen gaitu eta baita janzten ere.
Jesukristo Errege autortzeak, aintzaltzeak eta txalotzeak, haren jaia liturgikoki ospatzeak zeozer eskatzen deusku, ba: buru-bihotzak aldatzea. Aldakuntza hori, behar bada, ez litzateke gure indarren eta ahaleginen neurriko, askoz handiagoa baino. Baina hortxe daukagu, Ebanjelioan, Jesusen berbea, Jesusen irakatsia, Jesusen bizikerea, Jesusen gonbidapenak… Nahi dogu euren araberakoak izan, ala nahiago dogu gagozan lez geratzea eta halantxe jarraitzeko Jainkoari eskatzea? Jainkoak emon gura deuskuna bere Semeagan erakusten deusku, eta —egon ziur— hortik kanpo jaramon handirik ez deusku egingo.
Aita santuagaz batera, gura izan daigun Eleiza pobrea, pobreei begira eta harei deika eta harei zerbitzen eta Jainkoaren Barri Ona iragarten diharduan Eleizea. Bilatu daigun lehenengo gure Eleizea eta gure Parrokia ere horren espilu izan daitezala. Murgildu gaitezan horretarako Ebanjelioaren irakurketan, alkarbanatzean, otoitz eta liturgian esku hartzean, gure ziurtasunetatik urtetean, egiten jakuzan dei eta gonbidapen guztiei eskuzabalez erantzuten, ingurura —batez ere beharrizanetara— begiak, bihotza eta patrikerea ere zabaltzean… Eta Jesukristoren erregetzaldia lantzen jardungo dogu, eta berak zorionduko gaitu.
OTOITZA
Jesukristo:
diran guztien Jaun eta Errege
autortzen
zaitugu behin eta barriro,
gure
amesak eta zaletasunak ostera
mundu
honetara eginegiak dagozan artean.
Ikutu
gure bihotza zeure errukiaz,
biztu
gure barruan zerbitzurako adorea,
bultzatu
gaizuz Jainkoaren erregetzaldiaren eraikuntzara,
baztertuaren
eta gabetuaren ondoan egoten jakin daigun.
Erakarri
gaizuz Ebanjeliora
hantxe
aurkitu zaiguzan, irakasten eta jardunean,
eta zure
inguruan eta ebanjelioaren argipean
Eleiza
pobre eta pobreena eraiki daigula.