URTEAN ZEHARREKO 33. DOMEKEA /B
UZ33-B
HITZALDIA
Liturgia urtearen amaieretan gagoz, azken aurreko domekan; eta ez da harritzekoa geure bizitzearen azkenean jartea eta irudi apokaliptikoak-eta erabiltea. Baina gaurko liturgiak ez deusku haragian bildurra sartu gura, azkena gogoan izanik, egunerokoa bizi izaten ikasi daigula baino.
Hebertarrek (Jainkoaren herriak), herri txikia izanik, hainbeste erasoaldi eta atsekabe jasan behar izan zitun; eta gauzak txarto doazanean jasoten dau batek burua laguntza eske, eta amesten dau Jainkoagandiko laguntzea. Txarto doazan gauzak oraindino txarrago edo okerrago ere joan daitekez. Baina euretatik ihes egiteko laguntzea ere sumatu geike.
Gauzak txarto joakezanean, hebertarren artean profetak eta gidariak sortzen ziran. Ez eutseen danek jaramon egiten; baina bai Jainkoari zintzotasunez erantzun gura eutsoenek. Honeexengan bizten zan itxaropen argia eta aurrera jarraitzeko gogoa; eta urten egiten eben arazorik eta larrienetatik ere.
Ebanjelioak profeta barri baten aurrean jarten gaitu: Nazareteko Jesus Jaunaren aurrean. Harengan sinisten dogunok aintzat hartzen doguz haren berbak. Eta gaurkoan hauxe aurkitu geike: indar erraldoi hondatzaileak (eguzkia eta iretargia) amatatuko diran argitasunean dirala; eta hareen zerbitzari diran izarrak jausi egingo dirala. Horretarako Jesusek ez dau ezelango gerrarik egingo ez guda-iskilurik (armarik) erabiliko. Hareen hondamena ikusteko ez da behar bizikeraz aldatzea besterik.
Baina bai gatx egiten jakula bizikeraz aldatzea! Lasai asko bizi gara hamarkada batzuk dirala; eralgiketa izugarrian bizi izan gara. Izadia (edo Natura) bera ere arriskuan jarteraino; hainbeste zoritxar sortuazo dau gure bizikereak gure inguruan (guduak, gosea, atzerriratzeak, errefuxiatuak, jasanezineko hondakin guneak eta abar eta abar). Eta eralgiketea murriztu egin behar dogula dinoskuenean, ez dogu sinisten (ez dogu onartu gura) hondamendira goazanik…
Aspalditik jasaten dogu krisia. Aspalditik entzuten dogu herrialde garatuek kontsumitzen dogun beste danok kontsumituko bagendu urte gitxiz iraungo geukela. Zenbat bider entzun dogun lurra berotzen dihardugula eta han-hor-hemen sortzen diran hondamenak geure burugabekeriaren ondorio dirala… Baina entzungor egiten deutsegu.
Jainkoagazko hartu-emon zintzoak gura doguzanok ostera Jesusi begira jarri, haren berbak eta bizikerea aintzat hartu eta geure bizikerea aldatu egin behar izango geuke. Aldakuntza honek gugan itxaropena biztuko leuke eta ebanjelioa pozez beterik bizi izango geuke eta zabaldu.
Bat egingo geuke gure ondoan eta urrutiago ere txarto bizi diranekaz, ate-joka jatorkuzanekaz. Gure eralgiketea (edo kontsumoa) murriztu egingo geuke, eta, gainezka daukaguna, beste batzukaz partekatu. Hondakinak eurak ere murriztu egingo geukez eta birziklatzera eroan, eta Izadia errespetu handiagoz erabiliko geuke.
Eta geuk ikusiko geukez eguzki-ilargiak amatatzen, izarrak jausten eta hodeietan gizaki irribarretsua etorten.
Ez deiogun, ba, begiratu beste batzuk egiten daben ala ez; begiratu deiogun, ostera, Jainkoari zintzotasunez erantzuteari, eta Jesusen esanak ez deusku huts egingo.
OTOITZA
Kexati
hutsak gara, Jesus,
eta
halan, kexati, jasoten dogu gure ahotsa,
gure
inguruko zuzengabekeria inori leporatuz
eta
bakotxak daukagun errua ukatuz.
Oihuka
daukagu Izadia minetan,
ate-joka
daukaguz errefuxiatuak eta iheslariak,
laguntza
eske daukaguz hainbeste behartsu
eta
duintasun bila txarto erabili ez gitxi.
Emoiguzu,
Jauna, ebanjelioaganako zaletasuna
bertan
aurkitu zaiguzan lagun
eta
zeugan aurkitu daigun une guztietan
Jainkoari
zintzotasunez erantzuteko indarra.