ABENDUA-B_01Domekea

ABENDUALDIKO 1. DOMEKEA /B

HITZALDIA

 

Senideok: Abendua, itxaropen aldia… Berba hutsa? Hauxe izan daiteke askoren kezkea. Hurrengo Abendua, barriz ere itxaropenaz hitz egiteko aldia, eta barriro ere lehengotan geratzearen arriskua… Beti betikoa! Merezi ete dau?

Senideok: Abendua Jainkoak emoten deuskun (lau asteko) aldi barri lez hartu nahi izango neuke nik, eta horretarako nigaitik otoitz egin deiozuela Jainkoari eskatuko neuskizue, aldi bat gehiago izan ez daiten, aldi benetan aprobetxatua eta bizikerea aldatuko dauan aldia izan dakidan. Zeuen laguntzea behar dot. Behar bada, danok daukagu alkarren laguntza beharra… Jainkoak eskura jarten deuskun aldia probetxugarri izan dakigula gura badogu, behintzat.

Entzun dogu, eta aurrerantzean sarriago entzungo dogu, zer egin ez dakigunean hasierara edo iturrietara joten dogula. Horixe egin eban Israel herriak, eta historian zehar Eleizeak ere horixe egin dauala ikusten dogu…

Guretzat hasierara, iturrietara jotea, Ebanjeliora jotea da; hantxe dago gure egarria asetu leiken iturri gardena; hantxe edanda asetu behar dogu gure egarria, diruak, izen handiak, atseginkeriak ez beste ezerk asetu ezin daiken egarria…

Egarri hori asetu guran sartuko gara Abenduan barrena. Profetearen berbeak lagunduko deusku. Maria izango dogu irudi eta eredu. Joan Bateatzailearen zigorraz geure bihurrikeriak zigortuz, otoitzean jardungo dogu, eta ibiltari: geugandik urten eta besteengana abiatzeko…

Zelan joan geintekez besteengana itxaropenik barik, lur-jota, etsipenean aurkitzen bagara? Eta lur-jota egon geintekez krisialdi hau luzarorako dala-ta; Eleiza barruan emoten diran eskandaluak dirala-ta; gaztetako indarrik barik, zahartzaroko atxakiek jota gagozela-ta…

Hortxe entzun daigun Jesusen berbea: jaso buruak, egon zaiteze erne, badator eguna…

Jainkoak ez gaitu bakarrik eta geure etsipenean itzi gura. Beragan jarri geike gure uste on osoa. Jesusengana hurreratuz, badagoala haren antzera bizi izaterik, norbere buruaz barik besteetaz arduratuta, behartsuarengana heldu eta harentzako laguntza izanda, eta, errukiz eta apaltasunez jokatuz eta pobretasunean bizi izanez, besteeentzat ere deigarri izanda.

Hori ez da berez sartuko gure buruan. Beharrezko dogu Ebanjelioa irakurtea eta ospatzea, Frantzisko aita santuaren berbak geuretzea, eta gure gizarteari begira jartea, adi eta itxaropenez.

Eskatu daigun grazia hori, eta izan daiguzan lagun Profetearen berbea, Mariaren eredua eta Bateatzailearen zigorra.