URTEAN ZEHARREKO 32. DOMEKEA /B
UZ32-B
HITZALDIA
Zenbat gauza ikasi geikezan Jerusalemera bidean! Hau da: Jesusi jarraitzen badeutsagu, Jainkoagazko hartu-emonetan jarriko gaitu; aurkitzen doguzan zuzengabekeriak salatzen, eta pobreziaren eta ustea Jainkoagan baino jarten ez dabenak goraltzen… Hauxe da, ba, Jesusek gaur aurkeztu gura deuskuna. Eskuzabaltasunez hurreratu gaitezan beragana.
Lehenengo irakurgaiak prestatu gaitu ebanjelioari harrerea egiteko. Han emakume alargun pobre bat aurkeztu jaku: bere bizia baino handiagotzat eukan Jainkoaren gizonarena, eta orduan eukan guztia jarten dau haren esku. Ez da gelditzen sari barik!
Eta bardin antzeko egoerea da Jesusek ebanjelioan goraltzen dauan andra zahartxoaren jokabidea: bere ondasun apurrak Jaunaren tenpluan eralgiten dauz. Jesusek ez deutso ez-ikusi egiten keinu horri: ikasleak bere ingurura batzen dauz eta haren irakatsia emoten deutse. Zergaitik, baina? Bere ikasleak eurak ere jokabide horretatik urrun dagozelako. Eta ez da ezinezko jokabidea. Bai, ordea, txikiena, apalena, uste osoa Jainkoagan jarrita dabenena. Hauxe bai ederra!
Eleizgizonak izan arren, Jainkoaren Legea irakasten diharduen arren, eleizkizun guztietan dagozan arren…, zahar, maisu, legelari eta farisear hareik izen handiaren, ondasunen eta txaloen egarri dira. Ingurukoen ahotan egon gura dabe. Jesusek hori salatu egiten dau eta gaitzetsi; eta kontu egin daiela eskatzen deutse ikasleei. Jesusek honeentzat ez dau holangorik gura; eta bai andratxo haren jokabidea. Baina ulertuko eta eurenduko ete dabe? Gatx!
Honen aurrean, senideok, izan daigun gogoan, zeharka baino ez bada ere, Hebertarrei egindako gutunean Jesusen abadetzaz irakasten jakuna: bere bizia egin dau Jesusek Jainkoarentzat opari. Hauxe da, ba, bidea.
Gure egoerea kontuan izanik, ba, senideok, zeren bila jo behar dogu? Izen handia, errespetagarria, ondasunak, ahalmena eta agintea, eta jendearen ahotan erabilia izatea bilatu behar dogu, ala Jesusen irakatsietan ibiltea?
Jesusek ez dau bere aintza bilatzen, Jainkoarena baino. Eta honexek daroa bere burua besteen onerako eskeintzera, txikien keinuak goraltzera, nagusien eta ahaltsuen gehiegikeriak salatzera, eta Jainkoaren erreinua iragartera: harek alkarrentzat gura gaitu guztiok.
Horretaraxe eroan behar gaitue otoitzak, elizkizunek eta sinismena ospatzeak; ez Jainkoa patrikeran sartu dogula eta emongo deuskula eskatu deutsaguna uste izatera, bere esanetara jarriz, erreinua eraikitzen dogula uste izatera baino: gehiegikeriak salatuz eta txiki eta alboratuak goralduz eta erdiratuz.
Bai, senideok: Jesusek orduan bere ikasleei lez gaur geuri ere egiten deusku dei bere ingurura, ebanjelioa eskuetan hartzera, haren zirrara sentitzera, erreinuko keinuak geure inguruan ere aurkitzera eta goraltzera (zenbatek diharduen on egiten! Txalotzen doguz?), eta gehiegikeriak salatzera (zenbat aurkitu geikezan, edo egin ere: salatzen doguz, ala, bildurrez, txalotu ere egiten doguz?), horrela Erreinuaren eraikitzaile izanik.
Gaurko Eleizea behar dogu eraiki: ez agintean eta izen handian jendetzaren txaloak hartzen dauzana, txikien keinuak goraltzen dauzana baino; txikiei eta baztertuei Eukaristiaren otordu ederrera deitzen deutsena, eta Jesusen irakatsietan argitzen dauzana; eleizkizun hutsetan eta hotzetan geratzen ez dana; ebanjelioaren poza zabaltzeko gauza dana…
Eta geuk eraiki behar dogu, eta eraiki geike holango eleizea gaur eta hemen, keinu txikiez baina Jainkoaganako uste handiaz. Ebanjelioko andratxoa hartu daigun eredu eta ikur.
OTOITZA
Mundu honetara eginegiak gagozanok
handikeriak amesten doguz, Jauna,
eta txiki eta behartsuengandik
iheska ibilten gara, bildurrez.
Zu ostera, Jauna, hareen lagun egiten zara;
eta jokabide horrek berez
salatzen dau gure handigurea.
Emoiguzu Barri Onaren egarri izatea:
emoiguzu Barri Ona eskuetan hartzea;
emoiguzu zure irakatsietan murgiltzea
eta bihozbarritzeko grazia:
txikiak izan daiguzan maiteen
eta jardun daigun nagusikeriak salatzen.