URTEAN ZEHARREKO 31. DOMEKEA /B
UZ31-B
HITZALDIA
Senideok: Gaurko Liturgiak Jainkoaren Legera hurreratzen gaitu eta entzutearen garrantzia azpimarratzen deusku. Goazen apur bat hausnartzera, gure eskarietan Jainkoari entzun deigula eskatzen deutsagunok.
Ba dakigu entzuten, senideok? Maite dauanak baino ez daki entzuten, hitzik egin ez arren ere. Horregaitik alkarregaz datoz entzutea eta maitatzea. Halan agertzen da Moisesen Legean Jainkoa maitatze agindua: “Entzun Israel…”
Eta Jainkoari entzuteak zaroaz ha maitatzera. Ondorioz, hurkoari entzuteak zaroazala ha maitatzera, esan geike. Badakigu entzuten, senideok? Arinegi ez daigun baietz erantzun. Hausnartu daigun unetxo baten.
Askotan, geure erantzuna prestatzen egoten gara entzuten gagozan bitartean. Beste askotan, ea zertan erratzen dan bilatzen dogu entzuten gagozalakoan… Hori ete da entzutea?
Zelan entzun behar ete dogu, entzuteak maitatzera eroan gaizan? Entzute hori ez litzateke entzumenaz bakarrik egingo, adi egotea eta gogo-bihotzak jokoan jartea eskatuko leukez.
Horixe da Jesusek egiten dauana. Eta horrexegaitik doa Legeak agintzen dauana baino harago, ha bere betera eroanez.
Garatuz joian Moisesen Legea, baina uste zan ha beteteak Jainkoaren saria ekarrela. Eta holantxe uste dogu geuk ere. Baina ez da horrela Jesusen jarreran. Harentzat, Legea ez da ha betez saria eskuratzeko, irabazi lez. Legea senideagana entzule hurreratzeko bidea da, horrela ha maitatzeko.
Hauxe dala, esan geike, Abade Nagusi lez Jesusek egiten dauana, Hebertarren gutunean irakurri dogun lez. Eta horixe berori erantzuten deutso ebanjelioan, galdezka jatorkon Legelariari ere. «Eta hauxe da bigarrena…» —dinotso hari; ezin daitekela Jainkoa maitatu hurkoa maitatzen ez bada, argi itziz.
Geure salbamenaren bila bagabilz, ba, senideok, entzun deiogun Jesusi, gure Maisu eta Lagunari. Harek, bera lango abade gura gaitu. Hau da: Jainkoari entzun eta geure burua opari lez eskaini, hurkoa maitatuz, haren zerbitzuan jarriz.
Jarrera honek, senideok, bere ondorioak ekarri daikez etxeko hartu-emonetan, gizartekoetan, politikan, lanean, kontsumoan… Entzule izateak iraultzaile bihurtzen gaitu.
OTOITZA
Jainkoaren
esana bilatzen zendun,
hari
arretaz eta zuhur entzunez, Jesus.
Horixe
zendun Legea bere betera eroatea,
eta
horrexek zeroiazan hurkoari entzutera.
Zeure
antzera, Jesus,
ez
daidala bilatu neure burua salbatzea,
Jainkoari
arretaz entzutea baino,
horrek
eroan naian hurkoa maitatzera.
Zure
abadetzan bat eginez,
ez
daidala bilatu opariak egitea
neure
burua opari eskeintzea baino,
hurkoari
entzunez eta ha maitatuz.