UZ-30-B

URTEAN ZEHARREKO 30. DOMEKEA /B

UZ30-B

HITZALDIA

 

Behar bada, zurtz eginda itziko ginduzan ebanjelioko irudiak: Timeoren seme itsua oihuka; inguruko jendea bera isildu guran; Jesus haretaz arduratzen; eta haxe jende bera itsuari adore emon guran… eta Jesusek esandakoari itsua zanak bidean zehar jarraitzeaz erantzutea. Labur-labur esanda, baina bizitzarako ondorio ederrak atara leitekez, itsu haren antzera geuk ere gure itsutasuna (askotan itsukeria) autortzen jakin ezkero.

Baina goazen lehenengo aurreko irakurgaietan aurkitua mahairatzera. Jeremias profeteak Jainkoaren herri jausi eta apurtuari, murriztuari, adore emon gura deutso eta Jainkoaren aurpegi alaia eta haren ondogurea agertzen deutsoz, poz saltoka jarriko dauala iragarriz. Zelango poz saltoa emoten dauan ebanjelioko itsuak dei egiten deua entzuten dauanean. Soingainekoa jaurti eta Jesusen aurrean ahozpezten da bere egoerea autortuz eta erreguka. Saritu barik ez dau izten Jesusek.

Hauxe da Jainkoa: gure autorkuntza entzuten dakiana, hari erantzuten deutsona eta gure balioa agerian jarten dauana: zeure sinismenak salbatu zaitu dinoskuna. Eta hauxe da aztertu behar doguna: zelango sinismena dan gurea.

Ikututxo bat egin deiogun bigarren irakurgaiari. Itun Zaharreko abadeena eta Jesusen abadetzea ez dirala bardinak esateko behintzat. Itun Zaharreko abadeak, gizakien artetik, pekatarien artetik, aukeratuak, herriaren pekatuen ordaintzat eskeini behar ebazan opariak; eta baita bere pekatuen ordain ere.

Ez da holangoa Jesusen abadetzea. Jesusek zuzenean jarten gaitu Jainkoagazko hartu-emonetan, beragan oinarriturik. Ebanjelioko itsuaren antzera, Jainkoaren aurrean geuk aurkeztu behar dogu gure egoerea; geuk esan behar deutsagu Jainkoari gure gatxa zein dan, zein gure ezina eta zein gure pekatua…

Baina, eleiztar lez, inoiz ez dogu berbarik egin; isilik euki gaitue (abadeok isilik euki zaituegu, zeuen ordez geuk berba eginez, zer komeni jatzuen geuk erabagiz, eta zeuen izenean geuk eskatuz…). Ez dogu ondo ulertu izan Jesusen abadetzea, Itun Barriko abadetzea: Jesusengan geu ere, Bateotik gehiago,  abade gara, eta profeta eta errege. Baina Jesusengan dogun izantasuna, behar bada, oraindino estreinatu barik daukagu. Eta heldu dala sasoia autortu behar dogu. Eta ebanjelioko itsuaren antzera, geuk ere soingainekoa jaurti (gure konplexuak, jarten doguzan atxakiak, eta abar) eta salto egin behar dogu Jesusen jarraian, berari eskatuz gure itsukeria osatu daiala.

Bai, senideok. Autortu beharra daukagu Jainko irudia aldatu beharra daukagula, eta haren aurpegi alaia, bihotz errukitsua eta gure zoriona gura dauzana iragarri behar dogula. Gure pekatu historikoa autortu beharra daukagu: Jainkoaren beste irudi bat iragarri dogu. Eta gaurko munduak barre egiten deutso —eta arrazoi handiz— irudi horri.

Ez dogu behar harenganako bitartekorik, itun zaharreko abaderik, gure pekatuen ordaintzat eskeintzariak egingo dauzanik… Geuk oratu behar deutsagu geure buruari, gure bizitzeari, eta erabagi behar dogu, inork eta ezerk behartu barik, Jainkoagazko hartu-emonetan bizi izan gura dogun. Eta hartu-emonok Jesusengan oinarrituak gura doguzala, eta harek iragarten deuskun Jainkoagazkoak gura doguzala, eta ez gure interesak edo inongo agintarik ezarten deuskun jainko txotxongiloagaz.

Ez dogu Ebanjelioa baino besterik behar, taldetxo bat baino ez, gogo apur bat eta asti apur bat ataratea baino ez, eta gure itxikerietatik urteteko salto egitea, Jesusi bidean zehar jarraitzeko. Autortu beharra daukagu gure otoitzak, eskeintzak, mezek eta debozino egintza guztiak ezer ez dirala ebanjelioaren arauetan bihozbarritzen ez bagara eta Jesusen jarraitzaile arinak, soingaineko bakoak, egiten ez bagara.

Jesusen jarraitzaile izateak alkartu egin behar gaitu, alkarren arduratan jarri behar gaitu, alkarregazko otoitzera eroan behar gaitu, eta gure inguruan eta egunetan haren autorle izatera eroan behar gaitu. Eta ez geure ahaleginen poderioz, Ebanjelioko Espirituaren bultzadaz baino. Bilatu daigun, ba, Ebanjelioa alkarregaz irakurtea, komentatzea, otoitz bihurtzea… eta inguruan iragartea, haren poza zabaldu daiten bizitzearen bazterretaraino.

 

OTOITZA

Zein errez azaleratu geikezan, Jesus,
gure senideen eta ondokoen pekatuak,
eta zein gatx egiten jakun geureak autortzea,
autortza egiteak dakarskula askapena onartu ezinda.

Behar bada, alkarrentzat ez garalako harrerakor
eta alkarri entzuten ez dakigulako izango da,
gure adimena senideez arduratzen barik
beste ardura batzutan murgilduta dagoalako.

Zuk dei egin zeutson zeure aurrera Bartimeori
eta inguruko guztiak hartaratu zenduzan,
eta danen aurrean autortu ahal izan eban
bazterreratuta eukan bere itsutasuna.

Bartimeok ez eban galdu aukerea
eta traba guztien gainetik oihu egin eutsun.
Askatu gaizuz, Jauna, gure traba guztietatik
zeugan baino ez daigun uste on izan,
eta aprobetxatu daigun emoten jakun aukerea.