UZ-29-B

URTEAN ZEHARREKO 29. DOMEKEA /B

UZ29-B

HITZALDIA

 

Gaurko liturgiak aurkezten deuskun egoeran barriro egiten dogu topo Jesusen jarraitzaileen ulertezinaz, ameskeriez eta, oraingoan, helbururen batzuk lortzearren, jasapen izugarriak eroateko prestutasuna ere. Aztertu beharreko gauzak doguz, senideok.

Laburbatu daigun: Jesusek Jerusalemerako igokeran, han zerk itxaroten deutson argi eta garbi azaldu ondoren, lagunak eskatzen dauz, jarraitzaileak behar dauz; ez dau igokera hori bakarrik egin gura. Baina lagundu gura deutsenei baldintza gogorrak jarten deutsez: norbere buruari uko egitea, eta kurutzea egunero hartzea.

Baina baietz esan deutsoenen ulertezinaz aurkitzen da Jesus behin eta barriz. Ondo ulertu ez ebelako, Jesusek barriro azaldu behar deutse Nagusien esku heriotzea jasan behar izango dauala; baina heriotzea ez dala azkena, unetxo bateko gauzea baino, hirugarren egunean biztu egingo dala-ta… Ez dabe ulertzen. Euren ustez, heriotzea azkena da. Oraindino ez dabe euren uste osoa Jesusengan eta honek dinotsenagan. Ez da, ba, hain erreza, Jesusek aurkezten dauana onartzea. Zeozergaitik eskatzen dau Jesusek norbere buruari uko egitea!

Eta, lehenengo bat eta gero beste bat, hortxe goaz ikusten nondik sortzen diran ulertezinak. Pedroren jarreran ikusten gendun lehenengo; gaitzespen gogorra entzun behar izan eban  harek (Kendu aurretik, Satanas!). Jesusek ez dau gura ezerk desbideratu daian berak ebatzitako ibilbidetik: Jainkoari zintzotasunez erantzutetik…, eta ikasleen handigureaz egiten dau topo.

Edo hurrengoan talde osoaren kexea mahairatu jakun: ez dabe gura inork gerizarik egin deieen eta Jesusi, bere izenean bai, baina taldekide izan ez-eta, deabruak uxatzen ebilen baten lana gaitzetsi eiala eskatuko deutsoe. Baina Jesusek argi dauka on egiten dabilen edonor dala errespetatu beharreko, taldekide izan ez arren.

Eta oraingoan argi geratzen da ze ameskerietan dihardugun, eta zenbateraino garan gauza ametsok eskuratzearren. Eta zer sortuazo daikeen ameskeriok gure inguruan… Trumoi Kumeek lehenengo jarlekuak gura dabez Jesusek iragarten dauan erreinuan. Oraindino ez dabe ulertu. Era bateko eta besteko azalpenak emon arren, leku baztertu baten eurei bakarrean azaldu aren…, gatx egiten jake eurenetik urtetea. Eta euren helburuak eskuratzeko, prest dagoz edozer egiteko ere: heriotzara joateko ere. Harrigarria!

Jesusek horixe berori egingo dau, bere bizitzea emon, baina ez ohorea eskuratzearren, Jainkoari zintzotasunez erantzutearren baino. Jesus argitasun batera helduko da, erabagi batera helduko da, eta horren barri emongo dau, bai bere bizikereaz eta baita bere berbeaz ere… Eta ez deutsoe ulertzen! Zergaitik ete da?

Jesus pobre bizi zan, handigura guztietatik urrun, eta behartsu guztiengandik hur. Eta halan iragarri daike Jainkoaren erreinua, eta gauzatu errukia, maitasuna eta bakea Jainkoaren dohai lez, eta ez ahaleginen lorpen lez. Eta ez deutsoe ulertzen!

Uste dogu Jainkoak sufritzea eskatzen deuskula helburu batzuetara heldu ahal izateko. Baina ez da jasapena Jainkoak gura eta atsegin dauana, gure harrerea eta prestutasuna baino. Eta sarritan ibili izan gara alperreko sakrifizioak egiten, Jainkoari atsegin jakola-ta.

Gaurko liturgian argi geratzen da Jainkoaren nahia betetea bilatzen dauanari gainera etorriko jakozala sufrimenduak eta prest egon behar izango dauala onartzeko. Horixe dira Kaliza eta Bateoa. Baina helburua ez da ezker-eskumatan jesartea, senideei laguntzea, zerbitzea eta euren alde bizitzea bera ere emoteko prest egotea baino.

Hauxe da guk ohoretzat euki beharrekoa: senidearen ondo izatea, eta ez gure izen handia. Hain gatx egiten jaku hori ulertzea eta onartzea? Bai, antza!

 

OTOITZA

Handizaleak gara, Jesus,
eta izen handia, aberastasunak
eta ondo bizi izatea amesten doguz,
horretarako besteak menperatzera heltzeraino.

Eta zuk, Jesus, ez dozu holangorik gura
zure ikasle eta jarraitzaileen artean;
honeek inor menperatzea barik
besteak askatzea bilatu daiela baino.

Ahaleginak eta bi egiten doguz, Jesus,
ondasunak pilatzeko, eta heriotzea ere
onartuko geuke helburuak lortzearren.

Zuk, Jesus, besteen zerbitzari gura gaituzu,
besteen neke-minen aringarri…
Emoiguzu kurutze hori egunero eroateko grazia.