URTEAN ZEHARREKO 28. DOMEKEA /B
UZ28-B
HITZALDIA
Badago bere salbamenaren edo heriotza ondorengo zoriaren kezkaz bizi danik. Hauxe emoten deusku gaurko ebanjelio txatalak. Baina ba ete da gure arteko inoren kezkea? Batek baino gehiagok uste dau inork galdetzen ez dauanari erantzuten ahalegintzen dala abadea, eta badirudila oinak ez daukazala lur gainean. Holan ete da? Ala beste hauxe da: geure buruari egin geikeozan garrantzizko galderak ez garala ausartzen gure etxean edo gure koadrilan egiten, barre egingo deuskuelakoan-edo?
Bildur guztiak alboratuta, Jesusen aurrean ahuspez galdetzen deutsonaren barri emoten deusku ebanjelioak. Galdetzen ausartzen ez dana bizitza guztian geratuko da ezjakin. Eta galdetzen ausartzen ez bagara ez da izango galderarik ez daukagulako, erarik edo ingururik aurkitzen ez dogulako baino. Ea, ba, gaurkoak laguntzen deuskun…
Jesusek, erantzutean, argi itzi gura dau on bakarra Jainkoa dala, eta guk haren ontasunean hartu geikela esku haren esanetara jartean. Gure arteko ontasuna inori kalterik ez egitean datza. Jesusen erantzunak Legeko aginduak gogoratzen dauz, baina ez dauz aitatzen Jainkoari dagokiozan lehenengo hirurak, eta laugarrena azkenera botaten dau. Gure arteko ontasunak, ba, alkarri kalterik ez egitea esan gura dau, eta eginbehar honek ez dauz saihesten familiaganako betebeharrak: familiari on egitearren ezin geikeo inori kalterik egin.
Baina Jesus harantzago doa: gauza bat da gure artean ondo konpontzea, eta beste bat Jainkoaren gogoko izatea. Eta badirudi hau Jesusen ikasleek eurek ere ez dabela ulertu. Izan gogoan Pedroren galderea: dana itzi dabe baina ordaina hartzekotan. Jesusek eskatuko dauana eskuzabalak iztea da, ordezkorik edo ordainik itxaron barik, uste osoa Jainkoagan jarrita, umeen antzera… Gehitxoegi eskatzea da hau?
Ezinezkoa jako gizakiari neurri hori emotea. Baina Jainkoak dana daike. Guk Jesusi geurez jarraitzen deutsagula uste izango dogu. Baina ikusi daigun norainoko egia dan hori: mezatara gatoz, egiten dogu otoitz, ahalegintzen gara inori kalterik ez egiten… Eta kitto? Jesusen aurrean ahuspeztu zanak “guzti hori txikitatik bete dot” esan eutson. Hortik aurrerakoa Jainkoaren dohaia da, eta ez dakit onartzeko gauza izaten garan…
Ondasunetan jarrita daukagun ustea baztertzea ez da erreza. Besteak jartea norbere familiaren aurretik ez da erreza. Ordainik edo ordezkorik ez hartzeko asmotan dana emotea, ez da erreza… Horretarako benetan egon behar da Jesusez maitemindurik, uste on osoa beragan jarrita euki behar da. Eta ez dakit zenbateraino emon dogun hau gure irakatsietan.
Lehenengo irakurgaiak egin leigu lagun. Eskatu geikeo Jainkoari eta bere jakituriatik emongo leuskigu; eta, haren esanetara ibiltean, argi eukiko geuke edertasun guztiak baino ederragoa dala, eta merezi dauala bera eskuratzearren dana galtzeak, beragaz datozelako ondasun guztiak.
Haren aurrean ez dago bildurrik. Jainkoaren berbea aho biko ezpata zorrotza langoa da-ta; gure muin eta ezkutuenetaraino sartu daiteke, dana argitan jarriz. Ume izaerea behar da horren jabe izateko. Eta gu nagusiegiak gara ume lez agertzeko: lotsatu egiten gara.
Jesus geuri ere deika daukagu, bere inguruan gura gaitu ikasle eta jarraitzaile, eta eskuzabalak eta ondasunetatik askeak gura gaitu. Gero eta argiago euki behar dogu Jesus bilatzen diharduenen taldeak (Jesusen Taldeak) eratu behar doguzala, ebanjelioaz jabetzeko, eta gure bizikerea haren bideetan zehar eroateko.
Eskuetan hartu behar dogu ebanjelioa Jesusegaz topo egiteko.
OTOITZA
Zelango
inbiria emoten dozun, Jesus!
Ona
emoten dozu, askea, leuna,
eta
badago zugana hurreratzen danik
bere
bizitzako kezkea zuri azaltzeko.
Baina gu
ez gara heltzen zure mailara,
zure
ontasunera, zure askatasunera,
ustea
ondasunetan jarrita ez eukitera,
ordain
saririk ez itxarotera…
Ez
gaitezela inbiria horretan geratu, Jesus;
eroan
gaizuz ebanjelioan zugaz topo egitera,
gure
ondasunez behartsuei laguntzera
eta
eskuzabal eta esker onez bizi izatera.