URTEAN ZEHARREKO 27. DOMEKEA /B
UZ27-B
HITZALDIA
Gai berezia, apartekoa, gaurko liturgiak dakarskuna. Ez daigun ahaztu Jesus Jerusalemera bidean doala eta bere jarraitzaileei beraganako ustea eskatzen deutsena, eta honek euren ustea beste gauza edo erakunde edo ideologiatatik askatzea eskatuko deutsena. Zegaz aurkituko gara gaurkoan?
Behar bada, gure adimena farisearren galderan gelditu da eta ez da heldu Jesusen erantzuneraino eta ondorio lez dakarren eskakizunera. Jesusen erantzunak ez gaitu eroan behar arrazoi dogula ziurtatzera, bihozbarritzera baino: gure bizikerea aldatzera. Baina, ez daukagula aldatu beharrik uste badogu, gaurkoan Jesusek salatzen dauan farisearren pekatuan jausten gara. Pekatu hau burugogorkeria da.
Egon daitekez galderan gelditzeko interesak: onartzen dau Eleizeak dibortzioa, bai ala ez? Edo, dibortziatu barriro ezkonduek Jaunartu daikee, bai ala ez? Edo, egin daikee dibortziatuek eleizaz beste ezkontza bat, bai ala ez?
Eta askorentzat garrantzizko gauza bakar izan daiteken arren, Jesus harutzago doa, eta, galderoi erantzuteko gauza geu izan gaitezan, burubideak emoten deuskuz, eta azken helburua argi itzi gura deusku. Eta ez dau gura Jesusek hau doktrina hutsa edo ideologia izan daiten, gure bizitzako jokabide baino, pentsamolde eta bizikera. Jesusek Jainkoagana eroan gura gaitu, alkarrenganako gogo biziaz bizi izan gaitezan, alkarrenganatu gaitezan.
Galdera-erantzunotan bilatu leitekeana, ba, ez da Jesusek dibortzioa onartzen dauan ala gaitzesten, edo noiz bata eta noiz bestea, eztabaida honetan zelan geratzen diran baino Jesus eta fariseuak eta Jesusen hur-hurreko doguzan ikasle edo apostoluak
Gai honetaz ezelango arazorik ez bagendu, baietz osoa emongo geuskio Jesusi; baina arazoek garoez Jesusek zer esan nahi izan ete eban, eta ea beste hau Jesusek gaitzetsiko ete eban-eta eztabaidatzera.
Gai korapilatsu honetan, ba, lotu gakiozan Jesusen erantzun eta azalpenari. Jesusek Jainkoaren nahia jarten dau erdian; harexi begiratu behar deutsagu; haxe hartu behar dogu aintzat. Eta Jainkoaren nahia gizonaren eta emakumearen arteko kidekotasuna da; ez dagoz bat bestearen gainetik; ez dira bat jaun eta bestea mirabe; kideko dira, eta osotasun bakarra izatera deituak.
Hau onartzen ez daben fariseuek euren arrazoiak bilatzen dabez euren legean eta tradizinoan, baina euren burugogorkeriak galazoten deutse Jesusen baieztapena onartzea. Mahairatzen daben Moisesen jarreran, honek Jainkoaren gurariari uko egin behar izan eutsola, herriaren burugogorkeria zala-ta, ikusi behar izango leukeen, eta, herriaren pekatu berean jausiz, ez dabe ikusten ukapen hori herri harexentzat zala eta ez eurentzat. Baina euren burugogorkeriak galazoten deutse holangorik onartzea. Eta hauxe da hemen salatzen dana: farisearren burugogorkeria.
Legeari lotuegiak egoteak itsu, erruki bako eta burugogor egin geinkez. Eta batzuk ez dabe gainekorik gura, Legea baino. Ba, adi!
Jesusek Jainkoaren nahia bilatzera eroango gaitu, eta ezkon bizitzaren goi-mailea izaki bakar izatera heltzea dala esango deusku. Haren aurrean, baztertu beharrekoak dira, ba, kidekotasun hori apurtuko edo gogotan hartu gura ez daben arau, lege eta tradizinoak.
Baina hau ikasleek eurek ere ez dabe onartzen, eta bihozbarritu beharra dauke. Eta hauxe da irakatsia Jesusen jarraitzaile izan gura dogunontzat: ez goazela inora legeak aldatzeaz, hareik geure atseginera jarteaz. Aldatu behar doguna geure bihotza da. Bihozbarritzeak Jainkoagana begira, haren nahia bilatzen bizi izatea esan gura dau. Baina geure burugogorkeriaz egin geike topo.
OTOITZA
Zure
zintzotasunaren aurrean, Jesus,
geure
alderdikeria eta burugogorkeria
salatu,
eta bihozbarritu beharra daukagu,
zure
jarraitzaile izan gura badogu.
Zuk
Jainkoaren guraria bilatzen dozu;
guk gure
atsegina edo zalekeria.
Zu
Jainkoak aske egiten zaitu;
gu,
burugogor eta morroi egiten gaitue.
Eta zuk
gizon eta emakumeen artean
kidekotasuna
bilatzen dozun artean,
guk…
hobeto ez esatea, Jesus.
Emoiguzu
bihozbarritzearen grazia.