UZ-26-B

URTEAN ZEHARREKO 26. DOMEKEA /B

UZ26-B

HITZALDIA

 

Herrialde garatuen artean bizi gara. Hori geure erakundeez erakusten dogu. Dana daukagu ondo eratuta, erakunderatuta. Danetarako sailak edo departamenduak daukaguz, eta bakotxak bere aurrekontuak eta diru kopurua daukaz. Eta behin baino sarriagotan, guri barik ez dakit zein saili dagokiozala-ta gauzak beranduegi egiten dira, edo egin barik gelditzen dira.

Izugarria da une honetan Europak jasaten dauan egoerea etorkinak dirala-ta. Ze sailek erantzun behar deutso arazo horri? Ze jaurlaritzak hartu behar dau bere bizkar arazo hori? Batena baino ez da? Alkarregaz jokatu behar dabe? Zenbat denbora behar dabe erantzunen baten, behinik behin, bat etorteko? Eta, bitartean, ateak itxita eta hesiak jarrita, eta jenteak (agureak, umeak, emakume haurdunak eta gaisoak..) gosez, bildurrez eta hotzez edo nekez hilten egon behar dau)?

Baina holantxe dihardu eratuta daukagun gizarteak, eta erakunderatuta daukaguzan sailei dagokie arazoei (honi eta beste edozeini) urtenbidea emotea… Eta osasunaren izenean, hainbeste jaki alperrik galtzen dira; edo beharrezko laguntzak ez dira heltzen sasoiz euren lekuetara, edo laguntzen dauana salatu egiten da eta inoiz isuna ezarri ere bai, laguntzea legez kanpotik egin daualako, edo ziurtasun arauetan egin ez daualako.

Zenbat laguntza gelditzen diran itota, edo lekuetara heldu barik, erakundeek astiro ibili beharra daukelako, protokolo edo arau batzuk jarraitu behar dabezalako. Eta zenbat laguntzaile gelditzen dan geldi arauon aurrean ezer egiterik ez daukalako.

Jesusek topo egiten dau bere aldiko lege, arau eta ohiturekaz. Baina guztiak ere gizakiaren onerako, laguntzarako eta salbamenerako dagozala-ta, inoiz baino sarriagotan gertatuko jako harei jaramonik ez egitea, edo zapatu legea haustea, edo Jainkoaren aurpegi eta bihotz errukitsua erakustea… Eta legelarien edo legezaleen artean arerioak egingo dauz.

Bere jarraitzaileen artean ere gertatzen da holangorik. Ohituta egozan bizitza eratu baten, Jauretxeak, Sinagogeak, Moisesen Legeak eta herri ohiturek araututa dagoz. Eta laster salatuko dabe, on egiten ibili arren, euren taldetik, erakundetik, kanpo dabilala. Ez dabe onartzen erakundetik kanpo egin daiteken ona ere. Eta galazo deiola on egitea eskatuko deutsoe Jesusi.

Bakotxak berak gura dauana egiten ezin ibili geintekez gizarte eratu bat (organizatu bat) eta eratua gura badogu. Erakundea laguntza handia dogu. Baina hauxe da galderea: eratu geikez eta arautu gure bizia eta gure hartu-emonak erakundeen morrontzan jausi barik?

Jesus ez da erakundeen, ez arauen ez legeen morroi, bere burua Jainkoaren morroi egin daualako. Eta Jainkoak ez dau inor morroi egiten, askatzen eta bere duintasunean zutunik jarten baino. Eta Jesusek bere senideen duintasuna bilatuko dau; eta galdu dauanari, berreskuratzen lagunduko deutso; eta galduazoten deutsoen erakundeak salatu egingo dauz; eta, hori dala-eta, arerioak egingo badauz, ez da horregaitik isilduko, eta aurrera jarraituko dau.

Gu bildur gara. Erakundeek emoten deuskuen ziurtasuna galtzearen bildur. Eta erakundeek gogor eta sendo iraun daiela gura dogu, eta halaxe eskatzen deutsegu… Bitartean, egin barik gelditzen da hainbeste on, eta galtzen da hainbeste senide… erakundeak gaitzesten doguzan artean.

Non ikasi geike Jesusen antzeko izaten, bere bizikerea norbere bizikera bihurtzen, Jainkoaren nahia bilatzen, bere morroi eta beste inorena ere ez izaten? Horixe behar dabe gure Gizarteak eta gure Eleizeak eta eleiz alkarteak. Gero eta argiago euki behar dogu Jesusen Taldeak behar ditugula. Ez ete zeuke izan gura euretako bateko kide?

 

 

OTOITZA

Zure Espirituak, Jauna, badihardu
eta han-hor-hemen bultzatzen dau
senideen onerako lan egin gura dauana,
erakundeen lotura eta morrontzatik aske.

Gehienok, horraitino, bildur gara
oso eroso gagozelako geure ziurtasunetan,
ondo araututako bizikera motelean
eta erakundeak erruduntzeko ohituran.

Apurtu eiguzuz morrontza kateak,
kendu bildurra eta emoiguzu ausardia
hainbeste senide iheslari eta aterpe-bila
neure ondoan dago-ta, eta ni isilik.
Zelan esan daiket senide dodazala?