URTEAN ZEHARREKO 25. DOMEKEA /B
UZ25-B
HITZALDIA
Senideok: hitzaren mahaian aurkitu dogu gure fedearen gaurko lehenengo elikagaia edo janaria. Eta, larregi sakondu barik ere, hauxe bai aurkitu dogula: gure sinismenak, Jesusen jarraitzaile izateak, bizitzako jokabideetara garoazala. Zein gatxak egiten jakuzan gure hartu-emonak! Bakotxak, besteena kontuan izan barik, berea baino bilatzen ez dauanean, haserrea sortuazoten dau, edo deutsoe berari, eta alkar hilteraino heltzen gara.
Jesusek, horraitino, bere ikasle eta jarraitzaileentzat bizitzearen aurreango beste jokabide edo jarrera bat gura dau. Eta jarrera hori berak eukan eta halaxe irakasten eban jarrerea zan. Harek ez deutso inori berak egiten ez dauanik agintzen. Bizitzearen aurrean berak hartu eban jarrerea irakasten dau eta ezarri gura deutse bere hurrekoenei.
Baina zein gatx egiten jaken honei ere! Pentsatu behar dogu zeozergaitik egiten jakula gatx, bai abadeoi, bai eliztarroi eta baita Jesusen jarraitzaile guztiei ere haren jarrereaz bizi izatea. Nazaretarra zeruko Aita/Amarentzat bizi da. Guk Jainkoa geuretzat bizi izan daitela gura izaten dogu, geure zerbitzuan jarri gura izaten dogu. Zelan aldatu? Zelan bihozbarritu?
Ikasleek, Israelgo herriaren ezaugarri diranek, ezin dabe onartu heriotzeaz haragoko bizitzearen iraupena. Jesusek barriro azaldu behar deutse, beretzat behineneko gauzea dalako. Horrela autortzen dau bere Aita/Ama Jainkoa bizitzearen iturri eta helburu. Uste osoa dau harengan. Baina ikasleek… guk… non daukaguz gure lehentasunak?
Ebanjelioak argi eta garbi azaltzen deusku. Ikasleen arteko eztabaidan, Jesusek argitasuna jarri gura dau. Ikasleei dei egiten deutse; urruntxo dagoz, ba, Jesusen usteetatik. Ezin dabez onartu ez ulertu ere Jesusen egitasmoa eta buru eskeintza; euren artean handiena nor izango ete zan eztabaidatzen dihardue. Zer egin ete daike Jesusek holango jarraitzaile eta lagunekaz?
Erdian jarten dauan umetxoari ez deutso deitzen, ez daukatso deitu beharrik; hantxe dago, Jesusen ondoan. Horregaitik dinosku ebanjelariak hartu eta euren erdian jarten dauala. Hamabiak Israelen irudi dira; umetxoa, zerbitzaria, ezertxo ere ez dana, paganoen irudi da. Eta paganoa izan arren, bere jarrereaz, apaltasunez eta txikitasunez, Jesusengandik besteak baino hurrago dago.
Zer esan gura deusku honek, senideok? Sakramentu guztiak hartuta egon geintekez, edo mezatara domekero etorri eta jaunartu geike; baina zer dino gure bizikereak? Zeintzuk dira gure ametsak, lehentasunak, Jainkoari egiten deutsaguzan eskariak?
Bakotxak bere nazinoa, lurraldea, familia edo ondasunak zaintzen dihardugu, eta zelango gerrak, gorrotoak, iskanbilak, haserreak eta inbiriak sortu doguzan, eta sortzen doguzan inguruetan.
Ondo eta zoriontsu bizi izan gura dogula? Iheslariei hesiak jarrita, edo lapurren aurkako sarrailak eta alarmak jarrita lortuko ete dogu? Jesusek beste proposamen bat egiten deusku: besteen zerbitzari izatea, danen morroi... Baina zein gatx egiten jakon hau bere uste on osoa Jainkoagan jarrita ez daukanari!
Gure eginbeharra, senideok, Jesusen jarraitzaile eta ikasle izan gura badogu behintzat, bihozbarritzea da. Horretarako ebanjeliora jo behar dogu, Jesusen taldeak eratu behar doguz, bestea jarri behar dogu gure buruaren aurretik… eta jarrera honek heriotzara garoaz. Baina betiko izango ez dan heriotzara; Jainkoak bere altzoan bizitzaz beteko dauan bizitzara.
OTOITZA
Jesus:
lagun eta maisu zaitugu;
zeure
ondora deitzen deuskuzu
eta zeure
bizikereaz irakasten
gizakiak
ze lehentasun izan leiken.
Jainkoaren
nahia bilatzea lehen,
eta
senidearen zerbitzari izatea hurren,
geure
buruari eta zalekeria guztiei
uko
eginez. Eta gauza erreza ez!
Erakar
gaizuz zeure ingurura, Jesus;
zure
hitza alkarregaz entzun daigun
eta
eguneroko bizitzan gauzatu daigun
zure
irakatsia:
Aita/Ama
Jainkoaren seme-alaba izatea.