URTEAN ZEHARREKO 24. DOMEKEA /B
UZ24-B
HITZALDIA
Jesusen egintzen barri emon ondoren, Liturgiak Jesusi jarraitzera eroan gura izango gaitu. Prest gagoz, senideok, Jesusi jarraitzeko, ala geure ohituretan eta ziurtasunetan jarraitu gura dogu? Hauxe da gaurkoan astindu gura izango doguna. Bilatu daigun Jesusegaz zintzo jokatzea.
Isaiasen irakurgaitik jarri gara Jainkoaren esku, entzumena berak zabaldu leigula autortuz. Jainkoari arretea eskatu deiogun berak esan gura deuskunari zabaltasunez eta uste onez erantzuteko, eta entzumena adi-adi euki daigula. Gure fedeak, eraginkorra izan gura badau, egintzetara eroan behar gaitu, lehengo bizikeratik atara behar gaitu eta bihozbarritutako bizikeran jarri behar gaitu.
Ez da erreza! Ebanjelioak berak emoten deusku zein gatx egiten izan jaken hori Jesusen hurrekoenei ere, apostoluei eurei ere; zelango berba gogorrez diharduen oraingoan Pedrok eta Jesusek. Eta Pedrori esandakoa beste guztioi dinosku Jesusek, batez ere bere jarraitzaile izan gura dogunoi.
Pagano lurraldean kokatzen gaitu ebanjelariak, eta Jesusen galdera baten aurrean. Jerusalemera igoten hasi behar dau Jesusek eta ez dauz gura badaezpadako lagunak, oso-osoan beragaz dagozanak baino.
Ikasleen erantzunak Jesusengan jendeak apurketarik ez dauala ikusten emoten dau; irudi handien eta lehengo profeten pareko jarten dabe Jesus. Pedroren erantzunak —jendearenak Jesus ez dabe asetzen, eta zuzen-zuzenean galdetzen deutse hurrenekoei, bere apostoluei— oso-osokoa eta benetako emoten dauan arren, Jesusek ez dau onartzen.
Eta laster baten geratuko da argi: Pedrok-eta itxaroten dabena (euren aberria, askatasuna eta erromarrak menperatzea…) ez da Jesusen eginkizuna, ez dagoz Jesusen egitasmoan. Ez dabe ulertu oraindino. Eta gogor esango deutso Jesusek bere atzetik jarteko, aurretik kentzeko: oztopo jakoz Jesusi Pedro eta bere antzera uste dabenak; Jainkoari emon behar eutson erantzuna eragozten deutsoe. Eta Jesusek horretan ez dau amore emongo.
Jazoera honetatik gure bizitzea argitu gura badogu, hausnartu beharra daukagu, ea nigan (bakotxak ikusi daiala) Jesusek bere jarraitzaile sutsu eta zintzo eta ustetsu aurkitzen dauan, ala bere inguruan beste amets batzuk elikatuz jarraitzen deutsodan…
Jesusek gutariko bakotxagan aurkitu gura izango leuke, ba, beragaz Jerusalemera igoteko gauza diran lagunak. Argi iragarten deutse Jesusek danei han zer aurkituko dauan; baina baita heriotzearen menpe egotea ez zala luzarorakoa izango ere… Baina hareek ez deutsoe ulertzen, ez dabe onartzen Jesusen erabagia, ha galtzeko bildurragaitik, eta desbideratu egin gura dabe. Zein zorrotz erantzuten deutson Jesusek Pedrori! Zein zorrotz erantzungo deuskun guri ere Pedrok lez uste badogu… Eta, ez dogu?
Geure usteetan jarraitu gura dogu, apurketarik barik, lehengotan… argi ikusi arren goazan bidetik hiltera, fede argia amatatzera goazala. Hauxe ikasi eta egin dogula-ta, bertotik jarraitu behar dogula ozenki aldarrikatuz.
Baina ez. Jesusek heriotzara garoaz. Gure inguruak bizitza uste dauana ukatzera. Gurea ez da eleizak beterik ikustea, besteen gainetik jartea eta beste guztien txaloak hartzea. Gurea gitxi batzuk izatea da, besteen zerbitzuan egotea, bizitza pobreen alde emotea… Eta Jainkoari gauza asko eskatzen deutsaguzan arren, hau ez; ez deutsagu eskatzen Jesusen gaurko jarraitzaile izatea.
Honek talde txikietara eroango gindukez, ebanjelioa geure eskuetan hartzera, bihozbarritzera eta ohitura eta ziurtasun batzuk bazterreratzera… eta gure zahartzaroan ziurtasunik ezean bizi izatea ez da batere erreza. Ba ete gagoz prest? Besterik ezean, prest dagozanen alde otoitz egin behar izango geuke besteok, eta hareik adoretu; horrela danok eukiko geuke geure zeregina Jainkoaren erregetzaldiaren eraikitze lanetan Jesusen ondoan.
OTOITZA
Erakutsi
dozu zeure burua, Jesus,
txarkeriaren
aurka jokatuz
eta
osakuntzak gauzatzeaz batera
Jainkoaren
parkamena ere zabalduz.
Baina
egundoko oztopoak aurkitu dozuz:
zure
ingurukoek ez dabez ulertzen
Jainkoaren
doantasuna eta errukia;
sendotasuna
eta zigorra gura dauz.
Emoiguzu,
Jauna, bihozbarritzea,
Jainkoaren
doantasuna geuretzea
eta
senideen zerbitzuan bizi izatea:
egunero
ebanjelioan zeu bilatzea.