UZ-23-B

URTEAN ZEHARREKO 23. DOMEKEA /B

UZ23-B

HITZALDIA

 

Senideok: Jainkoaren erregetzea Jesusek zelan iragarten eta zelan gauzatzen dauan emoten deusku ebanjelioak. Eta iragarpen hori onartzen dauanarentzat barri on eta salbagarri bihurtzen da.

Gero eta argiago daukagu Jesusen barri izan dogunok ezin geintekezela gelditu ebanjelioa entzute hutsean, alkarregaz otoitz egin edo sinismena ospatze hutsean… Jesusek hor gelditzen danagaitik antsi eta zizpuru egiten daualako, ebanjelioan ikusi dogun lez. Zer dagokigu, orduan?

Asko entzuten dogu gaur egun Jainkoak geu garan langoak maite gaitula. Baina, egia izan arren, egia osoa ez dala esan behar dogu ozenki. Halan maite gaitu, bai; baina gehiagora deitzen gaitu; ez gaitu bertan behera gura, erreinuko lankide eta eragile baino.

Ikusi dogu, bigarren irakurgaian, Santiagok zelan joten dauan egunerokotasunean agertzen diran jokabide okerrak zuzentzera. Ebanjelioak, ba, gure bizikerea erabarritu gura deusku, eta erabarritzen ikusten dogunean esan geike dogula barri on. Bestela, izango da Barri On, baina inorentzat, eta ez niretzat.

Zer emoten deusku gaurko liturgian iragarritako berbeak?

Isaiasen irakurgaiak itxaropenera eta pozera zabaldu deusku barrua. Badago bildurturik gure artean, edo etsipenean dagoanik, edo itxaropen guztiak galdu dauzanik… Horreexen bihotza bizkortu eta adoretu gura dau Isaiasek. Eta haren iragarpena onartzen dauanak Jainkoagan jarriko dau uste ona, beretzat barri on izango da, eta bildurretatik urten egingo dau uste onez bizi izateko.

Baina hain erreza ete da? Ba, zaharrontzat, gauza batzuetara ohituta gagozanontzat, ezer barririk itxaroten ez dogunontzat, edo gure bizikerea aztertu eta galbahetu gura ez dogunontzat, ez da erreza izango, eta bai gatxa baino gatxagoa. Horrelaxe ulertu behar dogu ebanjelioan aurkitu dogun Jesusen antsia eta, gaisoa osatuko badau, jendeagandik aldendu beharra.

Asko dago jokoan, senideok. Jesusi jarraitzen deutsoen guztiek dihardue Jainkoaren erregetzea eraiki guran, eta horren oztopo lirateken euren bizitzako jokera guztiak baztertzeko ahaleginetan? Jesusen ikasle hurreko eta apostolu diranek ere hori da bilatzen dabena? Eta orduan zergaitik banandu behar dau gor-mutua euren artetik, egiten dau antsi eta izten ditu danak harrituta? Jendea harrituta iztea bilatzen ete dau Jesusek, ala Jainkoaren erregetzeari jarri gura deutsoz oinarriak, eta haren eraikuntzarako jente bila dabil?

Hona helduz, geure buruari galdetu geikeo: zer bilatzen dot Jesusen inguruan? Zer gura izango leuke Jesusek niretzat? Eta emon beharreko erantzunak, gure inguruan eta gure barruan gertatzen diranak ebanjelioaren argipean aztertuz emon behar izango geukez, ebanjelioa Barri On bihurtu dakigun…

Eleizan gabizenok zaharrak gara gehienbat; baina zahar asko eta asko falta dira. Ez daigun esan, ba, gazteak non dagozan, lehenengo ta behin behintzat; agertzen ez diran zaharrak zergaitik falta diran baino: batzuk ezin dabe etxetik urten ere; baina beste guztiak? Bildurrak edo etsipenak edo nagiak jota badagoz, euren egoerea ez ete dogu gazteena baino lehen aztertu behar? Eta zaharrok, Jesusen mezua entzunda, alkarregaz ospatuta eta bizitzea erabat eginda, gor-mutu agertzen bagara… ez ete dogu Jesusengana hurreratu behar, entzun edo hitz egin edo iragarri ahal izateko?

Egon geintekez Jesusen inguruan, baina haren berbeak, egintzek eta gurariak gure bihotza sekulan ikutzen ez dabela. Eta Jesusek antsi egingo dau, eta gugandik aldendu egingo da, erakunde eta ohitura batzuetan ziur aurkitzen gaitulako, bere beharrik ez daukagula; eta beste batzuengana bihurtuko da: gure ustez euren gor-mutu izateagaitik gure artean ez dagozanengana…

Ez ete dogu hobe, gure gor-mutua autortzea, Jesusen bila hastea eta bildur guztiak uxatu deiguzala eskatzea?

 

 

OTOITZA

Deabruak menperatuta gaukazala
erakutsi gura deuskuzu, Jesus, eta
hor zabilz batera eta bestera iragarten;
zein gitxik egiten deutsun jaramon!

Gehienak egokituta dagoz eta
halantxe jarraitu gura dabe
askoren artean babesa sumatzen dabelako.

Nik, Jesus, autortu egin gura dodaz
nire gorra, nire ohikeria eta bizikera hutsa,
eta ozenki eskatu gura deutsut
askatu naizula
bildurti eta gor-mutu izatetik,
eta zugaz topo egitearen poza
zabaldu daidala nire inguruan.