UZ-22-B

URTEAN ZEHARREKO 22. DOMEKEA /B

UZ22-B

HITZALDIA

 

Gaurko liturgiak, senideok, aurretikoen ohituren aurrean (tradizinoaren aurrean) jarten gaitu eta hareik aintzat hartzen irakatsiko deusku.

Zer uste dozue: aurretikoen ohiturak onak zirala, ezagutu beharrekoak, eta jarraitu beharrekoak doguzala, batez ere Jainkoagazko hartu-emonei buruzkoak?

Lehenengo irakurgaian Moises herriaren aurrean Jainkoagazko hartu-emonetarako ohar-arauak finkatzen agertu jaku. Beste gauza askoren artean hauxe itzi dau argi: Jainkoa bere herriagandik hur dagoala. Sentipen hau ez dauke beste herriek, euren jainko-jainkosei bildur deutseenek. Gerorantza aurkituko dogu Jesusek Jainkoa hur sentitu ez eze, haregazko konfiantza osoa agertzen eta irakasten dauala, Jainkoari aitatxo deitzeraino.

Aurretikoen ohiturak ikasi egiten dira, etxean, auzoan, eskolan, inguruan… herri osoarenak diralako. Aurretikoen ohiturak garrantzizkoak dira, ba, herritar guztientzako.

Baina zer gertatu daiteke berez onak eta beharrezkoak doguzan aurretikoen ohiturekaz? Danok dakigun zeozer: ohituron barri emoten ez danean, inon iragarten ez diranean, galtzen joango dirala, ezezagun bihurtuko dirala eta beste ohitura batzuk nagusitu daitekezela. Hauxe da hebertarren bildurra; horregaitik noizbehinka ohiturok gogoratu egingo dabez, eta alboko herrien ohiturez kutxatzea gaitzetsi. Herriko jaiek, beste eginbehar batzuen artean, horixe dabe helburu: ohituren barri emotea eta harei iraunazotea.

Heldu gara Jesusen aldietara, eta zer aurkitzen dau Jesusek bere herritarrengan? Lehenengo ta behin, bere ikasleek ez dabezela aurretikoen ohiturak jarraitzen aurpegiratzen deutsoela farisear eta lege maisuek. Bigarrenez, Jesusek eurei aurpegiratuko deutsela, adibide ta guzti, aurretikoen ohiturei farisearrek eta lege maisuek egiten deutseen jarraikuntzea azalekoa dala, eta azaleko jarraikuntza horretan Jainkoaren Legea bazterreratzeko gauza ere badirala.

Hirugarrenez, Jesusek ez dauz aurretikoen ohiturak-eta baztertzen eta indargetzen edo gaitzesten; gaitzesten dauana azaluskeria da eta itxurakeria; eta ohiturak-eta euren esanguran hartzea eta betetasunera eroatea bilatuko dau. Eztabaida honetan oinarriturik iragarriko dau Jaunak barrutik sortzen diran txarkeriak baztertu beharra, Jainkoa egiaz eta benetan aintzaltzeko.

Gure artean, senideok, danok dakigu aurretikoen zenbat ohitura eta ekandu bazterreratu diran, eta erbestekoen beste zenbat ohitura sartu jakuzan, eta geure ohitura bihurtu doguzan. Badakigu, baita, euretariko zenbat eta zenbat ez jakuzan batere atsegin, eta lotsatu ere egiten gaituen…; baina ez dakigu autortzen zein itziak eta arduragabeak izan garan, ez dogulako jakin aurretikoen ohiturak eta ekanduak irakasten edo etxean bizi izaten eta gauzatzen. Eta orain, euretariko asko azaleko edo haragi bako eta lekuz kanpoko ohitura bihurtu jakuz, norbera ere lotsa gorritan izten daben ohitura izateraino. (Euretariko zenbat irakatsi gura deutseguzan umeei… Alperrik!).

Badago ezer egiterik? Bai, ikasi egin geike, ezagutu, oinarritu eta zintzo jokatu. Izan gogoan hau ez dala bakotxaren kontua, batzuena, taldearena, alkarregaz egitekoa baino. Badinosku honek ezer?

Ba, bai: ezin geintekezela gelditu azalean, kanpoko betekizunetan eta itxurakerietan. Eta, sakonera joteko, alkarren beharrizana daukagula.

Alkarregaz eraiki daigun eleiz alkartea, Barriona izan daiten gure bizikerea eroaten dauana, eta hemen eta gaur Jesusen autorle egiten gaituana. Berak eroango gaitu herri-ohiturak ere aintzat hartzera.

 

 

OTOITZA

Betiko arriskua dogu, Jauna,
errezkeriara jotea, erosokeriara
eta besteek egiten dabenera,
geurean usterik ez dogulako-edo…

Nahi dogu zure legean bizi izan, Jauna,
berak egin geinkezalako benetako gizaki
eta alkarren lagun eta alkarren zerbitzari.
Baina sarri jausten gara arriskuan.

Ez gaitezela geratu azaleko eleizkizunetan,
ez ohiturazko betekerietan eta errezkerietan;
jarri daigula uste on osoa Jesusengan
eta haren bizikerea gauzatu ahal izan daigula.