URTEAN ZEHARREKO 21. DOMEKEA /B
UZ21-B
HITZALDIA
Gaurko ebanjelio txatal honegaz amaitzen dogu Markos ebanjelariaren irakurketan egin dogun Joan ebanjelariarentzako tartea; eta heltzen gara Jesusen aukeraketako gailurrera: bera onartzea eta berari jarraitzea aurkezten dau Jesusek hil ala biziko gauza lez. Jesusen orduko ikasleek ezin dabe onartu hizkera hori. Zelango jarraitzaileak ete dira?
Jesusek argi itzi deutse, haragia eta Espiritua berbak erabiliz, haragiak amaitu bako gizakia adierazoten dauala; Espiritua da bizi emoilea, osotasunera daroana. Eta hauxe da Jesusek bere hitzetan emoten dauana.
Baina jarraitzaileek ez deutsoe sinisten; ezin dabe iruntzi hil egingo dabela dinoagan bizitzak iraun daikenik. Heriotzan dana amaitzen dala uste dabe; eta Jesus heriotzara badoa akabatuta dago, ez dago zereginik. Ez dabe ulertu, eta ez dabe onartzen, espirituzko bizia ez dala akabatzen, besteen alde emonez betetasunean sartzen baino.
Heldu gara, ba, gailurrera. Ezagutu dogu Jesus bere hitzetan eta bere egintzetan. Baina, behar bada, ez dogu ulertu Jesusek agintzen deuskuna geure bizitza besteen alde emotea dala, emotean Espirituzko bizitza ez dalako akabatzen, bere osotasunera heltzen baino. Horregaitik Pedroren autorkuntzea: Norengana joango gara, ba? Beste inork ez daukaz, zeuk baino, bizitzarako berbak.
Baina autorkuntza hau ere ez da oso-osokoa. Taldearen izenean eginda dago. Baina taldean bertan ere badago holan uste ez dauanik, sinisten ez dauanik… danak Jesusek berak aukeratutakoak izan arren.
Zer pentsatu emon behar deusku guzti honek, senideok.
Sinistea, uste on osoa Jesusengan jartea, ez da gauza erreza. Sinisten dala uste izan arren ere, nahikoa erreza da sinisgabea izatea; Jesusen jarraitzaile izan arren, salatzailea eta saltzailea izatea…
Gainera, gauza bat da Jesusek berak azaltzea eta erantzuna eskatzea, eta beste gauza bat haren izenean nik, abadeak, edo Eleizeak, mahairatzea, neure izaera mugatutik, neure makaltasunetatik, neure pekatari izaeratik… Ulertu beharra dogu, ba: mahairatzen dan Jesusen aukeraketa hau ez dogu abadearen gauza lez mahairatzen, Jesusek berak, bai abadearentzat eta baita beste guztiontzat ere mahairatzen dauan galdera lez baino: zuek ere ihes egin gura dozue?
Eta erantzuna ez dau danen izenean batek emon behar, bakotxak bere buruaren izenean baino. Eleizearen indarra altzoa emotean dago, berotasuna, babesa… Eta zenbatetan ez dogun ez argitasunik, ez babesik ez berotasunik aurkitzen Eleizan! Eta honek Eleizea baztertzera eroan behar gaitu, ala, beharrezko bitartekari somatuz, bera ederreztera, txukuntzera, gaurkotzera eta Ebanjelioari zintzoago jarraitu deiola bultzatzera?
Hauxe da Espirituzko bizitza bizi izatea, bizitza besteen alde emotea: ondokoaren alde, Eleizearen alde, behartsuaren alde, hurreko eta urrunekoaren alde…
Pedroren berbak bakotxak erabil daiguzan, ba: «Jauna, norengana joango gara? Zure berbek betiko bizia dabe. Eta guk sinistu dogu eta badakigu Zeu zarala Jainkoaren Santua».
Egin dogu aukeraketea. Autortu dogu Jesusen ikasle eta jarraitzaile garana. Lagundu deiogun alkarri aukeraketa hori biribiltzen: Jesus hobeto ezagutu, gehiago maitatu, behartsuengan ikusi, besteenganako begiramenean gauzatu… Liturgiak lagunduko deusku. Eukaristi ogiak indartuko gaitu. Eleiz altzoak babestuko gaitu…
OTOITZA
Zein argi
izten deuskun Ebanjelioak
zugan
sinistea, Jauna, ez dala erreza!
Sinisten
dogula uste dogu guk
baina,
hau ikusita, zer uste izan behar dogu?
Zure
ikasleetariko askok eta askok
bertan-behera
izten zaitu eta ihes egiten dabe
zure
berbak onartezinak dirala-ta:
eurenean
jarraitu gura dabe, euren usteetan.
Emoiguzu
ausardia, Jauna,
zu
ezagutu gura izateko,
zugan
sinisteko, eta zutaz esateko
beste
inork ez dauzala berba salbagarriak.
Ez
gaizala zugandik, Jesus,
inork ere
aldenduazo!