UZ-20-B

URTEAN ZEHARREKO 20. DOMEKEA /B

UZ20-B

HITZALDIA

 

Jakituriak bere etxera deitu (inbitatu) gaitu: «Zatoze, jan nire ogia eta edan nik nahastatutako ardoa. Itzi zorakeriak eta bizi izango zaree, jarraitu zentzunezko bideari». Berbok gogoan hartuta argitu gura izango neuke gure egoerea eta, ahal dala, Jesusi buruzko aukeraketea egitera bultzatu eta adoretu.

Lehenengo irakurgaian Jakituriaren deia entzun dogu. Lehian dihardue Jakituriak eta Lelokeriak, gizakia bakotxak berera eroan guran. Eta ez uste izan Jakituriaren deiak danok entzuten doguzanik; sarritan nahiago izaten doguz Lelokeriarenak, Burugabearenak eta, atzipetuta, haren etxera joten dogu.

Begira: zer esan geike gure sinistun izateaz: ikasiak garala ala ez-ikasiak? Gehien bat, oinarrizko eta behin-behineko ikasketaz gagozala hemen, hartutako ohitura batzuei eusten, esan behar izango geuke, autortu gura ez badogu ere. Badaukaguz zio edo arrazoi batzuk eleizara etorteko, mezatara etorteko, betekizun batzuez beteteko…, baina, behar bada, ez ginateke gauza izango arrazoiok emoteko. Kristau izatea bilatzen dogu? Jesus eta honen ebanjelioa ezagutzea eta geuretzea gura dogu, ala zerua aseguratu gura dogu, heriotza ondoren ezer balego?

Entzun daigun barriro Jakituriaren deia, Jainkoarena balitz lez, eta goazen Ebanjeliora Jesusek bere aldikoekaz daukazan azalpen eta eztabaidetara. Nahi doguna, bilatzen doguna, geure egoereaz argitzea da, batez ere Jesus ezagutzen eta haren berbea, ebanjelioa, bizitz-arau lez hartu gura dabenena. Gitxiengo bat dira honeik. Gehienak erlijio mailan geratzen dira, ohitura eta betekizun mailan. Honei gatx baino gatxago egingo jake Jesusen berbak ulertzea, eta ezinezko egingo jake haren berbak onartzea edo eurentzea.

Jesus ezagutu gura dogunok, entzun deiogun, hurreratu gakiozan zabaltasunez, esan deikigunari harrera on egiteko gertu.

 

Joan ebanjelariak Moisesek Faraonen morrontzatik atara dauan herria dakarsku gogora Jesusek bere aldiko judeguekaz daukan eztabaidan. Orduko urak, ogiak, haragiak… jatorri bat euken, eta orduko hebertarrak harro egozan zeruetako Jainkoak elikatzen ebazala-ta. Eta Jesusen aldiko judeguek handitzat euken Moises, bera zalako Jainkoaren laguntzea bideratzen eta gauzatzen ebana.

Baina Joan ebanjelariak Jesus jarri gura dau Jainkoaren agintzari guztien betetzaile lez: Jesusengan hitz egiten deusku eta janaritzen gaitu Jainkoak. Eta aldi haretako judeguek ezin onartu daikee holangorik.

Badirudi euren arteko eztabaideak zera azaltzen deuskula: batzuk onartuko leukeela eta beste batzuk ezelan ere ez. Horrexegaitik legokigu ona eztabaida ha gaur eta hemengoa balitz lez onartzea…

Ez dogula ulertzen? Albo batera itzi geike dana, geurean eta lehengoan jarraituz. Edo Jakituriaren deia entzun geike eta bere etxera abiatu. Eskatu daigun ulertzeko argitasuna… Eta argitasun horrek ebanjeliora eroango gaitu, otoitzera, eleiz alkartera eta Eukaristiara, Jesus ezagutzeko, haren hitzak edateko eta haren haragia jateko gogoa biztuz.

Eta Jesusek bakotxak bere helburutxoak edo gurariak bilatzetik atara, eta besteentzat eredu eta janari izatera eroango gindukez. Eta hau… ez dot uste danok gura dogun gauzea danik. Ez da nahi-ta-ezkoa. Hau aukeratu egin behar da, landu egin behar da; honi denporea emon behar jako; hau kosta egiten da… baina merezi dau!

Besteentzat eredu eta janari izateak gure eleiz alkartearen egoereaz jabetzea dakar, gure gizartearen egoereaz eta gure inguruagaz ere arduratzea. Hau da: Eukaristia bitarteko, Jesusegaz bat egiten danak bizitzeari eta inguruari sakonera begiratzen deutso, eta han zer egin eta zer emon bilatuko dau. Ez dau bilatuko handik ze etekin atara daiken, edo besteak zelan kritikatu eta gaitzetsi daikezan.

Senideok: Jesus gure bizitzako maisu eta janari izan dakigula gura dogunok, alde batera itzi behar doguz gure hozkeriak, bildurrak, lotsak eta txikikeriak, eta alkar zelan adoretu bilatu behar dogu. Jesus aukeraketakoa eta ez jausi jakun gauza bat bihurtu geike. Aintzat hartu daiguzan bere berbak.

 

 

OTOITZA

Zure etxeko gozotasuna
aurkeztu deuskuzu, Jauna,
eta deitzen deuskuzu zure ondasunetara
gure ez-jakinetik atara guran.

Baina, Jauna, ez ete gagoz gure lehenari
eta ondo menperatuta daukagunari
estuegi lotuta, eta haren morroi?

Argitu gure adimena, adoretu gure gogoa
biztu zuganako egarria
eta zure Semearen gose izatea,
zeure pozean bizi izan gaitezan
eta poztasun horretara erakar daiguzan
gure inguruan aurkitzen doguzan guztiak.