UZ-19-B

URTEAN ZEHARREKO 19. DOMEKEA /B

UZ19-B

HITZALDIA

 

Ez da gogorra, senideok, Elias profetak dinoana? Nekatuta dago, gogait eginda dago, aspertuta eta gehiago ezin dauala dago, eta zerau dino, otoitz eginez: «Nahikoa dot, Jauna! Kendu egidazu bizia, ez naz-eta neure gurasoak baino hobea».

Jainkoaren herria inguruko herrien ohituretan jausi da, euretara egokitu da; sasi-jainkoei egiten deutsez tenpluak eta opariak. Eta ez herria berbideratzeko ahaleginek ez eta agintariei eta erregineari egindako zemaiek ez Jainkoaren aldetiko iragarpenek ere ez dabe fruturik emoten. Badirudi handiegiak eta indartsuegiak dirala Eliasen txikitasunarentzat… eta Jainkoaren esku izten dau dana, bera paretik ere kendu daiala eskatuz.

Hori egingo ete dau Jainkoak? Kenduko ete dau paretik Elias? Nork onbideratuko dau herria orduan? Eliasek behar dauana adore barria da, eta horixe emongo deutso Jainkoak ogia eta ura aurkeztuz. Izan gogoan ura eta ogia ezaugarri dirala: Jainkoak basamortuan bere herriari emoten deutson elikadurearen ezaugarri.

Zelan aurkitzen gara gu, senideok? Zenbat bider pentsatu dogu ezin leitekela ezer egin agintarien aurka, bankarien aurka, sistema honen aurka… Ez dauala merezi aurka egiteak, eta ahal dauanak ahal dauana kontsumitzen eta eralgiten ahalegintzen gara.

Eta gauza bardina gertatzen da abadeen artean ere. Gure eliztarrak euren komodidadetik, ohikerietatik, ez-jakinetik eta bakotxakeriatik ataraten ahalegintzen gara, baina gehien batek ez dau hortik urten gura, lana, ardurea eta bidean jarri beharra eskatzen deutsozalako.

Eta bitartean eleiztarrek mormoxetan (marmarrean) dihardue agintarien eta arduradunen aurka, edo laguntzailetzan diharduenen aurka ere bai… Eta ez dabe lan errezik sistemearen aurka jokatu gura dabenek.

Senideok: gure eleiz alkarteak gaurkotzeko, ardurakidetzeko eta Jesusenganatzeko aukerea dogu. Ardurea eta lana eskatzen dauz, ikastea ere bai. Eta beti lez jarraitzea komodoagoa da, batez ere nagusiak ere bagaralako (zaharrak ez esatearren). Eta ezin esan geike gazteek  edo atzetik datozanek egingo dabela. Geuk, hemen gagozenok, ez badaukagu aintzakotzat sinismena edo eleiz alkartea, edo alkarregaz Jainkoari emoten deutsagun erantzuna, horretan usainik ere hartu ez daben gure seme-alabek egingo dabela uste dozue?

Eginbehar eta lan handia eta gatxa daukagu abadeok. Oraindino, mezatxoa entzuteaz nahikoa eta lar dauan eleiztargoagaz burrukatu beharra daukagu, eta geure artean ere batzuk mezak emoteaz konformatzen diran artean, beste batzuk eleiztarrak arduratuazo  eta ardurakidetasunean jokatzea bultzatzen dogu.

Oinarriak behar doguz, senideok. Ebanjeliora, Jesusengana, hasierara jo behar dogu, senideok, eskuartean zer daukagun ikusteko, haretaz jabetzeko eta ha aintzat hartzeko.

Uste dogu merezi dauala sinismenak? Ba, hasi gaitezan gizaki zaharraren ohituretatik urteten; hartu daigun eleiz alkartea gure ardurapean, geure sorbaldan, eta ipini daigun bakotxak besteen onerakorik daukana. Eta ez gara kontsumitzaile huts eta mormoxetari izango, Jainkoak hementxe behar dauan bere Semearen autorle baino.

Ez da gauza erreza. Jainkoak Elias elikatu eban lez elikatuko gaitu geu ere bere Semearen hitzaren eta ogiaren mahaian. Eta hortxe indarturik egingo deutsegu aurre bai gure arazoei, eta baita herri mailan edo gizarte mailan daukaguzanei ere.

Hau danentzako ez bada, euren burua ekintza honetan dabenak behintzat ez daitezela bildurtu, lotsatu, kikildu edo arduratuazo  artean galdu.

 

 

OTOITZA

Zein errez nekatzen garan, Jauna!
Laster aspertzen gara eta kexatzen,
dana errez eta une haretantxe
gura doguzalako gauza guztiak.

Ziztu bizian bizi gara eta ez dakigu
astiro jardun behar dauanari itxaroten,
epe luzeagoa behar dauanari
bere taupadetan laguntzen.

Osatzen gaituzu zuk, Jesus,
elikatzen gaituzu zeure ogiz
baina beste batzuen osatzaile
eta hareen janari izan gaitezan.

Emoiguzu astiroago ibilteko gogoa
ondoko behartsuak ikusi ahal izan daiguzan
guztientzat adore-emoile izateko eran.

—Amen.