UZ-18-B

URTEAN ZEHARREKO 18. DOMEKEA /B

UZ18-B

HITZALDIA

 

Senideok: hartuko doguz hausnarketarako abiapuntu lez Joan ebanjelariak Jesusen ahotan jarten dauzan berbak? Hona hemen: «Bene-benetan dinotsuet: Nire bila zabilze, ez ezaugarriak ikusi dozuezalako, ogia asetzeraino jan dozuelako baino».

Zer pentsatu behar dogu, senideok, berbon aurrean. Bagara Jesusen baldintza bako jarraitzaileak, ala harek emon leigun sariagaitik jarraitzen deutsagu? Edo, behar bada, ez dakigu haren jarraitzaile garan ala ez ere, eta hementxe gagoz, egonean, zeozer hartzen edo hartuko dogulakoan…

Entzun daigun, ba, Jesusen agindua: «Ahalegindu zaiteze, ez galtzen dan janariagaitik, irauten dauanagaitik baino, betiko bizia emoten dauanagaitik».

Lehenengo aldietako Jesusen jarraitzaileei agindu hau barru-barruraino sartu jaken eta bera azaltzeko irudi bat erabilen: gizaki zaharra zan jaki galkorraren bila ebilana, gauzak errez eta bat-batean gura ebana, ezelango oztoporik gainditzeko gauza ez zana, beti eskakizunetan eta mormoxetan ebilana… Holango zeozer aurkitu dogu gaurko lehenengo irakurgaian, ezta? Herriak adore handiz itzi eban Ejiptoko morrontza egoerea eta abiatu zan askatasunerantza Moisesi jarraituz. Baina aurre egin behar izango eutseen eragozpenei eta oztopoei, eta, badirudi, Moisesek erreztuko eutsela dana uste ebela. Eta ez zan holan: eurek ahalegindu behar eben. Eta horren aurrean mormoxetan hasten dira, kexati, euren egoereaz inor erruduntzen eta lehengo egoera zaharra amesten. Gizaki zaharrak errezkerian bizi izan gura dauala dakarsku, ba, burura.

Gizaki barria barriz Kristorekin berbiztu danaren irudi da. Hauxe da sinistuna: Kristoren biztuerea sinisten dau eta haren barritasunean bizi izaten ahalegintzen da. Eta ahaleginok egiteko behar dauz Kristoren laguntza, haren berbearen argitasuna, haren ogitik jatea, haren jarraitzaileen berotasuna eta alkarri adore emotea…

Gizaki barriak, ba, senideok, bere nortasun barri horren kontzientzia hartzen dau, horren jakitun da eta ez da mormoxetan ibiliko ahaleginetan baino; ez da bakarrean ibiliko, alkartasunean baino; ez da etekin bila ibiliko, besteen zerbitzuan baino. Gauza ederra benetan gizaki barri lez bizi izatea. Eta horixe dagokigu guri Jesus Jaunaren ikasleoi, haren jarraitzaileoi.

Aldakuntza handiak ezagutu doguz eleiz alkartean azken urteotan, eta handiagoak ikusiko doguz epe laburrean, bereizketa aldi ondoren. Gizaki zahar lez jokatzen badogu, mormoxetan eta kexati agortuko gara. Gizaki barri lez jokatu gura izateak aldakuntzotan esku hartzera eroango gaitu, geuretik jartera, zerbitzari lez jokatzera, Jainkoaren erreinuko langile izatera…

Gure elizkizunak aldatu beharra daukagu: esku hartze handiagokoak, aberatsagoak, alaiagoak, biziagoak, zabalagoak, irekiagoak bihurtu behar doguz. Baina zaharregiak gara, eta beranduegi dala uste dogu. Ba, bilatu daigun Jesus, ez jaten emoten deuskulako, indar eraldatzaile bihurtu gura gaitulako baino. Alkartu gaitezan otoitzerako, Jainkoaren berbearen inguruan, berak argitu gaizan eta adoretu. Ez gaitezan konformatu erosotasunean mezatxoa entzuteaz. Alkar adoretu daigun, egin daigun alkarren aldeko otoitza, beharrezko ikusi daigun alkar… eta gure eleiz alkartea aldatu egingo da.

Eta barrura eta ilunpetara begira egotetik urten behar dogu eta kanpora begira jarri: zelan berreskuratu geikez alde egin dabenak, edo inoiz egon ez diranak, edo barre egiten deuskuenak, edo laguntza beharrean aurkitzen diranak, edo gazteak, edo umeak…? Ez dauz abadeak erakarriko, eleiz alkarte bizi, alai, gaurkotu eta Jesusenganatu batek baino. Eta hori Jesusen inguruan lortu geike eta ez geure ohituretan eta geure itxikerian. Jar gaitezan bere esanetara.

 

 

OTOITZA

Emoiguzu argitasuna, Jauna,
eta zeuganako uste on osoa
mormoxetan jausi ez gaitezan
eta oztopoei aurre egin deiegun.

Gizaki zaharraren jokabideak
baztertu daiguzala eta gaitzetsi
gizaki barriaren adore-itxaropenak
izan daiguzan bizitzan nagusi.

Zure Semearen Eukaristi mahaira
eta bere ahotiko hitzetara
hurreratzen jakin daigula
berak eroan gaizan aurrerantzean
gizaki barri lez bizi izatera.