UZ-17-B

URTEAN ZEHARREKO 17. DOMEKEA /B

UZ17-B

HITZALDIA

 

Senideok: Jesus ezagutu gura dogunok urrats handi bat emon geike gaurko liturgiak eskeintzen deuskuzan irakurgaien haritik. Ezagutzen dogula-ta ez-ikusi edo ez-entzun egiten badogu lehengotan geldituko gara, geure usteetan. Ez ete da hobe begiak eta adimena zabaltzea eta Jainkoaren berbeari harrera on bat egitea? Goazen usterik onenaz Jesus ezagutzeko asmo biziagaz.

Lehenengo irakurgaian Eliseo profetearen ekintza baten barri emon jaku eta holantxe prestatzen dau gero ebanjelioak ondorio lez atarako dauana: Jesus profeta da, eta Eliseo baino handiagoa: herriak itxaroten eban benetako profeta, Mesias ber-bera. Baina astiro abiatu gaitezan.

Jesusentzat ere ezaugarri izango da, baina benetako salbamenarena; hau da: Aitagana igarotearena. Baina horretarako honen guraria bete behar izango dau, eta gaurko ebanjelio txatal honek horren adibide batzuk emoten deuskuz.

Itsasoa igaro ondoren mendira igoten dau Jesusek. Horixe egin eban orduko aldietan Moisesek. Haren parean jarrita dago, ba, Jesus. Hemen, Jesusen lehenengo ardurea jendearen nekea eta gosea da. Orduan herria tentatua izan zan (eta Moises Sinai mendian Legea hartzen egoan bitartean, herria sasi-jainkokeriaren frogan jausi egiten da), Jesusek, horren ezaugarri, Felipe tentatuko dau, eta hau jausi egingo da, diruaren ahalmenaz erantzun gura deutsolako Jesusek aurkezten deutson arazoari.

Munduko gosea, herrialdeen gosea eta pobrezia eta bazterkuntzak eta esplotazinoak eta zuzengabekeriak… ez dira konponduko aberastasunaz, edo diruaz, edo agintekeriaz. Argi itziko dau Jesusek hori.

Arazo guztien urtenbidea apaltasunetik dator: ume batek bost garagar-opil (honek lehenengo irakurgaiko Eliseo gogoratzen deusku) eta arrain bi daroaz beragaz (zazpia ugaritasunaren zenbakia da).

Jesusen jarrerea, daukaguna geure lez hartzea barik, Jainkoaren dohaitzat izatea da. Holangoak ete gara gu, senideok? Daukagun guztia Jainkoagandik hartu dogula uste dogu, eta eskerrak emoten deutsaguz eta onesten dogu? Horixe egingo dau Jesusek. Eta honegaz, gure apurra Jainkoaren esku jarten badogu eta alkarregaz jokatzen badogu honek bere frutua emongo dauala ikusiko dogu. Danek jango dabe, eta asetu arte.

Baina horretarako hainbat urrats emon dira, edo zehaztasun emoten deuskuz, esangura sakonaz, ebanjelariak: 5000 lagun aitatzen dauz (50aren 100eko biderketa; hau Espirituaren zenbakia da: Espirituak darabilan gizakiarena). Helduak dira, askeak, euren buruaren jabeak, inork behartu barik dagozanak: Jesusi askatasunez, euren kabuz jarraitzen deutsoe. Bedar ugaria dago landan, eta ogi eta arrain ugari jango dabe… Ugaritasun hau Jainkoaren bedeinkapena da eta azken aldiak adierazten deuskuz.

Arazo artean gabizanok, senideok, Jesusen ikasle lez, Espirituak darabilzan gizaki izan behar dogu; Jainkoagan gure ustea jarri; daukagun apurra aintzat hartu; alkarbanantzen badakigu (eta honetara bultzatzen gaitu Espirituak) danontzako egongo da, eta ugari egon ere.

Ezin geintekez geratu, ba, geuretxoa zaindu guran. Daukaguna alkarbanantzeko deia hartzen dogu. Askatasun osoaz jarri daigun Jesusengan ustea, eta jarri gaitezan lanean. Ez daigun bera errege edo buruzagi izendatu. Ez dago arazoen konponketa buruzagien esku…

Zer behar dogu, senideok, gure umetasuna heldutasun bihurtzeko?, daukaguna Jainkoaren grazia dogula autortzeko?, arazoen urtenbidea, agintarien edo ondasunen esku barik, Jainkoagan ustea jarriz egingo dogun alkarbanantzean dogula uste izateko?

 

 

OTOITZA

Jainko Jauna: arazoetan baino ez dogu joten zugana
eta arazoak zeuk konpondu deiguzuzala eskatzeko,
edo osasuna eta ondasunak eskatzen deutsuguz
horreexek izango doguzalakoan lagunik onenak.

Eta zein bestelako gauzea erakusten deuskuzun
zeure Seme aukeratu eta maitearengan!
Pazko pozetik eta zeure hurtasunetik dinoskuzu
gure apaltasuna eta zure handitasuna alkartuz
edozein arazori egin geikeola aurre.

Erabil daiguzala ondasunak ez geure lez, hartutako lez baino;
jakin daigula behartsuekaz banantzen
eta senidetasun giroa eraikitzen
hortxe dagoalako arazo guztien urtenbidea.

Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
Amen.