URTEAN ZEHARREKO 16. DOMEKEA /B
UZ16-B
HITZALDIA
Senideok: profeten aldietan gauzak ez egozan ondo, Jainkoaren gurarira; horrexegaitik sortu ziran (edo sortuazoten ebazan Jainkoak) profetak, ausardiaz salatuko ebenak herriaren desbideratzea, baina baita nagusien eta agintarien nagusikeria eta arduragabekeria, eta herriaren edo txikien bizkarretik bizi izatea… Eta ez joaken ondo holango profetei.
Gaurko liturgian urrats bat gehiago emon gura da: zemai berezia da Jainkoak bere herriaren artzainen gainera jaurtitzen dauana: Jainkoak berak hartuko dauala ekimena harei euren eskutik kenduz harriaren zaintza. Argitu daigun gure bizitza, iragarritako hitz honen arabera.
Ezin dogu ukatu Eleizako artzainengan ustelkeria dagoana; behin baino sarriagotan azaleratu da. Ezin dogu ukatu abadeok makalak eta pekatariak garana: beste edozein langoak gara-ta, eta ez aingeruak. Hortxe dagoz, ba, gure mugak, makaltasunak, txarkeriak, ustelkeria…
Horren aurrean, senideok, entzun deiogun Jainkoari, eta erantzuna emon deiogun bere ekimenari, bere esku hartzeari. Ebanjelioan, Jesusen jarreran eta jokabidean agertzen jaku Jainkoaren guraria. Horixe da sinisten doguna.
Jesusek bialduak pozarren bihurtu dira, eta Jesus Jaunari kontuak emoteko prest. Baina, antza danez, ez dabe euren lana Jesusen gurarira egin, eta leku baztertura deitzen dauz, eta eroaten, ikasbideak emoteko. Jainkoaren erreinua ez da geuk uste doguna, Jesusek eraiki gura dauan egoerea edo eraikina baino; beragandik ikasi behar dogu, ba, eta ez geure burutapenetatik.
Eta ebanjelioak aditzera emoten dauanez, badago Jainkoaren erreinuaren egarri danik; eta ez dira gitxi, inguru guztietatik joten dabe-ta Jesusengana.
Honek gure egoerea eta egarria aztertzera eta argitu gurara garoaz: bagara, senideok, Jainkoaren erreinuaren egarri? Jesusen irakaskintzea bilatzen dogu, gure asmakizunak eta burutapenak, orain arte ikasiak eta ohituraz errepikatuak ezertarako ez dirala argi daukagulako?
Erreztasun guztiz errudundu daitekez artzainak, buruzagiak, nagusiak, zaintzaileak… pekatariak diralako, eta behin baino sarriagotan ustelkerian bizi diralako (edo garalako). Baina ezin geintekez geratu salakuntza hutsean. Badagoalako, gainera, artzain horreen artean bere bizia, Jesusen antzera, ardiekaitik emon gura dauanik. Bere makaltasunetik —jakina!— pekatari izatetik; baina bera danetik. Eta ezagutzen doguz holango artzainak… Ala ez?
Ba, aztertu daigun geure jokabidea eta jarri daigun Jesus Jaunari begira eta hari erantzuteko gogoz.
Jesusek bere irakaskintzara deitzen gaitu, orduan bere ikasleak deitu ebazan lez; eta beste asko ere deituak izango dira, eta etorriko dira egarriz; eta harrera on egin behar izango deutsegu. Hortixik atara geike zelango arretaz entzun behar izango geuken iragarten jakun Jainkoaren berbea, eta zelango berotasunaz eta poztasunaz ospatu behar izango geuken, alkar adoretuz.
Eleizbarrutiko bereizketa aldi amaitu barrian eleiztarren formakuntza falta izugarria azpimarratzen zan. Eta irakaskintza eskatzen zan. Baina salatzen zan baita, behin baino sarriagotan egin dirala hitzaldietarako eta Biblia taldeak eratzeko deiak, edo erretiroetan eskuhartzeko… Ze erantzun izan dabe? Ez hain arretatsua, behintzat.
Ez ete gagoz geure ezjakinaren menpe? Ez ete dogu Jainko egarria biztu behar? Ez ete dogu Ebanjelioko iturrietara jo behar, eta haren inguruan eratu daitekezan taldetxoak-eta sustatu behar, eta hitzaldietarako eta erretiroetarako egiten jakuzan deiei eskuzabalez erantzun behar?
Senideok: artzainak gogogetu egin daitekez ardiengandik erantzunik eza edo erantzun motela hartzen badabe. Danok bizkortu behar dogu alkar, Jesusen inguruan bere irakatsiak, beroa eta poza hartuz.
OTOITZA
Gure
hoztasuna, edo hozkeria ere bai,
autortu
beharrean aurkitzen gara,
ebanjelioan
ikusten doguzanean
herrialde
guztietatik zeugana joten, Jauna,
zure
irakaspena entzuteko.
Hareik
bai, Jauna, egarri ziran
eta
nagusien zigorren bildur barik
joten
eben zeugana: ustea eben zugan!
Eta zuk
ez zeutsen bizkar emoten:
euren
egoereaz arduratu egiten zinan.
Eta
Jainkoaren erreinua iragarten zeutsen;
eta
pekatuak parkatu eta gaisoak osatu
eta
txarkeriak salatu, deabruak uxatu,
eta
barru-bakez beteten zenduzan,
harriturik,
Jainkoa goraltzera heltzeraino.
Baina gu
egokiera lasaian bizi gara
besteen
pekatuak salatzen eta gaitzesten.
Ikutu,
Jauna, zure hitzaren suaz
gure
bihotz hotzitua, eta jarri sutan,
zeure, ez
beste ezeren, egarri izan gaitezan.