URTEAN ZEHARREKO 15. DOMEKEA /B
UZ15-B
HITZALDIA
Opor giroan bada ere, senideok, Jaunaren deiari erantzunez alkartu gara, behar dogulako alkartzea, haren berbea eta agindua entzutea, eta gure arteko alkartasuna sendotzea erreinuko testigu izateko geure ingurutxo honetan.
Begitu daigun lehenengo ta behin gure ingurura eta jabetu gaitezan han agertzen dan egoereaz: nabarmenenatik hasita eta gure etxe eta geure barruetaraino. Badago Jainkoaren graziak ikutu behar izango leuken zokondorik?
Lehenengo irakurgaira eta ebanjeliora begiratuta dakigu bidegabekeriak salatzeko profetak aukeratzen dauzala Jainkoak, edo bihozbarritzea iragarteko eta barru-barrutik osatzeko apostoluak bialtzen dauzala binan-binan Jesusek.
Orduko israeldarren iparraldeko erreinuan Jeroboan erregeak urten egin dau bide onetik eta herritarren lepotik bizi da, hareen gainean zigorra ezarriz. Hango tenpluko profetea ere (Amasias) patxada onean bizi da erregearen kontura, eta ez dau ezelango aldakuntzarik, barrikuntzarik edo zemairik gura. Eta kanpora jaurtiko dau Jainkoaren izenean jatorkon aukeratua, honek bere egoerea azaldu arren.
Guk hau ikusita urrunera begiratu geike eta gizarteko larregikeriak salatu, edo agintarien bidegabekeriak edo besteen bihurrikeriak… Baina geure barrura begituko bagendu… ez ete geukez aurkituko bidegabekeriak, eta larregikeriarik eta bihozbarritu edo aldatu eta gaurkotu beharrik geure Eleizan, edo eleiz alkartean edo bakotxak bere barruan?
Amos lasai egoan bere etxean, bere lanean, bere egunerokoan… Baina Jaunak dei egiten deutso, atara egiten dau bere lasaitasunetik, eta bere bizitzea arriskuan jarteraino doa haren esana betetera.
Zein lasai gagozan geu ere, ezta, senideok? Geure betekizunetan, ohituretan, egunerokoan… Baina hainbat eleiz alkarte dagoz domekeroko meza barik; edo gehienak dagoz gaur behar izango litzateken formakuntza barik… Edo gure elizkizunak hotzak dira: euretan ez da alkartasun handiegirik somatzen, edo gauza bat edo beste egiteko prestutasunik; eta bai, ostera besteen barregurearen, kritikearen edo gaitzespenaren beldur edo lotsarik… Ez da urrunegi joan behar, senideok, bihozbarritu beharreko eta aldatu beharreko egoerak aurkitzeko.
Nor da egoerok salatzeko gauza edo bihozbarritzerako deia egiteko gauza? Ez dago aingerurik gure artean; ez dago akasbakorik; danok gara mugatuak, argalak, akasdunak, pekatariak… Ez ete dau Jainkoak gure artean profetarik sustatuko? Ez ete dau Jaunak gure artetik bere testigu liratekenak binan-binan bialduko?
Bereizketa lanak amaitu ondoren hurrengoa ikasturtea prestatzea dagokigu han aurkitutako arazoei aurpegi emoteko. Eta horretan danok esku hartu behar izango geuke, bakotxak berari dagokionetik, bere ahalmenen arabera.
Jesus Jaunak, askoren artean, hamabi aukeratu ebazan eta ahalmen berezia emon eutsen, baina baita eginbeharra beteteko baldintza batzuk agindu ere. Ezin geike, ba, bakotxak berak gura dauana, edo barrutik sortzen jakola-eta, egin. Alkarri lagunduz bihurtu behar dogu gure eleiz alkarte hau Jesusen jarraitzaileen testigu, inguruko gaisotasunak-eta osatu leikezana; bihozbarritzera deitu daikeana; Jainkoaren erreinuko langilez osotua.
Eurenean lasai jarraitu gura dabenek, ez dirala aukeratuak izan uste dabenek, besterik ezean, ez leukee eragozpenik jarri behar eginbeharreko aldakuntzen eta barrikuntzen aurrean, jakinik, gainera, zertan hartan eragotziko deutsoela euren erosotasunari. Lagundu deigula Jaunak guztioi.
OTOITZA
Jesus
Jauna: ez zinan geldi egotekoa,
begira,
inguruan zer gertatzen ete zan;
ibiltaria
zinan, eta aurkitzen zenduzan
behartsuak,
gaisoak, bizitzeak astinduak
edo
erakundeak bazterreratuak ere.
Begitu
eiguzu guri, egoneango bizitzan
egokierea
aurkituta geldi gagozenoi;
ingurura
geure egon lekutik begiratzen dogu
eta
gaitzesten dogu arazorik emotera
jatorkun
edozer: senidea bada ere.
Zeuk
akuilukatu behar gaituzu, Jauna,
egoteak
begiramen ezkorrera garoazalako;
zeuk emon
behar deuskuzu adorea
gaurko
eta hemengo profeta izateko:
gure
inguruan zeure barri ona zabaltzeko.
—Amen.