UZ-14-B

URTEAN ZEHARREKO 14. DOMEKEA /B

UZ14-B

HITZALDIA

 

Urtean zeharreko XIV. domeka honek, senideok, geure makaltasunaren aurrean jarten gaitu. Guk indartsu, jakintsu, aberats eta akasbako agertu gura izaten dogu, makalak eta mugatuak garana jakin arren.

Baina begira zelan agertzen diran Jainkoagan ustea dabenak: euren makaltasunetaz harrotzen dira, euretan agertzen dalako indartsu Jainkoa. Hau da: ez dabez aintzat euren egintzak, eurengan Jainkoak egiten dauana baino.

Ustea Jainkoagan jarteak garoaz, ba, gure makaltasunak, mugak eta ezinak menperatzera. Bestela, ustea geure indarretan jarteak gure makaltasunak ezkutatzera garoaz, besteenak agerian jartera eta beti bildurrez bizi izatera.

Jainkoak ez deutso gure makaltasunari edo gure ezinari edo txikitasunari begiratzen, gure eskuzabaltasunari baino. Eta dei egiten deusku (hauxe da bokazinoa) bere mezulari izateko non gagozan hantxe. Eta ez deusku esaten lan erreza izango danik, alderantziz baino: lan gatxa izango da, mezulariari inork ez deutsolako jaramonik egiten. Aztertzekoa dogu egia hau, senideok.

Jainkoagandik jatorkuzanei ez deutsegu jaramonik egiten. Zer dala eta? Makalak edo akasdunak diralako? Jainkoak halangoxeak egin eta aukeratu bagaitu, zer edo nor gara gu besterik exijitzeko? Zergaitik gagoz hain ziur egiten doguzan otoitzak eta erlijio-egintzak dirala Jainkoak gura dauzanak? Zergaitik ez deutsoe entzun gura Jesusi bere herritarrek, Jesusek egiten dauzan egintzek harriturik itzi badabez eta txunditurik badagoz bere jakituriaz edo Jainkoaren berbea jauntasunez azaltzen deutsela eta?

Erantzuna Jesusek berak emoten dau ebanjelioan, eta erantzun horretatik ere ikasi beharra daukagu, senideok: bere herrian eta bere herritarren artean baino ez da baztertua, ez entzuna eta gitxietsia profetea.

 

Senideok: ikasiko ete dogu gure arteko batzuk egiten daben doaneko lana eskertzen, eta gure arteko profetak esnatzen eta azalerazoten? Geuretxoan eroso jarraitu gura dogu, ala Jainkoak gutariko bakotxari emon deutsozan doaiak beste guztien zerbitzuan jarri behar doguzala aintzat hartuko dogu? Horretarako geure artean giro beroa sortu beharra daukagu, harrera ona egiten dauan ingurua eratu behar dogu, egiten jakuzan zerbitzuak aintzat hartzen eta eskertzen dakiana.

Gure elizkizunak-eta biziagoak, alaiagoak, erakargarriagoak egin behar doguz; eta ez abadeak zirkua egiten daualako, eliztarrok esku hartzen dogulako baino, alkar adoretzen dogulako baino, senidetasunean ospatzen dogulako baino, laguntzeko prest gagozelako baino.

Gauza handiak egiteko prest gagoz, eta egin ahal doguzan gauzatxoak egin barik izten doguz, eta handiak ezinezko bihurtzen jakuz. Hasi gaitezan gure mugak, makaltasunak eta ezinak ezagutzen, onartzen eta autortzen. Entzun daigun ha-ta-guztiz ere Jainkoak dei egiten deuskula, ez gure makaltasunak haizeratzeko, bere ondasunen barri emoteko ez dirala eragozpen adierazteko baino. Jainkoak ez dauka gure handitasunaren edo jakintzaren edo harropuzkeriaren beharrik; ondo ezagutzen gaitu, maite gaitulako, eta behar gaitu inguru bakotxean bere profeta izateko, bere gogoa agertzeko.

Ezin geintekez egonean eta badakigunean eta egiten dogunean gelditu; Jainkoaren deia entzuteko, hari erantzun ahal izateko, ebanjeliora jo behar dogu, otoitzera, alkartera… eta alkarregaz bizitzea aztertzera eta ospatzera.

Gure eleiz alkarteak moteltzen doaz eta gazteen hutsunea somatzen dogu. Ez dira etorriko. Erakarri egin behar izango geukez geure bizitasunaz, alaitasunaz, jainkozaletasunaz… Jesusen ikasle izateak eta hari jarraitzeak merezi dauala adieraziz. Jainkoak gure makaltasunean bere ahalmen handia ikusiazo gura dau. Emon deiogun geure makaltasuna; berak bihurtuko dau eraginkor, bere ahalmenaren agerpen.

 

 

OTOITZA

Badakigu, Jauna, makalak garana
eta ezin geintekezela harrotu gure makaltasunetaz.
Horrexegaitik joten dogu besteenak salatzera
eta geureak ahalik eta ondoen ezkutatzera.

Oraindino ez dogu onartzen, Jauna,
halangoxeak egin gaituzula eta maitatzen,
eta zeure eginkizunetara egiten deuskuzula dei
gure inguruan profeta lana egiteko.

Emoiguzu hain beharrezko dogun ausardia
gure eta senideen makaltasunei ez ikusia egiteko,
gure ahalmenak besteen zerbitzuan jarteko
eta beti Jesusen ikasle eta jarraitzaile lez jokatzeko.