UZ-13-B

URTEAN ZEHARREKO 13. DOMEKEA /B

UZ13-B

HITZALDIA

 

Senideok: Jainkoak ez dauala heriotzarik nahi entzun dogu… Baina hortxe dago heriotzea: zergaitik ez dau ezabatzen? Heriotzea Jainkoaganako bide dogula erantzungo dabe batzuk…

Geure txarkeriak aldentzen gaitu Jainkoagandik, eta hauxe da benetako heriotzea: Jainkoagandik aldenduta egotea.

Gaurko ebanjelio txatalean ikasi geike asko honetaz. Hartu daiguzan ezaugarri lez han agertzen diran norbanakoak eta egoerak.

Egoera bi daukaguz: odol jariodun emakumea batetik, eta neskatilea bestetik. Lehenengoa aldra bateko kide da: erlijio erakundeak baztertu dauan Jesus Nazaretarrari estu-estu jarraitzen deutsoenen artera jo dau bere gaisoa dala-ta erlijioak baztertu dauan emakume honek, eta beragan jarten dau uste on osoa.

Ikasleak burugogor lez agertzen dira, Jesusegaz egunero dagozan arren: «Ikusten dozu zelan estutzen zaituen eta nork ikutu deutsun galdetzen dozu?»

Bestetik, erlijio erakundeko burua, Jairo, bere larriak daroa Jesusengana, bere erakundetik baztertu daben Nazaretarragana, erlijio erakundean erantzun osatzailerik aurkitzen ez daualako; negarrak, uluak eta heriotz-doinuak baino ez… Bere ingurukoek ere ez dabe Jesusengan usterik: «Hil da umea; ez emon arazorik Maisuari» —dinotsoe.

Jesusek ez dau onartzen heriotzea; eta barre egingo deutsoe. Argi dauka Jesusek hilbeharra onartzeko gauzea dala; baina Jainkoagandik aldenduta bizi izatea onartu ezinekoa dala. Eta bere burua jarten dau bide eta erantzun lez: izan bihotz! Zuk sinistu besterik ez. Hau da: izan uste on Jainkoagan.

Eta Jainkoak gure negarrak, uluak eta ohikuneak-eta gura dauzala uste dabenek barre egingo deutsoe, hilda barik lo dagoala dinonean: eta Jesusek ondotik ere kendu egingo dauz. Eta beragan, Jainkoaren hurtasuna, bizitzea, aurkitu leikeela adierazoko da.

Odol-jariodun emakumea (12 urte daroaz gaisorik) eta neskatoa (12 urtekoa) Israelen ezaugarri dira: gaisorik dago eta ez dau egiten hobekuntzarik Jesusengana hurreratzen ez bada. Erlijioak, bere itxikeriaz, ohikune azalekoez, besterik gabeko ohiturez… gaisoak eta zikinak (beretzat zikinak diranak…, berak zikinak egiten dauzanak) baztertu egiten dauz, heriotzara kondenatzen. Jesusengan baino ez dabe (ez dogu) Jainkoak gura dauan bizia aurkituko.

Jesusi jarraitzea ez da isileko gauzea, barruan baino ez daroaguna, erlijio formula lez. «Nork ikutu deust jantzia?» —galdetuko dau Jesusek, osatua besteentzat ere eredu izan daiten, bere emakume izatean eta gaiso izatean ere onartua izan daiten, eta osasun egoeran agertu daiten beste batzuentzat ere eredugarri… Zelangoa da gure erlijio bizitza, senideok?

Badaki Jesusek gure jarraipena, gure sinismena, beragan dogun gure ustea makalak dirana, umetakoa, heldu bakoa… «jaten emoteko agintzen deutse». Neskatoak bere heldutasunera heldu behar dau, eta emazte emonkor bihurtu. Hauxe da Jainkoak gutariko bakotxarentzat gura dauana.

Paulok Korintoarrei egindako gutunetik ikasi behar izango geuke, ba, aberatsak garala Jesusengan txertatuak gagozanean; frutu ugari emon geikela, eta frutu honetatik besteak aberastera bultzatzen gaitula Jesus Jaunaren Espirituak.

Ikus daigun, ba, senideok, gure sinismena ohikune eta kontsumokerian bizi dogun, ala Jesus ezagutzeko ahaleginetan dihardugun; isileko eta lotsazko erlijinoa dan gurea, ala agerikoa, alaia, jai girokoa eta besteentzat ere erakargarria dana; bizitzea Jesukristogandik baino ez jatorkula, bera dala gure Salbatzailea sinisten dauana.

 

 

OTOITZA

Bizitz-emoile zaitugun Jesus Jauna,
sinistun lez aurkezten gaiatzuz
zeuk indartu deiguzun sinismena
eta zeugan aurkitu daigun bizia.

Behar bada, Jauna, hilda gagoz
ohiturei, elizkizunei eta ohikuneei
larregi lotuta, buru-makur
legekerietan eta barru-bako araudietan.

Ebanjelioan ikusi dogun
eta estu estutzen zinduzan
aldra haretako kide nahi dogu izan:
alkartua, alaitsua, sinistuna…

Jakin daigula, ba, gure gaisotasuna autortzen,
isilean baino ez bada ere zeuganatzen,
eta zugan dogun sinismena, uste ona
eta itxaropena inguruan iragarten.

—Amen.