UZ-12-B

URTEAN ZEHARREKO 12. DOMEKEA /B

UZ12-B

HITZALDIA

 

Senideok: Kristo besarkatzeak gizaki barri egiten gaitu eta ingurua begirada barriz ikusten dogu, gauza guztiei esangura barri bat emoteraino. Sinismenak ez deuskuz aurrezten arriskuak, edo txarkeria eta kaltea estaltzen.

Askorentzat txarkeria bera jauspide da, eta Jainkoa ukatzera daroaz. Gu, ostera, txarkeriaren misterioaren aurrean Jainkoagan etzuten gara, beragan jarten dogu gure uste ona eta, egun baten, menperatua izango dala uste dogu eta ziurtzat daukagu: ez goaz heriotzara bidean berbizkunderantza baino. Horrexek garoaz txarkeriaren aurka burrukatzera eta sufritzen dagoanaren ondoan egotera eta handik atarateko ahaleginak egitera…

Lehenengo irakurgaian Jainkoak Jobi dinotsona geuretzat hartzen dogu, eta hain handia agertzen dan Jaunagan jarten dogu uste ona. Itsasoa berak egina da; ez dago haren gainetik; berak ezarri deutsoz mugak eta agintzen deutso. Txarkeriak, ba, senideok ez dau irabaziko, ez dau garaile urtengo.

Baina badago txarkeriarik —eta kanpoan ezeze geure barruan ere bai—. Eta Jesusek askatu egin gura gaitu haren lokarrietatik. Gainera, askapen hori guztiengana heldu daitela gura dau. Lagundu deiogun. Ez gaitezan geratu ondo ezagutzen doguzan eta menperatuta daukaguzan gauza jakinetan. Ausartu gaitezan itsasoaren beste aldera joaten…

Beharrezko dogu Jesus ezagutzea, haren esanetara jartea, uste on osoa beragan jarrita eukitea eta ez geure ohituretan edo betekizunetan, eleizkizunetan, debozinoetan eta abarretan. Urtenbeharra daukagu ziurkeriotatik, eta itsasoz bestekaldera abiatu beharra. Arriskurik ez jaku faltatuko, ez itsaso zakarra eta haize bortitza. Eta Jesus lo dagoala uste izango dogu. Baina haren esanetara jarri ezkero, ekatxik gogorrena ere itsaso bare bihurtuko jaku.

Ebanjelioa bakarrean eta alkarregaz irakurten jakin behar dogu, gure bizitza ebanjelioaz argitzen eta galbahetzen… Sinisten dogula esaten dogun arren oraindino ez garala egin gizaki barri emoten dogu, eta ez dogula gizaki barri lez jokatzen, bildurrez baino eta neurriak hartzen, ez dana emoten.

Ebanjelioak pozez beteko gaitu, Jesusengana eroango gaitu, uste ona beragan jartera eta, ezeren beldur barik, pobretasunean bizi izatera eta besteen ondoan egotera, harei laguntzera eta gizarte alkartuago eta zuzenago baten alde jokatzera…

Hau da: norbere salbamena bilatzetik, itsasoaz beste aldera igaro eta besteen salbamena bilatzera, hareik ere ebanjelioaren pozetara erakarriz. Eskatu daigun grazia hau gure eleiz alkarteentzako.

 

 

OTOITZA

Arrisku guztien sorlekutzat daukagu itsasoa
eta zuk, Jauna,
haren beste aldera eroan gura gaituzu,
eta lotan jarten zara ezeren beldur barik
haizeak itsasoa zakartu arren
eta gure ontzitxoa hondatzeko zorian dagoan arren…

Gainera, aurpegira botaten deuskuzuz
gure bildurra eta sinismen makala,
zuri ez deutsugula ardura uste dogulako
eta gure larria azaltzen deutsugulako.

Emoiguzu uste ona zeugan izatea,
txarkeriaren beldur barik on egin daigun,
gure ziurkerietatik urten eta bizitza barrian
zeure autorle agertu gaitezan besteen aurrean
hareek ere zeugan baino ez daiezan bilatu
euren ziurtasuna eta salbamena.

—Amen.