URTEAN ZEHARREKO 11. DOMEKEA /B
UZ11-B
HITZALDIA
Senideok: gaurko liturgiak Jainkoaren erreinuari begira jarten gaitu eta itxaropenezko begiradea biztu gura deusku. Zelan aurkitzen gara? Jainkoaren erreinua dan berba potoloa sarri-sarri entzun dogu liturgian, aurkitzen dogu ebanjelioan eta darabilgu hitzaldietan. Baina… jabetzen gara bere esangureaz? Gehiago oraindino: jabetu behar dogula uste dogu?
Begira: Jesusek Jainkoaren erreinuaz hitz egiten badau, eta —gaur entzun dogunez— ulergarri egiteko paraboletan azaltzen badau, Jesusentzat behintzat garrantzi handikoa dala esan geike. Hau da: Jesusen eginkizuna, ebanjelioan zehar, Jainkoaren erreinuaren barri emotea da, eta ha gauzatzea. Jesusen jarraitzaileok, ba, ezin esan geike ez deuskula ardura.
Gainera, Jesusek egiten ebazan ezaugarriek Jainkoaren erreinua hur eta geure artean dagoala adierazten dabe: pobreak eta baztertuak dirala Jainkoaren maiteenak, esaten eban; Jainkoaren maitasuna doakoa dala; haren errukia bere seme-alaba guztiengana zabaltzen dala… Eta horren autorle zan Jesus eta bere egintzez gauzatzen eban, lege-zaleen harridurarako. Bizikera horrek arerioak eurak ere maitatzeraino eroango dau, eta hauxe berau eskatuko deutse bere ikasleei.
Egia esan, Jainkoaren erreinua iragartea, lantzea edo haren etorrerea bizkortzeko ahaleginetan jardutea ez da izan orain arteko gure ardurea; oraintsura arte beste eginkizun batzuetan genbiltzan. Eta oraintxe ere sarri. Horregaitik, ardura hori geuretzeko nagusiegiak edo zaharregiak garala esan geike, eta geure ohituretan jarraitu.
Edo Jesus Jaunaren jarraitzaile gaurko egunetan izan gura badogu, ikasteko prest agertu geintekez, eta geure esku legokena egiteko ere bai. Hauxe da, ba, kontua, senideok: adi entzungo doguz Jesusen azalpenak, ala zaharregiak garala esango deutsagu eta lasai jarraituko dogu?
Onartu beharra daukagu beranduegi jatorkula ardura hau hartzeko deia, eta orain gatx egingo jakula horren esanguraz jabetzea edo eskatzen jakuna gauzatzea; baina Jesus ahaleginetan ikusten badogu, ez ete deutsagu jaramonik egingo? Eta gainera, ez ete gara ohartuko Jesusek darabilzan irudietan itxaropena aurkitu geikela? Ziape-hazia, ereitean, beste haziak baino txikiagoa izan arren, besteak baino landara handiagoa izatera heltzen da, txoriek haren adarren gerizpetan habiak egiterainoko landara izatera heldu ere.
Pentsatu geike sarritan gauzak gero eta txarrago doazela, edo honek ez daukala urtenbiderik, edo ez dauala merezi eta bakotxak bereagaz nahikoa daukagula, edo gure atzetik gazterik edo nork jarraituko deuskunik ikusten ez dogunez hau lasterko dala… Baina Jesusen berbetan ziurtasuna eta itxaropena aurkitu geikez: uste hori benetako ustea izan arren, Jainkoa ez dago lo eta erein dauan bere erreinuko haziak bere hazkundea izango dau eta emongo dau frutua. Geuk erabagi behar dogu Jesusen lankide izatea… Zer dagokigu guri? Sinistea! Hau da: Jesusen berbez fidatzea, eta, ondorioz, Jainkoaren erreinuaren hazkundean lan egitea.
Sinisteko… bakotxak hurreratu behar dogu Jesusen ebanjelioa irakurtera eta, uste on osoa Jainkoagan jarriz geuretu behar doguz berbok.
Jesusengan dogun uste onaz alkar berotu eta adoretu behar dogu itxaropena biztuz. Zelan erabili geikez, sarritan egiten dogun lez, alkarren artean etsipenerako berbak? Krisian gagoz, bai; badakigu; baina pobreen ondoan egon gura dauan aitasantu barria dogu, pobreentzako elizea egin gura dauana. Zaharrak gara, bai; baina lanerako deia hartzen dogu, eta gugan ustea dabela esan gura dau honek. Ez da itxaropentsua?
Jarri gaitezan lanean, alkar adoretuz. Egin daiguzan alaiagoak eta biziagoak gure elizkizunak; bilatu daigun alkarregaz egotea, alkar ezagutzea eta maitatzea, alkarri parkamena luzatzea eta laguntzea… Eta daukaguzan ohiturak horreetariko ezeren oztopo badira, alkarregaz aztertu daiguzan eta bilatu daigun alkarregaz urtenbidea.
Bereizketa aldian egon gara, lanean eta otoitzean. Atara doguz ondorio batzuk, gure elizearen gaurkotasuna landuko dabenak. Hasi gaitezan itxaropenez lanean eta jarraitu. Eta Jainkoaren erreinua geuk ikusiko dogu hazten; txoriek euren habiak egiteraino hazten. Izan daigun uste on.
OTOITZA
Gure
urritasunari eta txikitasunari begiratuz
lur jota
eta etsipenean aurkitzen gaituzu, Jauna,
eta
etorkizunari zalantzatan begiratzen,
eta
geratzen jakunari alperrik eusten, bildurrez…
Emoiguzu
zeugan uste on osoa jartea,
zure
berbea aintzat hartu eta sinistea,
zure
Semearen ikasle eta jarraitzaile izatea,
zeu
zaralako gure sortzailea, Aita/Ama Jainkoa.
Atara
gaizuz gure bildurretatik,
atara
gaizuz gure ohitura motxetatik,
zure
erreinua gauzatzen ahalegindu gaitezan
harrera
onaz, parkamenaz eta maitasunez.
Jesukristo
gure Jaunaren bitartez.
—Amen.