URTEAN ZEHARREKO 6. DOMEKEA /B
UZ06-B
HITZALDIA
Senideok: lorpen edo aurrerabide handia izan da pertsona bakotxaren balioaz jabetzea. Gutariko bakotxa talde bateko edo gizarte bateko izan arren, bakotxak bere nortasuna dogu, geure onura izatea ere badogu, eta hori errespetatzea, aintzat hartzea eskatzen dogu. Ondo dago hori. Baina noraino heldu gara? Non gagoz gaur? Behar bada, bakotxak bereari baino ez begiratzeraino, eta besteak kontuan ez hartzeraino edo besteak baztertzeraino…
Sarritan entzun doguz, edo entzuten, holango iragarkiak: Zeuk ebazten dozu, Zeurea da aukerea, Bezeroak dau arrazoia, eta abar. Horren aurrean, zer eskatzen jaku gaur egun? Alkar zaindu daigula, norbere burua zaintzeko horixe dalako bide bakarra. Eta hor, batez ere, nagusiak… eta gaisoak edo ezgaituak-eta gogotan hartzeko. Hau da: ez gabilz ondo bakotxaren onurea eta gizartearena alkarren aurka badagoz. Ez gabilz ondo hauxe ulertzen ez badogu: ni ondo egoteko, nire ingurukoek ere ondo egon behar dabe.
Hau onartzen badogu, gure pentsamoldea eta jokabidea indartuta ikusiko doguz eta gu adoretuta, gaur proposatu jakun Jainkoaren hitzean; eta gure gogoa janarituta aurkituko dogu.
Oraindino bakotxaren nortasuna taldearen nortasunean urtuta egoan, bakotxa ez zan ezer taldetik kanpo Moisesen aldietan. Garrantzia taldeak eukan, eta haren osasuna zan zaindu beharrekoa, bakotxaren osasunaren gainetik. Eta baten gaisotasunak taldearen osasuna arriskuan jarten baeban, bakan ha bazterreratu beharra egoan.
Ulertu ete geike bakotxak ezin geikela taldea arriskuan jarri? Zein gatx egiten jakun! Baina nire eskubideak zapaltzen dauz arau horrek —esaten da. Eta eskubide hori aldi baterako ez alboratzearren, taldearen osasun eskubidea arriskuan jarten da.
Hau osasun mailan, eta gagozan egoeran, argi baino argiago danez, aztertu ete geikez gure beste jokabide batzuk? Zelan jarri geikez arriskuan, bizi dogun egoera honetan, taldearen edo besteen eskubideak, osasuna, nortasuna…?
Ba, danok ezagutzen dogu, senideok, norbere eskubideari edo jarrereari amore emoten deutsonik, bestearen onerako. Alkar maite dabenen artean izaten da hau nabarmena. Eta baita, danok ezagutzen doguz beste edozeinen gainetik bere nortasuna, eskubideak, pentsakerea, jarrerak edo dana-dalakoa jarri gura dabenak: "neu lehenengo…, eta gero ere bai" da horreen araua.
Bigarren irakurgaian Pauloren jokabidea ikusi dogu: besteenera egiten da, horixe dalako Jaunaren jokabideak eskatzen deutsona.
Eta ebanjelioan argi geratu jaku zenbat galtzen dauan legenardun osatuaren jokabideaz. Jesusek ere ezkutuan ibili behar dau, eta urietan ezin sartu daiteke.
Bai, senideok: gutariko bakotxak bere handitasuna dauka, eta hori zaindu eta errespetatu egin behar da…, baina besteen handitasuna arriskuan jarri barik.
Izan daigun gogoan Jesusen irakatsia: ni ondo egoteak bestea zaintzea eskatzen dau.
OTOITZA
Gaztetan
ez lez, zahartzerakoan
osasuna
dogu onurarik ederrena
eta
gehien zaintzen doguna;
eta
gaisotasuna, bildur-ikararik handiena
emoten
deuskun makaltasuna.
Askatu
gaizuz, osasun-iturri zaitugun horrek,
bere
gaisotasunagaitik inor baztertzetik,
edo beste
gaisotasun batzuk dirala-ta
inor gitxiestetik.
Emoiguzu
bihotz errukitsua
zahar,
gaiso eta makalengana
hurreratzeko
gauza izango dana,
harei
lagun egitean gauzatu daigun
gugandik
itxaroten dozun zerbitzua.
Jesukristo
gure Jaunaren bitartez.
—Amen.