UZ-05-B

URTEAN ZEHARREKO 5. DOMEKEA /B

UZ05-B

HITZALDIA

 

Senideok: lehenengo irakurgaian agertu jakun Joben nekeari, bigarren irakurgaian ikusi dogun Pauloren ebanjelio-iragarpenak jarraitu deutso; gero, ebanjelioan, Jesusen eguneroko lanagaz jarraitzeko.

Hau aurrean dogula, eta gure egunerokotasuna kontuan izanik, hauxe jatort burura: jendeagan, orokorrean, nekea somatzen da, bildurra, ez-jakina, nora-eza eta ezkutua eta gordea bilatzea. Holango egoeran dagoanak bere kexua jasoko deutso Jainkoari. Baina, Joben sinismenaz? Harek uste osoa Jainkoagan jarrita eukan. Guk bai, gero?

Pauloren ebanjelio-zaletasunari begiratuz, bilatu daigun zeregina ebanjelioak azaltzen deuskun Jesusen egunerokoan. Markos ebanjelariak Jesusen egunak zelangoak ziran emoten deusku ezagutzera domekotako ebanjelio zatietan: Jesus sinagogatik etxera, etxetik kalera, eta beti jendearen beharrizanei erantzuten, aurkezten deusku, Erreinuaren gauzatzea jendearen beharrizanak gainditzea dala ulertzera emonaz.

Ez dozue uste, senideok, gure jokabidea, gu ondo egoteko Jainkoaren laguntza bilatzea izaten dala? Alde makala jendearen gosea eta Pedroren amaxearen (amaginarrebaren) gosearen artean. Jendea itxaroten dago Legeak agintzen dauan epea noiz amaituko, euren beharrizanak Jesusi aurkezteko, eta osakuntza edo behar daben onurea eskuratzeko.

Bestelakoa izan zala, dinosku ebanjelioak, Pedroren amaxearen erantzuna. Ulertu daigun: greziarren artean "zerbitzea" morroi-neskameen gauzea zan, txarto ikusia; ba, Jesusen jarraitzaileek "zerbitzua" Jainkoaren erreinuaren ezaugarri lez izango dabe. Jesusek amaxea eskutik oratu eta jasoten dauanean, bizikera barri batera sartuazoten dauala esan gura deusku. Eta zein da? Zerbitzuaren bizikerea. Lehen kristauen artean, handia, zerbitzen ekiana zan. Gogoratu: zerbitzera etorri naz, ez zerbitzuak hartzera. Badakigu zerbitzen, senideok?

Zer zerbitzu garatzen dogu etxean, batez ere gizonezkook? Eta handik kanpo? Eta eleizan? Hemen gero eta zerbitzari gitxiago agertzen da. Eleiza guztietan! Zer jazo da, senideok? Diruagaz gura dogula dana lortu? Inork ez dau galdetzen: eta nik zer egin daiket eleiz alkartearen onerako? Bide horretatik ez deutsagu erantzuten gaurko ebanjelioari.

Izango gara txarrik ez egitekoak, edo formalak, edo mesede egitekoak, edo dirua emotekoak… zerbitzura jarriak ez bagara, ez dogu Jesus ondo ulertu. Eta horretarako orduak emon behar doguz otoitzean eta Jainkoaren erreinuaren iragarpena zelan egin bilatu behar dogu, gure indar apalekaz bada ere.

 

 

OTOITZA

Pedroren amaginarrebea, Jauna,
bere sukarretik atara zenduan
eta zerbitzen jarri zenduan, bere zereginetan:
gaisoalditik atara eta bere duintasunean jarri zenduan.

Hori entzunda eta sinistuta, zeugana joten dogu
gure sukarretatik atara gaizuzan
eta geure duintasunean jarri gaizuzan,
alkarren zerbitzari bihurtuz.

Atara gaizuz handiguratik, besteak gitxiestetik,
geure arazoetaz baino ez arduratzetik…
eta egin gaizuz ondasunen banantzaile
eta gure beharrizana dabenen laguntzaile eta zerbitzari.

Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.