URTEAN ZEHARREKO 4. DOMEKEA /B
UZ04-B
HITZALDIA
Senideok, ebanjelioan agertzen jakun sinagogako giroan sartu gaitezan gaurko hausnarketa egiteko. Jesusek irakasten dihardu. Jendea adi-adi dago eta harrituta: haren berbea ez da "beti" entzuten dabena. Gaixo bat, deabruduna, hantxe da, eta deadarka salatzen dau Jesus…
Ordukoek, gaisotasuna Jainkoaren zigorra zala uste eben. Eta gaisoak baztertuta egozan, mespretxatuak ziran.
Lehenengo irakurgaian entzun badogu Jainkoak berak sustatuko dauzala herriaren altzoan profetak, herriari bere izenean berba egingo deutsoenak, ikusi daigun Jesusen jokaerea profeta jokaerea dan, Jainkoaren gurarizkoa.
Jesusen jokamoldea ez zan sinagogakoek itxaroten ebena. Horrexegaitik egozan harrituta. Deabruak, bere aldetik, baekian Jesus nor zan (eta halan agertzen dau Jesusen gainetik jarteko-edo), baina ez eban onartzen haren jarduna: eta Sinagogan egoan, leku sakratuan! Ez gaitu horrek harritzen?
Jesusek gizakiaren ona, haren osasuna eta bizi izan eitela bilatzen ebala erakusten dau; eta ez edozelango bizi izatea, bizi izate askea, Jainkoaren seme-alabei dagokiena baino.
Eta honelaxe dihardu: Deabruari gizon harengandik urten eiala aginduz. Adi, senideok: salatu behar dana, gaizkia da, txarkeria; baztertu beharrekoa gaisotasuna da; baina gaizkilea edo txarto dabilana salbatu egin behar dira eta gaisoa osatu; euren egoeratik askatu egin behar dira. Baina, adi, senideok: «El que la hace la paga» esaten dogunok. Ez da gaitzetsi behar txarto egiten dauana, gaizkilea; txarkeriara zerk daroan bilatu baino, egoera haretatik askatzeko.
Hauxe da Jesusek irakasten deuskuna. Hauxe da ikasi behar doguna. Hau geuretzea litzateke bizikera barri baten jardutea… Zergaitik mespretxatzen doguz kartzelaratuak, edo hiltzaileak, edo etorkinak besteko barik, edo —geure ustez— pertsona txarrak diranak? Ez ete dogu Jesusengandik ikasi behar? Holangoak ere Jainkoaren seme-alaba dira; eta gaiztakeriaren menpe badagoz, menpekeria horretatik askatuak izatea behar dabe, ezta? Zergaitik egiten jaku hain gatx jokabide hori? Ez ete da, gero, geuk ere sarritan txarkeriaz jokatzen dogulako? Eta ez dogu onartzen hori aurpegiratu deiguen, aurpegiratzen deuskuna Jainkoaren profeta izan arren.
Sinagogara betikoa egitera abiatu ziran hareik barritasun bategaz aurkitu ziran: Jesusen ez-ohiko jokabideagaz, deabruak uxatzeko gauza zanagaz. Zer barritasun aurkitu ete dogu gaurko liturgian? Zer barritasun bizi izango ete dogu aste honetan zehar? Sortu ete jaku Jesusengan barritasuna aurkitzeko egarririk?
Izan daitela gure jokabidea, senideok, txarkeria gaitzestea; baina gaizkilea —Jainkoaren seme-alaben duintasundun lez— errespetatzea eta, ahal dala, salbatzea.
OTOITZA
Zure
berbea, Jauna, argia da eta salbagarria,
baina
bildur deutsogu ilunpeak maiteago doguzalako
eta gure
guzurra salatuko leuskigulako;
nahiago
doguz ipuin-berbak,
barregarrikeriak
eta hurkoa mintzea,
edo
biraozko hizkerea erabiltea;
gatx
egiten jaku garbitasuna, egia
edo
adoregarria eta aintzagarria dan hitza erabiltea.
Emoiguzu,
Jauna, behar dogun
zuganako
uste ona eta arretea,
gogoz
hartu daigun zugandiko berbea,
berak
egin gaizan egizale eta aho garbiko.
Jesukristo
gure Jaunaren bitartez.
Amen.