URTEAN ZEHARREKO 3. DOMEKEA /B
UZ03-B
HITZALDIA
Senideok: Urtean Zeharreko III. domeka honetan gauza asko eskatzen jakuz: Jainkoaren berbea aintzat hartu daigula; misio lurraldeetako umeak gogoan izan daiguzala; eta Liturgiak berak, bihozbarritzea gogoan hartzea eskatzen deusku.
Argigarria dogu Markosek bere ebanjelioaren hasieran dinoskuna. Alde batetik, Joan Bateatzailea kartzelaratzen dabenean agertzen dala Jesus Galilean, erreinuaren iragarpena egiten. Eta bestetik, haren lehenengo berbak: bete da epea… Bihozbarritu zaiteze eta sinistu Barri Ona.
Markosen ustez, ba, Jesusek Batzeatzailearen iragarpenari jarraipena emoten deutso, orduko erakundeetatik kanpo: iragarpena ez dau Tenpluan edo Jerusalemen egingo, jentilen herrialdean baino: Galilean. Haren iragarpenak ez daukala Tenpluagaz, inguru sakratuagaz, zer ikusirik, dinosku. Eta baita beste hauxe ere: bihozbarritze bidea, Ebanjelioa, Barri Ona sinistea dala.
Zelan ulertu behar dogu Barri Ona siniste hori? Ez da Burutapenezko baietza esatea, senideok, Jesus bera dan Barri Ona onartzea baino; uste ona harengan jarriz, eta haren deia entzunez, haren atzetik joatea, haren bizikerea bera norberetzeko. Ez da, ba, sarritan uste izan dogun bihozbarritzea (hobeak izaten ahalegintzea, edo pekatu gitxiago egiten ahalegintzea, edo limosnaren bat egitea…), bizikeraz aldatzea baino.
Zein gatx egiten jakun hau! Ez dogula ulertzen esaten dogu. Zer da bizikeraz aldatzea? Baina ulertu eza baino gehiago da, ohitura batzuetara eginda gagozala, eta handik urtetea gatxa baino gatxagoa egiten jakula.
Jainkoaren berbea aintzat hartu gura badogu… Ume misiolarientzat eredu izan gura badogu… Jesusen gaur eta hemengoxe jarraitzaile izan gura badogu… entzun daigun geure barruan bihozbarritzerako haren deia, jar daigun uste osoa Jesusengan, ahalegindu gaitezan ha ezagutzen eta haren bizikerea geuretzen; urten daigun geure usteetatik, eta ohiturei lotuta egotetik; bilatu daigun Jainkoaren berbea alkarregaz irakurtea, komentatzea eta aintzat hartzea, eta, haren eraginez, alkarren ardurea hartuko dogu, alkar onartzen, alkarri parkatzen eta alkar maitatzen ikasiko dogu; eta besteez, batez ere behartsuez arduratzen, hareen kide izaten.
Jesusek ez deusku eskatzen gauza handiak egiteko, gu gareana garatzeko baino; bakotxak bere neurria emoteko baino; egunean baino egunean gizakoiagoak izateko baino. Hau da: norbere arduretatik urten eta besteen ardurea hartzeko. Orduantxe ikusten dogu gauzatzen gure inguruan Jainkoaren erreinua.
OTOITZA
Mugatuak
egin gaituzu, Jauna,
eta geure
buruaren ona bilatzen dogu
sarritan
senidearen kaltetan;
irakatsi
eiguzu gure ona bilatzen, baina
senidearen
egoerea hobeagotuz eta hari lagunduz.
Horretarako,
beharrezko dogu, Jauna,
bihozbarritzerako
zure deiari erantzutea
eta geure
ona baino ez bilatzetik
guztien
onura bila ibiltera igarotea.
Bilatu
daigula, ba, zure Semearen irakatsiak
eta haren
errukizko bizikerea
gogotsu
eta eten barik jarraitzea,
zeure
seme-alaba garala erakusteko.
Jesukristo
gure Jaunaren bitartez.
Amen.