UZ-02-B

URTEAN ZEHARREKO 2. DOMEKEA /B

UZ02-B

HITZALDIA

 

Senideok: urtean zeharreko domekak garantzen hasi gara Jaunaren Bateoa ospatzeaz batera. Liturgiaren taupadetan zera esan gura dogu: Jesus aukeratzen dogula eredu eta maisu; haren urratsak jarraitu gura doguzala: haren bizikera berbera bizi izateko gurariz. Eta horretan laguntzen deuskue domeka honetako irakurgaiek, Jainkoaren hitzak.

Zer da azpimarragarri gaurko irakurgaien arabea? Jarrita daukala Jainkoak gure barruan bere deia; eta hasiera-hasieratik, gainera. Asko dira, ba, barriztatu behar doguzan usteak; aldatu behar doguzanak. Euretariko bat, Jainkoak abadetzarako edo erlijioso bizitzarako baino ez dauala deitzen.

Samuelek (1. irakurgaia) ez eban ezagutzen Jainkoa. Harek deitu leikeanik ere ez daki. Eta 1. irakurgaiak Samuelek haren deia entzuten ebala esan deusku. Laguntza bati esker ezagutuko dau Samuelek Jainkoaren deia dala berak entzuten dauana: Eli abadeari esker, hain zuzen ere.

Ebanjelioan agertzen diran ikasle ezezagun bi hareik ere, Bateatzaileari esker joango dira Jesusen atzetik. Eta haren galdereari erantzun egin behar izango deutsoe, itaun bategaz baino ez bada ere: non bizi zara?

Horra orduko, Joan ebanjelariak Jesusi emondako izen batzuen barri emoten deuskuz: Bateatzailearen ahotan Jainkoaren Bildotsa; ikasleen ahotan Maisu; geroago etorriko dira Kristo (Gantzutua), Mesias… edo Jesusek bere buruaz dinoana: Gizonaren Semea. Hau ez da gau erdiko ahuntzaren eztula. Bere garrantzia dau honek: zelan ezagutu gura dogu Jesus? Edo bera zelan ezagutu daigula gura dau Jesusek?

Hona hemen, ba, gaurko mezua: Zelan ezagutu gura dogu Jesus? Zer bilatzen dogu Jesusengan? Beharrezko ikusten dogu Jesus ezagutzea? Ba, hara berak zer dinoskun: Zatoze, eta ikusiko dozue. Hau da: geuk joan behar dogu (gutariko bakotxak) Jesusen bizikerea ezagutzera, beragaz gelditzera. Eta Jesus geuretzen badogu, egun barria hasiko da guretzat, aldi barria.

Horixe esan gura dau egunaren amaieran (arratsaldeko 4retan) izan zala gertakaria dinoskunean. Amaitu da eguna; lehengoa, zaharra… Eta barria hasten da Jesusegaz.

Hasten dan egun barri hori azaldu beharra dago, zabaldu beharra, ingurukoei jakinazo beharra. Eta bakotxak ezagutzen dauan lez emongo dau ezagutzera Jesus: Mesias, Kristo, Gantzutua…, norbera barritzeko indarra dauala ere somatuz: hemendik aurrera zu Kefas izango zara…

Jesusen aurreran autortu beharrekoa, ba, senideok, hauxe da: orain arte daukaguzan ustekerietatik urten beharra daukagula Jesus ezagutu gura badogu. Bakotxak egin behar dogula haregazko bizipena, eta jakin behar dogula zer aurkitzen dogun harengan, eta zertan barritzen nauan. Horretarako, geure barruan sartu behar dogu Jainkoaren dei hori entzun ahal izateko. Gero etorriko da harek emon leigun zeregina: bere testigu izatea; nahinon iragartea bera.