JAUNAREN BATEOA
UZ01-B
HITZALDIA
Senideok: Jaunaren Bateoa ospatzean, konturatu gaitezan gure sinismenarentzat zelango garrantzia daukan gertaera honek. Lau ebanjelariek aitatzen badabe, lehenengo kristinauentzat garrantzi handikoa zalako izango da. Gertaera horretan sartzen bagara, Jesus ezagunagoa egingo jaku; eta merezi dau Jesus ezagutzeak sinismena sendotzeko.
Lehenengo irakurgaian, profetearen ahotik, ez gaitezala alperreko gauzen atzetik ibili esan jaku; jo daigula Jainkoagana, berak elikatuko gaitula-ta.
Bigarren irakurgaian, Joanek Jesus jarri deusku Jainkoaganako bide zuzen lez. Nahi ez badogu alperreko gauzetan ibili, goazen Jesus ezagutzera: berak erakutsiko deusku sakontasunez bizi izaten, gure bizitza "beteten".
Lehenengo ta behin, Jesusen gizatasuna onartu behar dogu. Hortixik ulertuko dogu Jesus zergaitik dabilen bila, eta zer aurkitzen dauan Bateatzaileagan. Harrigarria badirudi ere, ehundaka urtean egon zan Israelgo herria Profeta barik, Jainkoaren hitzik entzun barik. Zeruak itxita egozan. Bateatzailea agertu zan Jainkoagandiko mezuagaz. Jesusek bat egiten dau haregaz, harengan zeozer aurkitu ebalako. Eta zerua zabaldu egin zala dinosku ebanjelariak. Jazoera hau, asko eta askorentzat, Jainkozale diranentzat, garrantzi handikoa da, eta pozgarria.
Asko dira bizi izateko Jainkoaren beharrik ez daukenak. Nabarmen dogu hau egunotan. Baina asko gara baita Jainkoaren beharra daukagunak. Eta haregazko hartu-emonak zuzenak eta ziurrak doguzala jakiteak (hau Jesusi esker) poztu egiten gaitu, ziurtasuna emoten deusku eta norabidea ezarten dau gure bizitzan.
Gure herriak bizi dauan zatiketa giroan, sinisgabetasunean, pandemiaren bildurrean eta beste arazo batzuen artean, merezi dau sinistun izateak? Merezi dau uste on osoa (konfiantzea) Jainkoagan jarteak?
Nik baietz esango neuke. Jainkoaganako gure ustea Jesusena langoa izan ezkero. Harena sinismen sendoa zan; ez zan gelditzen Jainkoari laguntza eskatze hutsean; Jainkoaren esanetara jartea zan, bere bizitza besteen zerbitzuan eskeiniz. Aldea makala! Bide horretatik bai izan geintekezala parkatzaile, bake-egile, alkarrizketearen bultzatzaile, behartsuekaz bat egitekoak, izadia errespetatzen dakienak, eta abar.
Jesusengan ikusten dogu sinismena gauza serioa dala: goitik behera hartzen dauala. Barruan daroagun Jainkotasuna, Jesusek Joanen bateoan aurkitu eban lez aurkitu geike geuk ere, geu ere Jainkoaren seme-alaba gara-ta.