HOMILIA
Senideok: bateoaz dihardugu. Zer eragin izan dau gure bizitzan Bateoak? Izan daigun autortzeko adorea: hain gitxi edo ezer ere ez... Zenbat ez ete dira bateatzen bateatu behar dalako...
Gaurko Liturgian gure bateoa berreskuratzeko urteoroko aukera barri bat emoten jaku. Baina, aurten ere, lo-zorroan ez ete gaitu aurkituko? Aurtengo gure kantua ere ez ete da izango hori gazteei; gu zaharrak gara oraingoz; gureak egin dau...? Horrexek galtzen gaitu, senideok: itxaropenik ezak; horrexek eragiten dau gure bateoaren antzukeria...
Goazen lehenengo irakurgaira: Jainkoaren Zerbitzariagaz dihardugu. Beraz edonor izan eitekean Jainkoaren zerbitzari hori, baina kristau tradizinoak Jesus Nazaretarra ikusten dau aitatuta iragarki honetan. Zerbitzari honexengan jarten dau Jainkoak bere Espiritua, Lukasen ebanjelioan ikusi dogun lez. Pedrok, bere hitzaldian, Jainkoak gizakien artean ez dauala bereizkeriarik egiten esan deusku, zuzen dabilana onartzen dauala edozein herritakoa izan arren. Hau ez da, senideok, inori kalterik egin barik bizi izatea. Ez da gitxi. Baina Jainkoak berak dauka lehentasuna, eta bere Espirituaz zuzendu gura dauz gizakiak. Hauxe da zuzen ibiltea: Jainkoaren nahia norbere bizitzan gauzatzea, Espirituaren eraginez, ez geure ahaleginen porazuz.
Jainkoak aukeratuak eta bere ezaugarriaz (Espirituaz) ezaugarrituak (markatuak) zuzenbidea ekarri behar deutse atzerriei. Hauxe Jainkoak bere morroiari emoten deutson eginkizuna. Bateoa, ba, senideok, Espirituaz markatzea, ez dator huts-hutsean; ez da neuk eskatzen dodalako emoten jatana, edo emon behar jatana; eginkizun berarizko bategaz dator. Ez hori bakarrik: eginkizun hori zelan garatuko dauan ere esaten jako: Ez da deadarka ibiliko, ez dau oihuka berba egingo, ez dau entzunazoko kaleetan bere berbea, kainabera arrakaldua ez dau hausiko...
Senideok: gure artean, eta Bakearen izenean, edo Jainkoaren izenean, zarata larregi eta berba ozenegi ez ete dan egiten... Jainkoak dinoskuna ez dala ezertarako, horrela ezin daitekela jokatu, ezer lortu gura badogu, argi baino argiago ez ete daukagu? Gure legea neu nausi edo musturrak hausi ez ete da? Zuk indarra badaukazu, nik indar handiagoa behar dot zu menpean hartzeko. Eta konbentziduta gagoz horrelaxe izan behar dauala; geuk guzurtatzen dogu Jainkoak guretzat gura dauana. Eta Jainkoa geure eretzietara erakarri gura dogu gainera. Bai buru-gogorrak garala!
Izan gara bateatuak; baina geuretu ete dogu bateoaren esangurea? Eta, senideok, ezin babestu geike geure burua, abadeok zaree txarrenak esanez. Horrela ez deutsagu alkarri lagun egiten, ez eta egoerea hobetzen ere. Gure sinismenaren zintzotasuna ez da geratzen inori kalterik ez egitean. Jainkoak hori baino gehiago eskatzen deusku... Zuk ezin badozu emon, ez arduratu: lagundu beste bati, berak emon ahal izan daian; ez oztopoak jarri, harek ere emon ez daian... Hauxe da alkarregaz jokatzea.
30 urte behar izan eban Jesusek bere bizitzan argibide bat aurkitzeko. Bila ibiliko zan. Jainkoak berataz zer gura eban behin eta barriro galdetuko eutson bere buruari. Eta, hara! Joan Bateatzaileagana pekatarien artean (baina bihozbarritu gura eben pekarien artean) hurreratuz zabaltzen jako zerua. Hau zoriona!
Bai? Ala oraintxe hasiko dira arazoak, ordura arte eroso bizi izan dan Jesusen bizitzan? Hemendik aurrera oztopoak baino ez dauz aurkituko. Horrexek esan gura deusku Jainkoaren esanetara ez dogula jarri gura; bera geure esanetara jarri gura dogula baino. Baina, merezi dauala-ta, ez dau atzerarik egingo: Aurkitu dau bere bizitzarako ipar orratza. Eta guk? Nahikoa dogu besteekaitik errezatzeaz?
Gu, senideok, zelan bizi gara? Jainkoak bere aukeratuengandik itxaroten dauan lez? Ala, onenean, minimoetan, edo handik behera, lotsaz, bildurrez eta ez-jakinean? Aldiak aldatu egin dira, eta aldi barriei era barrian erantzun behar jake. Ezin esan geike Jainkoagaz zintzo jokatu gura badogu behintzat, gureak egin dauala eta orain gazteek ekin behar deutsoela. Gazteek ezin deutsoe ekin guk huts egin badeutsegu; eta gazteak ez doguz gertatu aldi barrioi erantzuteko (ez gurasoek euren seme-alabak, ez abadeok eliztarrak). Baietz esango dogu, baina, badino besterik egunotan nabarmentzen danak. Itxaropenez jokatu gura badogu, inori errurik bota barik eta inor txarragotzat salatu barik, geure bateoaren esangurea landuko bagendu, zer? Elizara kunplitzen edo hilekaitik otoitz egiten barik, alkarregaz egoten ikasten bagentoz, Jainko esperientzia egiten...? Kanpoan gure erantzunak mormoxetak izan beharrekoan, laguntza, isileko eta apaltasunezko laguntza izango litzateke; inor ez molestatzearren norberetxoan gelditzetik urten, eta beste batzuekaz egoten, Jainko esperientzia egiten ikasiko geuke. Honek ez dau esan gura danen alde errezatzea; badakit hori eta gehiago ere egiten dozuena, Jesusek 30 urtegaz egin ebana egitea baino, guk urte gehitxoago euki arren: geure anonimatutik urten, damu-bateoa hartu eta Espirituaren indarra hartzeko bidean jarri.
Adi, ba, hitzaren ospakizun berezira, edo otoitz berezira, edo elizkizun berezira, edo nagusien katekesira dei egiten danean. Gura izango ete dozue? Zenbatek? Horixe eskatuko bagendu zintzotasunez, gure Bateoa berreskuratze bidean ez ete ginateke jarriko?