GORPUZTI (Kristoren Gorputz-Odol sakratuak)
HOMILIA
Senideok: Gorpuzti eguna ospatzen dihardugu. Zelan, baina? Zer da gaur lehen hain handi eta eder izan dan egun hau? Zertan geratu dira lehen egiten genduzan egun honetako agerpenak, ibilteunak (edo prozesinoak) eta jaiak? Gordin-gordin esango deutsuet, senideok: Hosti santua madarikatzean; horretantxe geratu dira lehengo, gure txikitako, ospe guztiak. Ageri baten gehienbat. Negargarria izango litzateke hori baino ez balego gaur egun. Baina ezin ukatu geike hori ageri-agerikoa danik, hortxe dagoz-eta.
Badirudi gurasoengandik hartu doguzan ohitura, oneraspen, jainko-zaletasun, eleizbide eta lotseak, edo txiki egiten gaituela gaurko munduaren aurrean, edo menperatu, edo ez dauala gure egunotarako zentzurik, eta baztertu, ostikopetu eta madarikatu egiten dogula.
Askeagoak, gaurkoagoak eta alkarregaz senideagoak egiten ete gaitu, ba, jokabide honek? Argi dago ezetz. Baina, orduan, zergaitik madarikatzen dogu gurasoengandik hartutako altxor hau? Zelan erabili ez dakigulako, behar bada; "libro de instrucciones" dalako barik eskuratu izan dogulako, behar bada. Geuretu barik, inguruko gauza lez, izan dogulako, behar bada. Eta ingurua aldatu danean, galdu egin da harek eusten izan dauan guztia. Eta gu, alde horretatik, biloisik gelditu gara.
Beste batzuk ez, horraitino! Beste batzuk gogor eusten deutsoe Eukaristiari, batez ere oneraspen (edo debozino) mailan. Baina, ete da hori ere, gero, bidezko jokabide? Jokabide honek, senideok, ez garoaz alkartzera, neurea neuretzat gordetera baino. Eta ez da hori Jesusek bere ikasleentzat ogi bihurtzean gura izan ebana. Eta hauxe da gaurko Liturgiak irakasten deuskuna, eta Caritasen bidez gauzatu gura doguna.
Senideok, Jainkoak mahai baten inguruan gura dauz bere seme-alaba guztiak: alkarren arduraz, batez ere behartsuenenaz, bizi izan daitezala, eta euren artean aberastasunak banantzen jakin daiela.
Horretarako, senideok, Jainkoari eskatzen eta Eukaristian haren indarra hartzen ahalegindu beharrean, Jainkoari entzuten, eta entzuna gauzatzen, ikasi behar izango geuke.
Liturgiako irakurgaiek hurreratu gaitue honen esangurara, senideok: ogiaren eskeintza antxinakoa zan, ez da Jesusek sortutakoa, aldi guztien aurretikoa bera izan arren. Gurasoengandik hartutako ezaugarria zala esan daikegu, ba. Eta horixe berori esan deusku san Paulok ere: hauxe hartu dot nire aurretikoengandik: "Jesusek hil bezperan, bere ikasleekin mahaian egoala..."
Baina zer gertatzen da, senideok? "Zeuek emoiezue jaten..." Jesusek ikasleei dinotsenean, honeek ez dakiela zer egin, eta euren ezina besterik ez dabela agertzen. Eskerrak Jesusen esanetara jarten dirana. Hauxe da guk ikasi behar izango geukena, senideok: Jesusen esanetara jartea. Orduan, gitxi daukagula uste izan arren, bakotxak beretzat egiten ahalegindu beharrean, danentzako lain izango dogula uste izanik, banantzen ahaleginduko ginateke.
Hauxe da Caritasen irakatsia, Eukaristiarena, Jesusen inguruan mahai beratan jesarten garenona. Izan daigun gogoan hau debozino guztien gainetik, eta batez ere gurasoengandik hartutako altxorra baztertze eta ostikotze jokeren gainetik.
Kristo gure Jaunaren Gorputz-Odolak
HOMILIA
Senideok: lotsatuta eta minduta hitz egiten deutsuet gaur, Jesus Jaunaren Gorputz-Odolen jaia ospatzen dogun egun honetan. Eukaristiaren eguna dogu. Meza santuaren eguna dala esan geike.
Zergaitik lotsatuta eta minduta? Ezer gitxi egin daikedalako gure egoera triste eta gatz bako hau aldatzeko edo berbideratzeko.
Azalean gelditu gara, eta sakonera joatea eskatzen jakun honetan gure azalkeriak galazo egiten deusku urrats hori emoten
Meza guztietan esaten dot —eta entzuten deustazue, senideok— «hau neure gorputza da» eta «hau neure odola da», Jesus Jaunaren berbak gogoratuz. Baina zer ulertzen eta sentitzen dogu berbok esatean edo entzutean?
Azalean gelditu garala uste dot. Eta gurtza-orduak, prozesinoak, palioak, urrezko kaliza eta patenak eta kustodiak egin doguz, eta katedralak eraiki eta ohikune ederrak eta aberatsak guzti horren apainduria…, eta gure artean asko dago komulgatzen ausartzen ez dana, edo, kontsumo bizikereak itsututa, gosez dagoana edo esplotatua dana edo baztertua dana ikusten ez dauana…
Jesusek ogia eta ardaua jateko eta edateko agindu deusku? Eta guk holantxe uste dogu oraindino! Baina nire gorputza eta nire odola esatean, Jesusek neu naz esaten eban. Ogia eta ardaua ezaugarri dira, eta ez guk jan-edan beharreko materia. Ogian, ardauan, Jesus berbera hartzen dogu, sinismenean. Horrek Jesusegaz bat egitera garoaz, eta haren bizitza gure eguneroko bizitza bihurtzera.
Baina guk debozino gauza bihurtu dogu, eta apur bat hobeak izatea baino ez dogu bilatzen; edo egiten doguna Jainkoak sarituko deuskula uste izaten.
Bitartean hortxe daukaguz zuzengabekeriak, esplotazinoa, kontsumo hiltzailea, Izadi zigortua, alkarren arteko diferentzia izugarriak… Jesusek ez ebazan holangoak inondik-inora jasaten; salatu egiten ebazan, eta pobrearen eta pekatariaren eta emakume esplotatuaren ondoan egoan… Eta ni?
Hiru ordu laureneko eleizkizun bat ezin sufritu geike… Onak gagoz hemendik urten eta, behar dan lekuan, justiziaren aldeko eta aitatutako beste «-keria» guztien aurkako agerraldi bat egiteko! Onak gagoz! Ez dozue uste? Jesusen Azken Afariko mahaian emakumeak ere baegozala onartzeko; emakumeak eta gaur egun baztertuak dagozanak mahai inguruan edo mahai-buru ikusteko... Onak gagoz!
Ez ete doguz gauzak aldatu behar, eta baita gure ahotsa behar dan lekuan ozenki iragarri behar?
Salatu beharrekoak dira gerrak, Uranioaren edo Koltanaren esplotazino lotsagarria, umeen edo emakumeen sexurako erabiltea, edo beste herrialde batzuen lepo bizi izatea, eta gurera letorkezan handikoei ateak iztea, bidean hilten edo itsasoan itoten diran bitartean…
Geure artean da gosea, biziezina eta zuzengabekeria… eta zer egingo dogu, ba baino ez dogu esaten.
Eskerrak badagoan bere lana egiten dauanik eta Jesusen bihotz urratu eta maitalea agertzen deutsenik. Eskerrak Caritas hortxe dagoan, hainbat arazo artean bada ere… Baina boluntarioak behar dauz, geure laguntza…
Baina hori baino gehiago behar dau bere bizia geure bizi izateko emon dauan Jesusek. Eta honek bakotxaren ahalegina, barrura begiratzea, otoitza eta bizikeraz aldatzea eskatzen dauz…, azalean ez gelditzea.
Guzti hau geuretu daigun komulgatzean (Jaunartzean) edo Gure Jauna gurtzean.