Urtean Zehar: 2. Domekea

URTEAN ZEHARREKO II. DOMEKEA (C)

HOMILIA

 

Senideok: izango litzateke trena tren, trenbide barik? Zelangoa, baina? Eta automobila automobil, bolante barik? Edo itsasontzia itsasontzi, lema barik? Zelangoak, baina? Eta ibaia ibai, ubide barik? Izan ete daiteke gizakia gizaki, Jainko barik? Zelangoa, baina?

Sinismena, edo jainkozaletasuna krisian dagoala dinogu. Baina ze sinismen edo ze jainko irudi? Ez ete dogu gizakiok, eta batez ere elizgizon eta etxe gurasook, geure komenentziako jainko irudi bat emon? Eta ez ete dago irudi horixe, baina ez Jainkoa bera,  kinka larri edo krisian?

Zer gara gu, gizakiok, Jainko barik? Gu garan musika partitura hau beste nork interpretatu ahal izango dau bere egile dan Jainkoak baino hobeto? Uste al dogu soinu ederragoa eta erakargarriagoa atara leiola beste artistaren batek? Arinkerietan dabilanak, behar bada, beste edozein maisuren eskuetan ere halamoduko soinua atarako leuke; baina, bere aberastasun guztiak azalera atara gura dauanak, bere onurea edo ontasunak besteen aberasgarri izan daitezan, honek benetako maisu artista behar izango dau izan.

Jo daigun eguneko irakurgaietara hori ulertzeko edo geuretzeko. Pozgarriak eta lirainak ere bai lehenengo irakurgaian Isaias profetearen ahotik entzundako berbak: «...ez naz isilduko, Jerusalenen maitez ez naz geldi egongo, harik eta Haren zuzentasuna distira lez argituko dan arte». Jainkoa ez dago lo edo geldi, edo gutaz ahaztuta. Geuk urten dogu ubidetik, edo trenbidetik, edo bota doguz bazterrera bolantea, edo lemea..., askeagoak edo geuagoak izango garalakoan. Baina ikusten dogu, geure burua zenbat eta gehiago bilatzen dogun, eta hurko laguna ahazten, hainbat eta basatiagoak egiten garala; neu nausi edo musturrak hausi legepean jausten garala.

Jainkoak bere Espirituaz aparteko dohai eta ahalmenez jantzi gaitula esan deusku Paulok, eta dohaiok alkarren onerako dirala; baina zein gatx egiten jakun hori gauzatzea! Apaltasun handia behar da ezelango ordainik ez eskatzeko, edo, esker onik ere hartu ez-eta, horretantxe jarraitzeko... Zer ete da lore eder usaintsua, nork ikusi-usaindu eta mirestu leikeanik ez balego? Zer ete litzateke amaren bihotza eta emongurea nork hartu ez balego? Hobe ete leuke amak beretzat gordetea bere onurea, edo lore ederrak bere kolore-usain miresgarriak, eskertuak ez diralako?

Horra hor Itun Zaharreko eta Itun Barriko Jainkoaren aldea. Itun Zaharrekoa Sortzailea eta Salbatzailea zan. Itun Barrikoa hori ere bada, baina Jesusek Jainkoaren bihotza azpimarratzen dau, haren errukia (erraiak) eta haren maitasuna; gizaki guztiok beragazko hartu-emon gozoetara deitzen gaituan Aita/Ama.

Lehengo irudietan eta handik urten gura ez-eta bagagoz, ezin ulertu ahal izango dogu hau. Eta zenbatek gura dauan jarraitu ondo ezagutzen dauzan irudiotan! Baina Jesusek ezkontzako jainko poztasunera deitzen deusku; baztartu daiguzala orain arteko errezu, praktika, jainko bildur eta zeru ordain edo irabazte meritu harrizko ontzi hutsak, eta sartu gaitezela ebanjelioa, Barri Ona, dan ardao barri gozo apartsua dastatzera. Zerua irabazte ahaleginetatik urten, eta Aita/Ama dogun Jainko bihotzaz gozamen izan daigula.

Zenbat aldakuntza eskatzen dauzan honek!: gure ulerkeretan, otoitz moldeetan eta usteetan. Bildur ete gara behar doguzan aldakuntzak egiteko? «Ez da hori, ez dakigula baino!» Eta, hori dala-ta, lehengoan jarraituko dogu? Horra hor zer eskatu behar dogun: Katekesia, Hitzaren azalpen eta Ospakizunak, hezkuntza, alkarregaz egotea...

Bilatu daigun horixe, senideok. Hau da: jarri daigun geure ura (gogoa, ahalegina, ahalmenak...), Jesusek Itun Barriko ardao gozo bihurtuko deusku-ta; ez daigun gorde galduko dogunaren bildurrez, galduta dago-ta.